Itzuli orri osora

Bidaurretako Monasterioa

FITXA

Izena: Bidaurretako Monasterioa

Herria: Oñati

Helbidea: Lazarraga Kalea,10-12

Auzotegi: Erdigune Historikoa

Eskualde: Debagoiena

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Abadia

Tipologia Zehatza: Erlijiosoa

Mendea: XVI

hiribildua.Época: Aro Berria

Estiloa: Gotikoa

Beste Estiloak: Errenazentista

Balioa: Nabarmena.

Kontsebazioa: Ona oro har.

Jabetasun: Ondare Erlijiosoa

Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa

Eraikintza Data: 1510

Akatsak: Oso Hondatua

Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa

Deskripzioa eta oharrak:

Juan Lopez Lazarraga, Errege-erregina Katolikoen Kontulari Nagusiaren aginduz jaso zen monasterioa, berari eta bere andre Juana Ganboari hil eta gero bertan lur eman ziezaieten. 1510ean hasi ziren eraikitzen, etxeko lurretan, Oñatiko Kondeak ez baitzion San Migel elizan hilobia egiten utzi.

Eraikin apaindura gutxikoa da, landugabeko harriz egina, eta patioa eta kalostrape, biak ditu, eta azken horren inguruan aurkitzen da bizitetxea, bere gela, areto eta zera guztiekin; eliza iparraldean dago.

Apaindura urriko eraikin soila da, oinplano angeluzuzena du, eta kaperak kontrahormen artean daude. Kanpoaldetik ageri den dekorazio bakarra erlaitza da, bola zerrenda bikoitzarekin, eta dekorazio horrek komentuan du jarraipena. Dekorazio mota hori zen Errege-erregina Katolikoen garaian ohikoa. Monarka horien armarri batek, oso ongi landuta, frantziskotarren armarria inguratzen du, eta bi aingeruk eusten diote guztiari.

Portada nagusia iparraldeko horman dago eta estilo gotikotik errenazentistarako bilakaera erakusten du. Hiru arku karpanelek inguratzen dute sarbidea arkiboltekin, eta ate gainean bi arkuk tinpanoa eratzen dute; bertan daude Aita Betierekoaren, Santa Klararen eta San Frantziskoren eskulturak, azkeneko hori otoitz egiteko eran. Ate alboetan San Pedroren eta San Pabloren irudiak ageri dira, biak zurrun samar. Lazarragaren eta Ganboaren armarriak ere agerian daude. Sarbide nagusiko atea ateburuduna da. Fatxadaren gainean kanpai horma dago, hiru gorputz mailakaturekin.

Barrena estilo gotikoan egina da, oinplanoa gurutze latindarra da, eta habearte bakarra du lau ataletan zatitua. Goian, arku konopial handi baten gainean dago korua. Estalkia gurutze ganga sotilekoa da, nerbio diagonalez eta tertzeletez hornitua. Errege-erregina Katolikoen eta Ordenaren armarriak ageri dira erdiko habearteko giltzarrietan, eta bi fundatzaileenak kaperetan.

Zurezkoa da zorua eta hortxe daude Komunitatekoen hilobiak. Fundatzaileen hilobiak arrunt itxura sotila du eta harlauza handi bat dauka gainean, fundatzaileen armekin dekoratuta. Bertan orain dagoen erretaula Medina de Pomar hirian egina da estilo barroko jorian, zurezkoa, urreztatu gabea.

Patio baten inguruan taxututa dago monasterioa. Bi solairu dauzka: behekoa arkupeduna da ateburuekin, eta goikoak, zutabeetan finkatuta, zirkuluerdiko arkuak dauzka. Goiko horretan adreilua eta zurajea dira nagusi, eta estilo mudejarraren eragina nabari da.