Itzuli orri osora

Pisua eta masa

Gorputz baten masa kilogramotan neurtzen da, baina gorputz baten pisua newtonetan (N) edo kilogramo-indarretan neurtzen da. Gorputz baten pisua Lurrera erakartzen duen indarra da, eta masaren araberakoa da. Kilogramoa masari (eta ez pisuari) dagokion unitate bat da. Baina pisuak neurtzeko erabiltzen diren tresna askok (baskulak, adibidez), kilogramotan graduatzen dituzte beren eskalak, eta ez kilogramo-indarretan. Zergatik ez digu eragozpenik sortzen horrek? Kilogramo-indar bat kilogramo bateko masa duen gauza batek Lurreko azalean duen pisua delako. Ondorioz, 60 kilogramoko masa duen pertsona batek 60 kilogramo-indar pisatzen du Lurreko azalean. Hala ere, pertsona berak Ilargian 10 kilogramo-indar pisatuko luke bakarrik, baina bere masa 60 kilogramokoa izaten jarraituko luke.