Itzuli orri osora
Arcade Fire, XXI. mendeko lehen banda handia?
vie, 04 feb 2011 17:30:00 +0100

Biolontxeloak, biolinak, mandolinak, ukeleleak, akordeoiak, xilofonoak... Amaigabea da Arcade Fire banda kanadarrak kalitatezko rocka egiteko erabiltzen dituen instrumentuen zerrenda. Indie rock eta art rock estiloetan murgiltzen den euren soinua da, askoren ustetan, milurteko berriak orain arte utzi duen musika ekarpen handienetako bat. Aniztasun instrumental horrek, bandaren soinu potentearen berezitasunak eta zuzeneko ikusgarriek milioika pertsona liluratu dituzte mundu zabalean. Arcade Fire egungo panoramako banda independente garrantzitsuena da eta, etorkizunera begira, itxaropen gehien pizten dituena ere bai; are gehiago, oraingoz hiru disko baino ez dituzte, baina mende honetako lehen talde entzutetsuaren aurrean gaudela uste duenik badago.

Win Butler eta Régine Chassagne senar-emazteek sortu zuten banda 2002an, Montrealen (Kanada). Halere, egungo banda osatzen duten musikarien taldea 2003 urte amaieran eta 2004aren hasieran osatu zen; hain zuzen, Win Butler, Régine Chassagne, Richard Reed Parry, William Butler (Win Butlerren anaia), Tim Kingsbury, Sarah Neufeld eta Jeremy Gara musikariek osatzen dute gaur egun Arcade Fire.

Aniztasun instrumentalean (ukeleleak, xilofonoak, biolontxeloak, pioanoa, mandolinak, eta baita zarrabeteak ere) oinarritutako soinu bati helduta, bandak ez zuen denbora askorik behar izan industrian ospea lortzeko. 2003an aurkeztu zion Arcade Firek munduari lehenbizikoz bere indie rock espermientala, Arcade Fire izeneko EP baten kaleratzearekin; lana kontzertuean saldu ohi zuten.

Funeral, opera prima arrakastatsua

Bandaren benetako lurreratzea 2004an iritsi zen, estudioko lehen lana (Funeral) kaleratu zuenean. Hamar abestiz osatuta, bandaren opera prima laudorioz hartu zuten bai zaleek baita kritikak ere. Soinu hotz eta malenkoliatsu batekin, eta bizitza eta heriotzaren arteko harremana hizpide hartuta, Funeral diskoak arrakasta ikusgarria lortu zuen. 2005eko azarorako, milioi erdi kopiatik gora salduta zituzten mundu zabalean; emaitza bikainak, zinez, publizitaterik eta hedabideen bultzadarik ez zuen talde batentzat. Kanadako bandak nazioarte mailako hainbat sari lortu zituen eta 2005eko Grammy sarietarako izendapen bat ere izan zuen.

2007an, eta estreinako diskoarekin lortutako oihartzunaren ondoren, Arcade Firek estudioko bigarren lana kaleratu zuen: Neon Bible. Taldeak berak ekoiztuta eta hamaika abestiz osatuta, diskoak aurrerapauso berria ekarri zuen Arcade Fireren soinuan. Aurreko diskoan egin bezala, albuma grabatzeko erabili zituzten instrumentuen zerrenda luzea izan zen oso. Taldeak erosi eta zaharberritu berri zuen eliza batean grabatu zuten ia lan osoa eta, horri esker, soinu akustiko bikaina lortu zuten.

Funeralek muga oso goian jarri bazuen ere, Neon Bible lanarekin Arce Firek neurria eman zuen. Kritikak erantzun bikaina eman zion bigarren lan horri ere, eta Kanadako taldea musika panoramako izen handienetako batean bilakatu zen.

2010ean, Arcade Fireren hirugarren eta, oraingoz, azken lana iritsi zen. Merkaturatutako lehen astean, albuma AEBetako eta Erresuma Batuko disko salduenen zerrendetako lehen postuan sartu zen. Publikoaren babesa lortzeaz gain, kritikak eta industriak ere oso erantzun ona eman zioten diskoari; hala, The Suburbs lanak bi izendapen lortu zituen Grammy sarietan: Disko Alternatibo Onena eta Urteko Disko Onena sarietarako, hain zuzen.

The Suburbs lanarekin, Arcade Firek zerua jo zuen eta gaur egun den masa-fenomenoa bilakatu zen. Asko mende honetako lehen banda handiaren aurrean ote gauden galdetzen hasiak dira. Baliteke zuzen ibiltzea. Denborak baino ez dauka erantzuna.

(Argazkiak: Wikipedia)