Itzuli orri osora

Galeako itsargia

FITXA

Izena: Galeako itsargia

Herria: Getxo

Eskualde: Uribe Kosta

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Itsasargia

Tipologia Zehatza: Itsasargiak

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Eraikintza Data: 1950

Gaur egungo deskripzioa

Matxitxako lurmuturretik hego-ekialdera 3,8 miliara dago Galea izeneko tontor malkartsua. Bilboko itsasadarrekin muga egiten du ekialdean. Kosta ondotik doan errepide batek batzen ditu itsasargia eta Getxo udalerria. Herritik gertu eta Bilbotik eta kutsaduratik aski urruti egotea, getxoztarren mesedetarako da.

Hiru gorputz angeluzuzenez eta mailakatuz osatutako eraikin polita da. Alboko bietan daude bizitzak, eta denak garaiera berean daude. Erdikoan daude makina gela, ordezkapenak egiteko bi gela eta bulegoa.

Dorrea, azken gorputz horren iparraldeko fatxadari erantsita, zilindrikoa da eta harria agerian du.

Ondoko lur sail handi baten jabea da dorrea. Inguru guztian dagoen kokagunerik ederrenetakoan kokatuta dago.

Datu historikoak:

Behiala, bertan egurrarekin su handiak egiten ziren itsasontziei portuko bidea seinalatzeko, eta baleak nondik nora zebiltzan jakiteko ikusmiran egoten ziren.

Hiru itsasargik funtzionatu dute Galean. Lehenbizikoa, Antonio Etxanobe ingeniariak proiektatu eta Galeako Escarpe gotorlekuaren hondakinen gainean eraikitakoa, harlanduz eginiko dorre enborkoniko bat zen: 11,5 m-ko garaiera zuen, eta oinarrian kanpoaldetik 3,30 m-ko diametroa eta barrutik 12,10ekoa. Mentsuletan bermatutako erlaitz batek errematatzen zuen, eta horren gainean burdinazko balkoi txiki bat zegoen. Dorrea zilindro formakoa zen eta horren gainean tinkatuta linterna oktogono formakoa zegoen, eta hor itsasargia dizdizka, lurretik 12, 35 m gora eta itsasotik 122,30era. Bere argi jarraitu zuria lehenbiziko aldiz 1852an piztu zen; 10 miliako irispidea zeukan.

Baina malkarrean goregi egoteagatik sarri laino tartean ezkutatuta geratzen zen eta, lurmuturraren muturretik urruti samar zegoelako, haren irispide berez nahiko txikiak txikiagoa zela zirudien. Horrez gainera, itsasargiaren argia labe handien distirarekin nahasten zen, eta on beharrez egin zena ez zen ezertarako on. Hori zela eta, bigarren itsasargi bat egin beharrean izan ziren, lehenbizikoa zegoen lekutik 600 metro iparraldera, itsas mailaren gainetik 73,30 m gora, 29,5 miliako irispidea zuena.

"U" itxurako eraikin polita zen bigarren hau. Atzeko aldean zeuden dorre oktogono formakoa, erlaitz mailakatu batek errematatzen zuena, harlanduzko balkoi txiki artistiko bat, dorrea eta linterna. Lehenbiziko hura baino askoz hobea bazen ere, itsasadarretik sarri igotzen zen lainoak ezkutuan uzten zuen. Horregatik, seinale soinuduna jarri zitzaion, hau da, bost minuturo lehergailu bat leherrarazten zen.

Baina sistema garestia zen eta, gainera, sarri huts egiten zuen. Horregatik, 1927an, ordu artekoaren ordez adar bat ipintzeko agindu zen. 45 segundoro hiru soinu hots motz egiten zituen. 1933an elektrifikatu egin zen. Ondikotz, dorrea zegoen lekuan urte horretan lurra mugitzen hasi zen. 1941ean gero eta luizi handiagoak egin zituen. Itsasargia gainean hartu eta eramateko arriskua zegoela ikusirik, dorrezainen etxekoak handik kanpora eraman zituzten, eta hirugarren itsasargia behin betiko izatekoa diseinatzen hasi ziren. 1950ean inauguratu zen, aurrekoaren atzean 180 metrora.

Ekoizpen prozesua:

Linterna aire-itsasoko, merkurio ontzian bermaturiko lente optiko, erloju makina eta 1500 Wat-eko lanpa elektrikoarekin, 8 segundoro 3 distira zuri ematen ditu, eta batez besteko irispidea 27 miliakoa da. Lur gainetik 8,5 metrora eta itsasotik 83,5era dauka fokua.

Aldi batean, optikoaren gainean zegoen beso bati egokituta zeukan haizemaileak eraginda ibili ohi zen jiraka tresna. Sistema hori alde batera utzi eta garai bateko erloju makinarekin funtzionatzen du egun. Motor elektriko batekin automatikoki jartzen da abian.

Orain dagoen adarra Pintch etxeak egina da, eta ia lurmuturraren puntan ditu dardara egileak, bigarren itsasargia zegoen lekuaren ondoan. Zerbaitek huts egiten duenerako larrialdietako ekipoa prest dauka.

Galeako itsargia