Itzuli orri osora

Santa Maria de los Reyes eliza

FITXA

Izena: Santa Maria de los Reyes eliza

Herria: Biasteri

Helbidea: Kale Nagusia, z/g

Auzotegi: Herrigunea

Eskualde: Arabako Errioxa

Herrialde: Araba

Tipologia Orokorra: Eliza

Mendea: XIV

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Beste Mendeak: XII, XIII, XVI, XVII, XVIII

Estiloa: Gotikoa

Beste Estiloak: Erromanikoa, Errenazentista, Barrokoa

Balioa: Oso ona.

Kontsebazioa: Ona zenbait gunetan. Zaharberrituta.

Jabetasun: Ondare Erlijiosoa

Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa

Akatsak: Akats txikiak hormetako zenbait gunetan. Akats txikiak zenbait elementu apaingarritan.

Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa

Deskripzioa eta oharrak:

Herrian iparraldean dago Santa Maria de los Reyes parrokia eta alde horretatik itxita uzten du kale nagusia. Horren egituraketak eta San Joan elizarenak herriarena markatu zuten, gotorleku bihurtuz. Herriko ardatz axiala bi elizen artean dagoen kale nagusia da.

Eraikuntzari dagokionez, aldi desberdinetan eraikia da: erromanikoa da kanpotik iparraldean, gotikoranzkoa koruaren atzealdeko horman, gotikoa atzeko aldean, gangetan eta arkupean, eta errenazentista aitzinaldean.

Hiru habeartez eta hiru atalez osatutako oinplano angeluzuzena du elizak, eta lehenbiziko atalean kaperak daude, eta horrela atala gurutzadura bilakatzen da; abside poligonaleko burualdea du kanpoaldean, eta zirkuluerdi formakoa barrualdean. Azpimarragarri da gurutzaduraren erdialdea: ganga trapezoidala du motibo geometrikoekin apainduta. Erdian Aita Betierekoaren erliebea dago eta alboetan lau ebanjelariak.

Oinaren gainean dago korua, eta gotikoa da ezkerraldean eta atzeko atal erdikoan; koruaren aurreko aldeak, aldiz, estalki ganga izartua du estalkitzat, eta geroago egina da.

Sakristia lauki formakoa da, baina laranjaerdiz estalia. Eskuineko aldean kokatuta dago eta aldare nagusiarekin komunikatuta.

Kanpoaldean arkutxo zirkuluerdikoak eta zorrotzak ikusten dira. Barruan oraindik badira erromanikotik gotikoranzko trantsizioaren lekuko diren aztarna batzuk koruko atzeko hormari atxikita dauden zutabetxoetan, eta arku bikoitz zorrotzeko leihate bat ere badago, baita koruko eskailera gainean okulu bat ere. Aipagarriak dira elizaren atzeko aldean dauden bi arkuak: bata korupean dago eta besteak bataiarriari babesa ematen dio. Hegoaldeko portadaren gaineko leihatea ere ederra da, baita sartaldean dagoen ate itsua ere.

Hegoaldeko arkupetik sartzen da elizan; mendebaldean horma batean bada beste sarbide bat ere, baina itxita dago.

Elizako zatirik ederrena portada da; gotikoa da eta polikromatuta dago, geroago pintatu bazen ere. Arkupeak hartzen duen espazio lauangeluarrak babesten du portada. Arkupeak gurutze ganga erretikulatua du eta arku handi bat zorrotza eta txaranbeldua; sarbidea arku bikoitzean dago eratua eta arkua apaldua eta trilobulatua da, eta erdiko mainelak bi zatitan bereizten du; mainelean Ama Birjinaren irudi bat ageri da. Gainean tinpano bat dago eta honen hiru ataletan Ama Birjinaren bizitza, heriotza eta koroatzeari buruzko irudiak ageri dira. Alboko janbetan idulki ongi apainduetan apostoluak ageri dira, eta alboetan Biasteri eta Nafarroako armarriak. Bost arkibolta ditu eta bostak baketoiek bereizten dituzte, eta batean eta bestean landare irudiak ikusten dira.

Ipar-mendebaldean abade dorre bat dago behiala eginkizun defentsiboa izan eta gero kanpandorre bihurtu zena.

Barruan erretaula bat baino gehiago ikus daiteke: erretaula nagusia, XVII. mende hasieran Bazkardok egina. Gurutzaduran, alboetan, erretaula barrokoak: eskuinekoan San Pedro, San Pablo eta San Andresen irudiak daude, eta ezkerrekoan, behean, hiru goiaingeru eta goian San Migel.

Beste erretaula batzuk: barrokoa bat, Ama Birjina Sortzez Garbiarena, beste bat Ama Birjina Karmengoarena, Arimena, San Martinena; beste irudi batzuk ere badira, baina erretaularik gabe. Ikustekoak dira pulpitua, harrizko oinarriarekin, eta bataiarria, bata zein bestea XVI. mendekoak. Baita koruan dagoen zurezko balkoi barrokoa ere.