Itzuli orri osora

Lazaristak

San Bizente Paul-ekoak 1625ean sortutako Misioko Apaizen Kongregazioko kideei esan ohi zaie lazaristak. Parisko San Lazaro prioretxean egoitza nagusia izan zutelako esaten zaie horrela.

San Bizente Paul-ekoa (1580-1660) Akize ondoko Pouy-koa zen. Akizen eta Okzitaniako Tolosan ikasi ondoren 1600ean apaiztu zen. Marseillara egin zuen bidaia batean pirata turkiar batzuek bahitu zuten eta Tunisian saldu esklabo gisa. Bere jabeak kristautu ondoren 1607an aske geratu zen. Frantziara itzuli eta apaiz egon zen Parisetik gertu. 1625ean lazaristen kongregazioa sortu zuen. Hau lehenbizi Frantzian hedatu zen eta gero Italian, Tunisian, Aljerian, Irlandan, Madagaskar-en eta Polonian. Jesusen Lagundiaren arauak hartu zituzten eredutzat eurenak egiteko. 1783an jesulagunak ordezkatu zituzten Txinan.