Itzuli orri osora

Iruñea-Lasarte trena

FITXA

Izena: Iruñea-Lasarte trena

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Trenbidea

Tipologia Zehatza: Trenbideak eta funikularrak

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Eraikintza Data: 1914

Beste Izenak: Plazaola

Deskripzioa eta datu historikoak:

PLAZAOLA izen generikoaz ezagutzen den bide estuko tren hau hiru kontzesio elkartu zituen prozesu luze baten ondorioz sortu zen: Andoain-Plazaola, Plazaola-Iruñea eta Andoain-Lasarte trenak.

1906an "Sociedad Minera Guipuzcoana" eratu eta Andoainen paratu zuen egoitza. Bera zen Berastegiko eta Elduaingo burdin meategien jabea, eta berari esleitu zitzaion burdinbidea eraikitzea eta ustiatzea. Trenbide horrek ez zuen bidaiaririk garraiatzen, herririk ez baitzuen zeharkatzen, baserri bakanduren bat edo beste izan ezik, baina abian jarri zenean Leitzaranen bi isurialdeetako mendiak egoki ustiatzea eta inguruko meategiak taxuz esplotatzea ekarri zuen.

1908an, ordea, Andoain-Lasarte eta Plazaola-Iruñea burdinbideak garatzea erabaki zen, bai bidaiarientzat, bai merkantzientzat. Linea hau 1914ko urtarrilaren 14an inauguratu zen.

Iruñea-Lasarte burdinbideak, "Plazaola" esaten zitzaionak, Gipuzkoa eta Nafarroa bitarteko sakanik malkartsuenetako bat zeharkatzen zuen, zubi handien bidez Leitzaran ibaia hainbat aldiz zeharkatuz, Andoaindik Leitzara bitartean dagoen desnibelean gaindi. Bere ibilbidean 30 tunel baino gehiago daude, 2.650 km-ko luzerarekin. Olloki aldean tunel batzuek bi aho dauzkate, baina hori eraikuntzan huts egin zelako da horrela.

Andoain-Lasarte linea Andoaingo geltokian hasten zen eta, Oriako arrotik Urumearen arrora igarota Hernanirantz joaten zen. Tunel baten bidez lehenengora itzuli eta Lasartera iristen zen, non 8 km-ko tarte batean Eusko Trenbideen trenarekin elkartzen zen.

Andoain-Plazaola linea, berriz, Andoainen bertan, Norteko geltokiaren aurrean hasten zen eta, Elduain eta Berastegi udalerriak igaro eta gero Plazaolan amaitzen zen. 20.195,88 m-ko luzera zuen.

Azkenik, Plazaola-Iruñea burdinbidea aurrekoaren bukaeran hasten zen eta, Leitzaran ibaiaren ondotik igo eta Leitza zeharkatu eta gero, tunel baten bidez, Uitzi mendatean zeharkatzen zuen banalerroa. Handik Uitzi, Lekunberri eta Irurtzun behera jaitsi, Aizpitarte haitzak zeharkatu eta lautadan sartzen zen, guztira 55.983,12 m-ko ibilbidearekin Iruñera iristeko.

Burdinbideko fabrika obrarik garrantzitsuena Olazarreko zubibidea da. 26 m-ko metalezko bi tartez osatuta dago, errekaren gainetik 25 m-ra jasoak, eta 9 m-ko argia zeukaten hiru tartez; horiez gain, beste bi tarte zeuden 7,5 m-ko altueran zementu armatuz eginak. Guztira, luzera 108 metrokoa zen. Beste bi fabrika lan garrantzitsu ere aipa daitezke: bata, Lasarten, eta bestea Andoaingo barrutian.

Plazaolako meategiak ixtea oso kolpe gogorra izan zen burdinbidearen administrazioari dagokionez, ondorioz, bere trafiko nagusia galtzen zuelako. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Ardatzeko herrialdeek mea eske zebiltzala eta, meategiak bolada batez berriro aritu ziren jardunean.

Garaiko tren gehienetan bezala, trakzioa lurrunaren indarra erabiliz lortzen zen, baina erregai, langile eta mantentze gastuak oso handiak zirenez, konpainiak zerbitzuan automotore diesel berriak sartzea erabaki zuen, azkarragoak eta arinagoak zirelako. 1929an Beadmore etxe ingelesaren hiru automotore eder hasi ziren lanean.

Pixkanaka, ordea, Plazaolaren jarduera gainbehera hasi zen. 1952an trazatua oso krisi sakonean sarturik zegoen. Urte hartan hain zuzen "Sociedad Minera Guipuzcoana"-k linea hobetzeko proiektu bat aurkeztu zuen, baina 1953ko urriaren 16ko uholdeek kolpe latza jo zioten, eta burdinbidea ez zen gehiago konpondu. Hala eta guztiz ere, trenak beste zazpi urtez jarraitu zuen Andoain eta Olloki bitartean 11 km-ko bidea egiten, zura garraiatzen.

Tunelez eta fabrika obrez gainera (zubibideak, zubiak), Leitzarango burdinbideari lotutako hainbat eraikin ikus daitezke oraindik ere zutik: Plazaolako eta Ollokiko geltokiak, lurrun makinen ur deposituak... Eraikin horiek guztiek eredu industrialari jarraitzen diote nabarmen.

Iruñea-Lasarte trena
Iruñea-Lasarte trena