Itzuli orri osora

Arrateko Andre Mariaren santutegia

FITXA

Izena: Arrateko Andre Mariaren santutegia

Herria: Eibar

Helbidea: Arrate, 1

Auzotegi: Arrate

Eskualde: Debabarrena

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Santutegia

Mendea: XVI

hiribildua.Época: Aro Berria

Beste Mendeak: XVIII, XX

Estiloa: Baserri estilokoa

Beste Estiloak: Errenazentista, Barrokoa

Balioa: Oso ona.

Kontsebazioa: Ona oro har.

Jabetasun: Ondare erlijiosoa

Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa

Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa.

Deskripzioa eta oharrak:

Santutegi honi jaiera handia diote inguruko herritarrek. Izen bereko mendian dago, bista zabala hartzen duen zelai handi batean, eta bertara iristeko haran mehar batetik zehar abiatu behar da. Errepidea ongi zainduta dago.

Elizak ataripea eta kanpandorrea ditu, eta inguruak aisialdirako egokitutako lorategiek eta ostalaritza zerbitzuek betetzen dituzte.

Andra Mariren tailari erreparatuz gero badirudi XIII. mende inguruan bertan ermita bat bazegoela; ermitari buruzko lehenengo aipamena, alabaina, 1458koa da. Santutegi berria XVI. mendearen bigarren zatian edo XVII.aren hasieran eraiki omen zen, 1563an, Aita Santuaren baimenaz, Arrateko Ama Birjinaren jaia abenduaren 8tik irailaren 8ra aldatu zenean, erromes kopurua erruz handitu baitzen; 1577tik aurrera eliza zaharberritzeko lehenbiziko diru emaitzak egin ziren. Antza denez, lanak 1583an amaitu ziren. 1508 baino lehenago ba omen zegoen Eibarren erromesentzako ospitale bat, "Arrateko Andre Mariaren Kofradia" zeritzana, eta ermita ondoan Santiagoko erromesentzako ostatu bat ere ba omen zegoen, emakume batek gobernatzen zuena.

1670ean eraitsi zuten dorrea, beste bat egitearren, baina berria ere, 1740an, erortzeko zorian zegoen. Espainiako gerran zati bat deseginda geratu zen; 1941ean berritu zuten. 1969. urteaz geroztik zaharberritze lan handiak egin dira.

Santutegiak oinplano luzea du eta habearte bakarra, burualdea oktogono formakoa da eta, absideari eskuinaldean erantsita, parrokiako gelak daude. Estalkia zurezko kasetoi eder batez hornituta dago.

Oinean, arku karpanel baten gainean, zurezko koru bat dago, eskuinean, bertara igotzeko, eskailera biribil interesgarria duena. Behe korua burdin sare baxu batez ixten da, zeinak, goi koruko eta eskailerako barandarekin batera, burdin forjatuzko multzo ederra osatzen duen.

Argia presbiterioan dagoen okulu batetik eta eskuinaldeko hiru leihoetatik sartzen da; lehenengo bi leihoek zirkuluerdiko arkuak dituzte, hirugarrenak, berriz, angeluzuzena.

Eliza, kanpoaldean, manposteriazkoa da, eta ertzetan eta kontrahormetan harlanduak ditu. Barrualdean, garaiko modari jarraituz, manposteria ageria du, eta presbiterioko goiko zatian emokatuta dago.

Dorreak, eliz oinean zentraturik, zirkuluerdi dobelatuko sarrera babesten du. Ataripe zabal bat du inguruan, zutabe gainean oinarritua, elizaren aurrealdea eta sakristia arteko alboa estaltzen duena. Zutabe horietako batzuk hare-harrizkoak dira, eta beste batzuk hormigoizkoak, estalkia bezala.

Dorreak zirkuluerdiko arkuak ditu eta, horiei esker, ataripeko edozein aldetatik sar daiteke elizan. Goiko aldean erlojua dago eta, zirkuluerdiko arkuetan, kanpai multzoa. Erremate gisa pinakuluak eta burdinazko gurutze eder bat ditu.

Barrualdean erretaula nagusi barrokoa nabarmentzen da: lehen atalean Inazio Zuloagaren lau olio daude eta Arrateko Andra Mariren irudia. Goian, Kristo gurutziltzatu bat eta, sabaitik zintzilik, itsasontzi bat, egindako botoen erakusle. Nabean zehar, idulki gainean, San Joseren, San Lorentzoren eta Santa Anaren irudiak daude, azkena Ama Birjinarekin eta Umearekin.

Arrateko Andra Mari, XIII. mende amaierakoa edo XIV.aren hasierakoa, Euskal Herrian erromaniko garaitik hasi eta gotikoa oso aurreratuta zegoen arte ugari egin ziren irudi eseri haietakoa da. Irudi eserien piezarik nabarmenenetakoa izan zitekeen, hain modako bihurtu ziren kapa haiek jantzita baldar desitxuratu izan ez balute.