Itzuli orri osora
13th Floor Elevators, psicodeliaren funtsezko taldea
vie, 24 ago 2007 18:28:00 +0200

Psikodelian erabat murgildu zen Texaseko (AEB) talde honen burua Roky Erickson izan zen. Azidoa gehiegi kontsumitzearen ondorioak nabariak ziren taldearen konposizioetan. Ericksonen ahots konpultsiboa eta Tommy Hallek jotzen zuen jug elektrikoaren soinu berezia izan ziren euren ezaugarri nagusiak eta musika psikodelikoaren historian funtsezko talde bihurtu ziren horiei esker.

1965ean Texasen (AEB) The Lingsmen izenarekin jaioak, drogen eraginak euren abestietan islatzen lehenetarikoak izan ziren. Taldeko kideak Max Rainey (ahotsa), Stacey Sutherland (gitarra), Benny Thurman (baxua) eta John Ike Walton (bateria) ziren; hala ere, handik hilabete gutxitara, Rainey abeslariak alde egin zuen.

Orduan, taldearen etorkizunerako paper oso garrantzitsua izan zuten musikari bi sartu ziren. Horietako bat Roky Erickson kantaria zen, The Spades bandako kide ohia, eta bestea Tommy Hall zen. Azken honek jug elektrikoa, loreontzi itxurako tresna bitxia, jotzen zuen eta taldearen soinua hain berezia izatearen "erruduna" izan zen. Hallen emazteak proposatuta, The Lingsmen izena aldatu eta 13th Floor Elevators izatera pasatu ziren.

The Spades taldean zegoela, "You're gonna miss me" abestia konposatu zuen Roky Ericksonek eta, 1966an, 13th Floor Elevatorsek horren bertsio berria egin zuen. Diskoetxe lokal batean grabatu zuten eta B aldean "Tried to hide" entzun zitekeen.

Ericksonek eta bere lankideek Texaseko hainbat eszenatokitan jo zuten, publikoaren aldetik harrera beroa jasota gainera. Horrek osperako ateak ireki zizkien eta, horrela, International Artists produkzio-etxeak kontratua eskaini zien. "You're gonna miss me"/"Tried to hide" singlea berriz editatu zuten bertan, eta salmenta zerrenden 55. postuan jarri ziren hari esker.

1966an, The Psychedelic Sounds of The 13th Floor Elevators, musika psikodelikoaren historian izan den disko esanguratsuenetakoa, merkaturatu zuten. Lehen singleaz gain, lan honetan kanta bikainak bildu zituzten, hala nola "Reverberation", "Splash 1", "Roller Coaster" eta "Fire Engine".

Taldeko kideek drogak kontsumitzen zituzten, gehienbat marihuana eta LSDa. Horren ondorioz, maiz atxilotu zituzten. Texasetik alde egin eta San Franciscora joan ziren, han askatasun handiagoa baitzuten. Kontzertu batzuk eman zituzten han, nahikoa arrakasta lortuta.

13th Floor Elevatorsen barnean zeuden arazo batzuen eraginez, Thurman baxu-jotzaileak taldea utzi zuen eta bere lekua Ronnie Leathermanek hartu zuen; geroago, Dan Galindo arduratu zen lau hariko instrumentuaz. Beste aldaketa bat ere izan zuen taldeak, izan ere, Waltonek bateria laga eta Danny Thomas sartu zen haren ordez.

Easter Everywhere (1967) izan zen euren bigarren disko handia. Besteak beste, "Slip inside this house", "She lives (in a time of her own)" eta "I've got levitation" kantak entzun zitezkeen bertan. Handik urtebetera, Texaseko taldearen diskoetxeak 13th Floor Elevators Live argitaratu zuen zuzeneko disko bezala; egia esan, ez zen zuzenean grabatutakoa, abestiei txaloak gehitu baitzizkioten.

1968. urtean, Bull of the woods azken LPa plazaratu zuten. Taldeko buruak, Roky Ericsonek, ez zuen asko parte hartu bertan. Handik gutxira, Erickson eta Sutherland atxilotu egin zituzten marihuana edukitzea leporatura, eta 13th Floor Elevators banandu egin zen. Martetarra zela esan zuen Ericksonek epaiketan eta, hori dela eta, eskizofrenia diagnostikatu zioten. Hiru urtez egon behar izan zuen ospitale psikiatriko batean.

Erickson ez zen inoiz gehiago izan ospitalean sartu aurreko pertsona. Psikiatrikotik irten ostean, 13th Floor Elevatorsak batu nahi izan zituen, baina ez zuen lortu. Bere ibilbidea beste talde batekin jarraitu zuen The Aliens izenekoekin, hain zuzen. Aurreko kideekin izandako arrakastarik ez zuen eskuratu ordea.

(Argazkien iturria: 1, 3 eta 5. http://elevators.blinkenlights.org. 2 eta 4. www.spacerockheaters.com)