Itzuli orri osora

Unión Explosivos Río Tinto S.A.

FITXA

Izena: Unión Explosivos Río Tinto S.A.

Herria: Galdakao

Eskualde: Hego Uribe

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Sektore kimikoa

Tipologia Zehatza: Papergintza eta kimika

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Beste Mendeak: XIX

Beste Izenak: La cantabria de abonos minerales

Gaur egungo deskripzioa:

Fabrika Pagatzan ipini zuten, San Anton mendiaren iparraldeko maldan dagoen bi isurkiko labar batean, zehazki Zuhatzu auzoan amaitzen den lekuan, zeinak Ibaizabalgo ibarrarekin bat egiten duen. Dinamiten eta zerbitzu osagarri zuzenen lantegiak Pagatzako eremuan kokatu ziren, eta azidoak eta gainerako lehengaiak egiteko instalazioak, fabrikaren zerbitzu orokorrekin batera, Bilbo-Durango trenbidetik gertu dagoen leku batean. Bi eremuak komunikatzeko trenbide sistema bat zegoen. Garai batean bagoneta zirkuitu bat ere bazegoen, gaur egun errepideekin ordezkatu dutena, eta bagoneta horiek langileak nahiz merkantziak garraiatzen zituzten fabrikako pabiloi desberdinen artean; horrez gainera, zurezko kaxoiak zituen eta airean zebilen tranbia txiki bat zegoen, produktuak garraiatzeko erabiltzen zena.

Mendi osoa produkzio unitate txikiz josita dago, eta unitateen arteko distantziak sor zitekeen uhin hedakorraren arabera kalkulatu ziren. Gainera, segurtasun neurri gisa, unitate horiek betoizko karel batzuez inguratuta zeuden, eta sarbideak zeharka eginda.

Multzoaren konfigurazioan bi eremu bereiz daitezke, Bilbo-Durango trenbideak eta Bilbo-Gasteiz errepideak banatzen dituztenak. Ezkerraldean produktu desberdinen produkzio unitate guztiak daude. Bi aldeetan langileen betebeharrak asetzen zituzten hainbat instalazio zegoen eta, ondorioz, hiri txiki bat osatzen zutela esan daiteke. Ezkerraldean ere, 1912an ermita bat eta jolaserako zirkulua eraiki ziren, gaur egun jantoki bilakatu direnak. Berrogeita hamarreko urteetan enplegatuentzako etxebizitzak eraiki ziren, bi solairukoak. Eskuinaldean, berriz, ekonomatua, harategia, mutikoentzako eta neskatoentzako eskolak, eskolak gobernatzen zituzten mojen etxebizitza, eta bi familiarentzako etxe atxikiak goi karguentzat, beren lorategi eta kirol instalazioekin. Multzotik at, 1928an, fabrikak 90 etxebizitzako beste multzo bat eraikitzea sustatu zuen langileentzat, Tximelarre esaten zaiona.

Datu historikoak:

Dinamitaren eta nitroglizerinaren aplikazioen aurkikuntzaz geroztik, Europako zenbait herrialdetan asmakuntza hori garatzeko eta ustiatzeko fase bati ekin zitzaion. 1872an "SOCIEDAD ANòNIMA ESPAÑ OLA DE LA PòLVORA DINAMITA- PRIVILEGIO DE A. NOBEL" sortu zen. 1886an aro berri bat hasi zen Pagatzako fabrikan, eta industria kimikorantz nabarmen zabaldu zen. Asmo hori oso garbi azaldu zen enpresaren izen aldaketarekin, "SOCIEDAD ANòNIMA DE LA DINAMITA-PRIVILEGIO DE A. NOBEL Y DE PRODUCTOS QUíMICOS" izendatu baitzuten. Ordu arte, fabrikak dinamitak ekoitzi eta saldu baino ez zuen egiten, beren azidoak eta gainerako lehengaiak bertan prestatzen zituela, baina bestelako produkturik merkaturatu gabe. Ekoitzi zen lehenengo produktua ongarria izan zen eta, horrenbestez, 1886an Guturribain ongarri fabrika abiarazi zen, "LA CANTABRICA DE ABONOS MINERALES" izenarekin ireki zena. Data horretan bertan azido klorhidrikoa eta sosa sulfatoa egiten hasi ziren, eta 1890-1891n kobre sulfatoa eta burdin sulfatoa.

Garai hartan dagoeneko merkatuan beste lehiakide batzuk agertu zirela eta, gatazkarik gerta ez zedin, Sindikatu bat eratu eta merkatua banatzea erabaki zuten. 1896an "UNION ESPAÑOLA DE EXPLOSIVOS" sozietate anonimoa sortu zen. Gerra gatazkak zirela eta, Gobernuak Lege Proiektu bat aurkeztu zuen bolboraren eta lehergaien fabrikazioa eta salmenta esklusiboa publikoki akuratzeko, hogei urteko iraupena izango zuena: aipatu sozietate horrek eskuratu zuen akura. Orduan, fabrikak berrantolatzea erabaki zuten. 1911n gerrarako bolbora egitea erabaki zuten eta, horretarako, bolbora egiteko mota guztietako aurrerapen teknikoak zituen lantegi multzo bat eratu zuten; hartzailea Itsas Armada zen. 1912an merkurio fulminatoa eta detonagailuen karga ekoizten hasi ziren. Gerraren hasierak fabrikaren lana handitzea ekarri zuen, eta NITRAMITA egiten hasi ziren.

1928rako, bertan asmatutako teknikak erabiliz, TRILITA eta TRETALITA egiteko lantegia eratu zen eta, ondorioz, bete-betean hasi ziren lehergai militarrak ekoizten.

Itsas Artilleriarako karga lehergarri moldeatuak egiteko lantegi bat sortu zen, baita bezero berarentzat lehenengo errepikatzaileak ere. Aurrerapen tekniko guztiak bereganatzen saiatuz, fabrikak etengabe berritu eta hobetu zituen bere produktuak. Espainiako gerra zibilaren ondorioz, azkenean fabrika militar bilakatu zen, eta lan esku ugari bereganatu behar izan zuen. 1938an, sistema tradizionalari jarraituz lehergai militar gehiago ekoitzi ahal izateko, azido nitrikoa egiteko beste fabrika bat inauguratu zen. Produktu guztien ekoizpena hazi egin zen, eta jaurtigaien kargak egiteko lantegi berriak ireki. Gerra amaituta, ordea, berriro ere industri lehergaiak egiteari heldu behar ziotela eta, "S.A. ESPAÑOLA DE LA DINAMITA" erosi zuten. 1970ean "Minas Río Tinto"-rekin bat egin eta enpresa berriari "UNIóN EXPLOSIVOS RIO TINTO" deitu zioten, zeina 1989an ERCROS deitu zen, eta 1991n UERT berriro ere.

Fabrikaren historiari dagokionez, alderdi soziala nabarmen daiteke. 1912an GIZARTE ARAZOETARAKO BULEGOA sortu zen, ekoizleen aldeko gizarte ongintzako elkarte eta erakunde hainbat eratu zituena. Sozietate Kooperatibo bat ere sortu zuten, kudeaketa autonomoa zuena, elikagaiak eta bestelako kontsumo gai zenbait merkatuan baino merkeago eskaintzen zituena. Horiez gain, etxebizitzak, ikastetxeak, antzerkia eta zartzuela eskaintzen zituen talde artistiko bat, kapera bat edota "La dinamita" deitzen zen musika banda bat ere antolatu zituzten.

Unión Explosivos Río Tinto S.A.