Itzuli orri osora

Artzain Onaren katedrala

FITXA

Izena: Artzain Onaren katedrala

Herria: Donostia

Helbidea: Artzain onaren plaza,z/g

Auzotegi: Kortazar zabalgunea

Eskualde: Donostia-Beterri

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Katedrala

Tipologia Zehatza: Arkitektura Erlijiosoa

Mendea: XIX

hiribildua.Época: Orainaldiko Aroa

Beste Mendeak: XX

Estiloa: Historizista

Balioa: Oso ona.

Kontsebazioa: Ona oro har. Zenbait gunetan eskasa.

Jabetasun: Ondare Erlijiosoa

Jatorrizko Erabilketa: Bizitetxea. Erlijiosoa

Eraikintza Data: 1897

Akatsak: Akats txikiak hormetako zenbait gunetan.

Gaur Egungo Erabilketa: Bizitetxea. Erlijiosoa

Autorea: Manuel Etxabe

Deskripzioa eta oharrak:

Donostian, hiriaren erdialdean aurkitzen da Artzain Onaren katedrala, izen bereko plazan. Harmailen gainean dago eraikita, eta horrek areagotu egiten du eraikinaren bertikaltasuna.

XVI. mendearen erdialdera bi parrokia ziren hirian: Santa Maria eta San Bizente, eta horiez gainera beste bi eliza: Santiago Podavines eta San Martin. Auzoari elizarenetik datorkio izena. 1885. urtean San Martin bota egin zuten. Inguru horretan, orduan, Zabalgunea egiten hasi ziren. Auzokoek, eliza baten premian zirenez, bertan egiteko eskatu zuten. Orduan, eliza berria jasotzeko prest bazeuden ere, kokaguneari buruz iskanbila handiak sortu ziren auzokoen eta udaletxekoen artean. Azkenean, 1885ean, behin-behineko, elizatxo bat eraiki zen San Martinen, Urbieta kale aldera. Jesusen Bihotzaren parrokia zuen izena, baina txikiegia zen inguruan bizi zen kristau multzo handiaren premiei erantzuteko. Noizbait behar eta, halako batez, istilu berri batzuen ondotik, orain dagoen lekuan altxatzea erabaki zen. Proiektu-lehiaketa egin, Manuel Etxabek irabazi eta 1888ko irailaren 29an ezarri zen lehenbiziko harria errege-erreginak bertan zirela.

Eliza eraikitzeko lur eremua, basituta zegoen eta, orubean zimentarriak sendo egiteko, behin eta berriro drenatu behar izan zuten. Dena batera altxatu zen, launakako ilaretan. Jatorrizko proiektuan hobekuntza garrantzizkoak egin ziren eliz atarian eta egoitzetan, sarbideetan... 1897ko uztailaren 30ean sagaratu zen eliza, artean kanpandorrea erdi eginik zegoenean, eta 1949an izendatu zuten katedral burualdean berrikuntza batzuk egin ondoren.

Katedrala jasotzen espezialista askok hartu zuen parte: lanen maisua Jose Bizente Mendia izan zen eta hargin maisua Agustin Zumalabe; kapitel, leihate eta apaingarrietako harriak Julio Gargallok zizelkatu zituen, jatorrizko aldarea Manuel Etxabek berak egin zuen, oraingo aldarea eta ebanjelarien irudiak Jose Limonak, eta Ramon Kortazarrek bukatu zuen kanpandorrea.

Gurutze latindar formako oinplanoa du elizak, kanpandorrea eliz atari gainean dauka zentratuta, sakristia eta apaiz etxea burualdean, eta oinean dorrea sarbidearekin. Hiru habearte ditu, alboetakoak erdikoa baino apalagoak eta estuagoak, eta gurutze ganga bakunez estalita daude bost ataletan; gurutzadurakoa konplexuagoa da, tertzeletez apainduta dago eta. Gurutzaduratik burualderaino beste hiru atal daude. Gangako giltzarrietan landareak ageri dira zizelkatuta. Absidea oktogono formakoa da. Nerbioak eta arku fajoiak pilare sendoei atxikitako zutabe sorta finetan bermaturik daude. Kapitel hostodunak dituzte horiek. Gurutzaduraren alde banatan, bi kapera ageri dira.

Katedralak, atzean, goi koru bat du arku eskartzano baten gainean, eta bertan organo handi bat. Beheko koruan, alboetako habearteen gainean, zirkuluerdiko arkuak ageri dira.

Burualdea xumea da eta habeartean dauden bezalako beiratez hornitutako leihateen azpian dago. Nitxo zorrotz bat du marko baten barruan, Artzain Onaren irudi batekin.

Hiru sarbide ditu elizak, gurutzaduraren alde banatan bana, eta nagusia oinean, dorrepean.

Lauki formako oiplanoa du dorreak alde banatan ojiba arku estilizatu bana duela. Hortik dago sarrera arkupera. Gurutze konplexuzko ganga du arkupeak, ojiba zirkulu batean enmarkatuta tinpano itsuarekin. Arku guztiak zorrotzak dira eta gableteak dituzte pinakulu estilizatuz koroatuta, eta horrek guztiak areagotu egiten du bertikaltasuna. Angelu bakoitzean kontrahorma handi batzuk ageri dira, guztiak dorre txiki piramidal kalatuz errematatuta. Gorputz batean eta bestean arku txiki zorrotz eta trilobulatu itsu asko ageri da, eta horiek dira, pinakulu ugari eta oresteriekin batera, elementu apaingarri behinenak. Ezkilategiak errematatzen du dorrea eta den-dena sekzio oktogonaleko kupula zulotxodun batek koroatzen du; haize orratz metalezko batek ematen dio gaina.

Elizaren burualdeari erantsita daude apaiz etxea eta eliz egoitzak. Eliza egin ondokoak dira horiek eta jatorrizko arkitektura imitatzen saiatu arren, estilo arrazionalistagoz eginak dira.

Elizak, alboetan, kanpoaldetik kontrahorma handiak ditu pinakuluekin errematatuta; horietan arbotanteak daude tinkatuta erdiko habeartearen zama gainean dutela.

Barruan ikusten diren arku guztiak ojiba arkuak dira; erdiko habeartetik barrena, habearteak bata bestetik bereizten dituzten arku estilizatuen gainean, triforio itsu bat ageri da alderik alde. Triforioa ezin konta ahala arku txiki trilobulatuz eraturik dago, eta burualdean soilik ez da itsu: bertan, atal bakoitzean, ojiba leiho kareldun bikoitz bat dagokio, leiho trilobulatu bikoitz batekin. Triforioa baino goraxeago bi leiho zorrotz daude atal bakoitzean, eta leiho horietatik ere sartzen da argia barrura. Horien trazeriak leiho trilobulatu bikoitza marrazten du tartean arrosa leiho bat delarik. Leiho guztietan dira beirateak. Alboetako habearteetan, atal bakoitzean ojiba leiho bat dago, zeinaren trazeria hiru arku txiki trilobulatu estilizatuk eratzen duten.

Barruan, gurutzaduraren besoetan, arrosa leiho banaren azpian, Jesusen eta Mariaren Bihotzaren erretaulak nabarmentzen dira; burualdeko kaperetan Familia Santuaren eta Karmengo Ama Birjinaren bi erretaula gotiko eitekoak ikus daitezke. Gurutzaduran, idulki gainean, ebanjelariak sinbolizatzen dituzten irudi antropomorfoak daude zutik.

Igeldoko harlanduarekin egina dago eliza, gangak Ocio-ko (Burgos) tobarekin, eta Angers-eko arbelarekin. Barrua harlanduzkoa da, eta gangako nerbio arteko tarteak emokatuta eta zurituta daude.