Itzuli orri osora

Pariseko Unibertsitatean

Xabier Parisera urriaren hasieran iritsi zen, ikastaroa hasita zegoela, eta Sainte-Barbe Kolegioan ostatatu zen filosofia ikasteko.

Etxe hartan, eskola-ordutan nahiz hauetatik kanpo latina erabili behar zen. Ikasketak egiteko, beharrezkoa zen latinaren gaitasun-agiria lortzea, azterketa zorrotz bat gainditu ondoren. Xabierrek Parisen eman zuen lehen urtea azterketarako prestatzen jardun behar izan zuen. 1526an hasi zen filosofia ikasten eta lizentziatura 1530eko martxoan erdietsi zuen. Horrela, fakultateko kide bihurtu zen eta 1530eko urritik 1534ko udaberria arte filosofia-irakasle izan zen Pariseko Beauvais Kolegioan. Ez zuen, ordea, betiko Parisen irakasle geratzeko asmorik. Ostera, doktoregoa lortu, apaiztu eta eliz erakunderen batean postu on bat lortzea, esate baterako Iruñeko kalonje izatea, zen bere helburua.

Horrelako kargu bat lortzeko abantaila zenez nobleziako kide izatea, Xabierrek Parisetik gutun bat bidali zuen Nafarroako Kontseilura noblezia-ziurtagiria eskatuz.