Itzuli orri osora

Euskal Herriarekin loturak zituen enperatriza

María Eugenia de Montijo, Guzmán y Portocarrero, Napoleon III.aren emazteak zituen noblezia-titulu askoren artean, Bizkaiko Arteagako oinordeko, Arteagako dorretxeko Fortun, Antso, Martin Ruiz, Joannes eta Pedro Ganboa Arteagakoen biloba izatea ere bazuen. Bestalde, 1835ean, bederatzi urteko neskatila zela, bere ama Montijoko Kondesarekin denboraldi bat Biarritzen igaro zuen. Arrantzale-herri txiki hartan ederki ibili zen bere adineko beste haurrekin hondartzan jolasean. Oroitzapen hura gogoan zuela, bere senarrari Villa Eugénie jauregia eraikitzeko eskatuko zion eta hara etortzen ziren udaro. Frantziako enperatriz izanda gero Antonio Lopez de Calle eta Jose Salvador Lekerika izendatu zituzten Frantziara joan zitezen enperadore-enperatrizei beren bizkaitartasuna aitortzen zuen mezu bat eramatera. Napoleon III.ak eta emazteak Arteagako dorre zaharra ordezkatuko zuen gaztelu bat eraikitzea erabaki zuten eta bertara joatea ere bai, baina bidaia hau ez zuten inoiz egin.