Itzuli orri osora

La encartada

FITXA

Izena: La encartada

Herria: Balmaseda

Eskualde: Enkarterriko Haranak

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Txapelgintza

Tipologia Zehatza: Ehungintza eta larrugintza

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Beste Mendeak: XIX

Eraikintza Data: 1892

Deskripzioa gaur egun:

Lantegia zabalgune batean dago, Balmasedako Peñueco auzoan, Bilbo-Reinosa errepideko 32. kilometroaren eta Kadagua ibaiaren artean. Ibaiaren ezkerraldean dago, nekazari giroko zelaigune batean, eta multzoa presa-kanalak, langileen etxeek eta kapera batek osatzen dute. Presa fabrikatik 400 metro ingurura dago, eta kanala hasieran ibaiari paralelo dago eta gero desbideratu egiten da, aldaparora iristeko.

Fabrikan hiru eraikin bereiz daitezke: erdialdean lau nabeko lantegi bat dago; ekialdean, bi nabeko eraikin bat, eta, iparraldeko fatxada osatuz, aurreko biak zeharkatzen dituen beste eraikina. Multzoko zatiak diren arren, urrutixeago, fabrikari sozialki lotuta dauden beste hiru eraikin aurki daitezke: "plazatxoko" etxea, "etxe berria" eta "Guadalupeko amaren kapera".

Lantegiak behar zuen ura Kadagua ibaiaren gainean zegoen presatik hartzen zuten. Presa horrek grabitateko arkua du, harlanduzkoa da eta 40 m luze eta 2 m altu da; albo batean gainezkabidea dago. Kanalak konporta bikoitzeko sarrera du. Energia turbinako ardatzaren mugimendu birakariaz transmititzen da: indar motriz birakari hori makinetako inertzia-bolanteak mugitzen dituzten bigarren mailako 7 ardatzetara iristen da. Horrez gainera, ongi hornitutako mekanika lantegi bat zegoen eta, bertan, pieza akastunak konpontzeaz eta muntatzeaz gainera, batzuetan, beste makineria-fabrika batzuei erositako lanabesak erreproduzitzen zituen. Hainbat lan lantegitik kanpo egiten zen, batez ere emakumeek etxean egiten zutena.

Fabrikaren ekoizpen sistema oso-osorik gordetzen da oraindik. Fabrika- Museo bihurtu eta aurki irekitzekotan dira.

Datu historikoak:

1886an, Marcos Arena Bermejillo Mexikotik itzuli eta, garai batean ola eta errota egon ziren lekuan, ehungintzako negozio bat sortzea erabaki zuen, zehazki txapelak egin nahi zituen. 1892an "La Encartada" sozietate anonimoa eratu zen, dagoeneko fabrikaren muntaiaren proiektua egina zegoelarik, eta atzerriko hainbat etxeri behar zen makineria erosi zieten, horien artean "Averly y Cía" eta "Edison" etxeei.

Eraiki zen lehen eraikinean irundegia kokatu zen, eta 1898an eraikina zabaldu egin zen, gaur egun duen neurri berera. Bertan lurrun galdara bat ipini zen.

XX. mendean zehar makineria berria erosi zuten, makina zaharrak ordezkatu behar zirelako edota berriak behar zituztelako.

Ekoizpen prozesua:

Hasieran lantegia Salamancatik eta Kataluniatik ekarritako artileaz hornitzen bazen ere, gero australiar artilea eskuratzen du, espainiar merinoak baino akabera hobea duelako. Animali gantza kentzeko, artilea bolatu egiten da, artilea harrotuz eta garbituz, ahalik eta masarik homogeneo eta trinkoena lortu arte. Ondoren, zabaltzeko eta lubrifikatzeko makinan sartzen da, kardatu baino lehen leunagoa eta malguagoa egon dadin.

Ondoren, artilea hainbat kardatatik pasatzen da: kardaberritzekoa, harrotzekoa eta orraztekoa, non artilea harrotzen eta xerlo desberdinetan banatzen den. Kardak artilea orraztu eta ilazki sare bat osatzen du, eta horrekin elikatzen da txarrantxa, nahasketa onena izan dadin eta ehunik onena lortzearren. Karda gerrenak txarrantxatik ateratako ehuna zabalera bereko xerlotan banatzen du, eta xerlo horiek bobina batzuetan biltzen dira, iruteko makinara edo selfazinara errazago eramateko; bertan egingo da iruteko azken operazioa. "Mula Selfacina" delakoak kardetan ateratako xerloak hari homogeneo eta sendo bihurtzen ditu, hariak teinkatu eta moxorketan biltzen dituen orgatxo mugigarri baten eraginez. Haria hariletan biltzen da, eta handik txirriketan harilkatzen da, ehundegietan erabili ahal izateko.

Ehundura haria automatikoki lotzen duten trikotatzeko makinen bitartez egiten da: ehuna lortu eta gero, berriro ehuntzeko gelara eramaten da eta, bertan, hari muturrak lotu eta txapelari bere forma biribil zapala ematen eta mototsa ateratzen zaio. Txapelak orduan duen neurria gero izango duena halako bi da, eta neurria murrizteko, ur jarioa erabili eta bolatu egiten da eta, ehunari sendotasuna emateko, borratu egiten da; ondoren, ur-erauzgailuan zentrifugatzen da, tindatzen hasi aurretik lehor dadin.

Tindaketa tindu-upa batean egiten da, non txapelak ordu batez 100ºC-ra edukitzen diren. Uztaitxoz, argizariz, silikonaz eta sitsaren kontrako produktuz egindako disoluzio batean tindatzen dira txapelak. Garai batean euri ura erabiltzen zen, oraindik existitzen den putzu txiki batean biltzen zena.

Txapelak tindatu eta gero, tiratzeko, zurezko moldeetan jartzen dira, eta lurrun galdarak hornitzen dituen lehortze labeetara pasatzen dira. Behin lehortu direlarik, txapelak kardu naturalez osatutako kardatzaileetara eramaten dira, ilea ateratzearren; ilea, gero, moztu eta berdindu egiten da, xafla txiki batzuen bitartez.

Azkenik, akabera lantegira eramaten dira. Bertan forrua, magala eta gainerako osagaiak ipintzen dira, horretarako lisatzeko eta josteko makinak erabiltzen direlarik.

Makinak mugitzeko energia turbinaren ardatzaren mugimendu birakaritik sortzen da; polea erabiliz, ardatz nagusira transmitituta, indarra bigarren mailako 7 ardatzetara pasatzen da, eta horiek makinen inertzia-bolanteei eragiten dieten polea solidario batzuk dituzte.

La encartada
La encartada
La encartada