Itzuli orri osora
Lauren Bacall, zinema beltzaren dama
vie, 28 ene 2011 17:30:00 +0100

Pantailaren bestaldetik erakusten zuen dotoreziari esker, Lauren Bacall joan den mendeko erdialdeko zinema beltzean aktore emakumezko garrantzitsuena izan zen. Bere edertasunak, ahots baxuak eta ikusleak txundituta uzten zituen begi ederrek ¿"begirada" ezizena ere jarri zioten- garaiko emakumeen eredu egin zuten. To have and have not filmean zioen "Behar banauzu, txistu egin" esaldia, zinemaren historiako aipu ahaztezinetako bat izatera pasa da.

Betty Joan Perske (hori da bere benetako izena) New Yorken jaio zen 1924ko irailaren 16an. Umetan dantza ikasi zuen eta 15 urte zituela, American Academy of Dramatic Arts-en antzezpen ikastaro bat egiten hasi zen. Akademiako gastuak ordaintzeko zinema bateko aretozaina izan zen eta, noizean behin, modelo lanak egiten zituen. Horrela, 17 urterekin Harper´s Bazar izeneko moda aldizkari famatuaren azalean agertu zen. Howard Hawks zinemako zuzendari eta produktorearen emazteak argazki horiek ikusi bezain laster, hurrengo filmerako neskatoari proba bat egiteko gomendatu zion senarrari. Zuzendariak hala egin zuen eta horren gustuko izan zuen, berarekin lan egiteko zazpi urteko kontratua eskaini ziola. Ondorioz, Bettyk bere amaren ezkongabeko izen-deiturak hartu zituen izen artistikotzat.

1944. urtea zen Lauren Bacallek Hawksen aginduetara lehen aldiz lan egin zuenean. To have and have not filmeko protagonista izan zen Humphrey Bogartekin batera. Kameretatik kanpo maitemindu egin ziren eta handik urtebete eskasera, ezkondu ziren. Adinean alde ederra bazuten ere, Bogard emaztea baino 20 urte zaharragoa zen, garaiko bikoterik egonkorrenetakoa osatzen zuten. Horrela, lehen luzemetraia haren arrakasta ikusita, gerora zinema beltzaren klasikoak izango ziren hainbat filmetan batera lan egiten jarraitu zuten: The Big Sep (1946), Dark Pasaje (1947) eta Key Largo (1948).

50. hamarkada Lauren Bacallen ibilbideko arrakastatsuena izan zen. Lanez betetako urteak izan ziren aktorearentzat; betiko generoaz gain, beste era bateko filmeak egiten ere saiatu zen. Esaterako, How to Marry a Millionaire (1953) eta Designing Woman (1957) komedietan parte hartu zuen; lehenengoan Marilyn Monroerekin lan egin zuen. Dramari ere heldu zion Written on the Wind (1956) famatuan. Horiez gain, Jean Negulesco eta Vicente Minelli zuzendariekin lan egin zuen Woman's World (1954) eta The Cobweb (1955) luzemetraietan.

1957an Humphrey Bogart hil egin zen minbiziak jota. Senarraren heriotzaren ondoren, Lauren Bacall pantaila handitik aldendu zen hainbat urtez eta antzerki lanak egiten aritu zen Broadwayn. 1959an Goodbye, Charley izeneko antzerki-lanean parte hartu zuen, 1965ean Cactus Floweren, 1970ean Applause obra antzeztu zuen eta 1981ean Woman of the Year. Taula gainean pasa zuen denborak onura dezente ekarri zion. Izan ere, aipatutako azken bi lanengatik Tony (antzerkiko Oscarrak) sari bi irabazi zituen.

Ia zortzi urte eman zituen kamera aurrean jarri gabe eta itzuli bazen ere, lanak bakantzen hasi zen. Izatez, ondorengo bi hamarkadetan film gutxi batzuetan baino ez zuen parte hartu. Horietako askotan, zinemako izar handiekin lan egiteko aukera izan zuen: esaterako, Henry Fonda, Tony Curtis eta Natalie Wood izan zituen lagun Sex and the Single Girlen (1964); Paul Newman eta Janet Leighekin agertu zen Harperen (1966) eta Ingrid Bergman, Albert Finney eta Sean Conneryrekin batera egin zuen Murder on the Orient Express (1974) film ospetsua. Era berean, gogoangarria da 1976an John Wayne aktore mitikoaren azken luzemetraian, The Shootist, Bacallek egindako lana. Urte batzuk geroago, James Garner protagonistatzat zuen The Fanen (1981) agertu zen. 90eko hamarkadari begira, Stephen King idazlearen beldurrezko nobela batean oinarritutako Misery filmean paper bat izan zuen eta Robert Altman zuzendariaren aginduetara egon zen modaren munduaren kritika egiten zuen Pret-a-porter luzemetraian.

1997an Oscar sarietarako hautagaien artean egon zen, hura izan zen aktorea izendatu zuten lehen aldia eta oraingoz, bakarra. Bigarren mailako aktore onenaren Oscar saria irabazteko hautatu zuten Lauren Bacall The Mirror Has Two Faces pelikulan egindako lanagatik. Barbra Streisandek zuzendu eta protagonizatzen zuen filmeari esker dagoeneko Urrezko Globo saria irabazi bazuen ere, urte hartan Oscarra ez zuen berak eskuratu.

1999an zinemako 25 emakumezko aktore esanguratsuenen artean sartu zuen American Film Institute erakundeak. Ordudanik, bere ibilbide luzeari gehitu behar zaizkion proiektu gehiagotan ikusi ahal izan dugu. 2003an Dogville filma egin zuen Nicole Kidmanekin eta The Limit Claire Forlani aktorearekin. 2004an Kidmanekin agertu zen berriz ere, oraingoan, Birth pelikulan. 2006ko apirilean The Sopranos telesaileko kapitulu batean agerpen txiki bat egin zuen.

Estatu Batuetako Zinema Akademiak, horrenbeste urtetan eskuratu ezinik ibili zen saria, Oscarra, ematea erabaki zuen; ibilbide osoan zinemaren alde egindako lanagatik ohorezko Oscar Saria emango zioten 2009an. Nolanahi ere, Lauren Bacall ez da oraindik erretiratun eta ez du ematen lan egiteari uzteko gogo handirik duenik.

(Argazkiak: IMDb)