Itzuli orri osora

Santa Ageda fabrika

FITXA

Izena: Santa Ageda fabrika

Herria: Barakaldo

Auzotegi: Zubileta eta castrejana

Eskualde: Ezkerraldea

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Burdingintza

Tipologia Zehatza: Burdingintza

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Beste Mendeak: XIX

Eraikintza Data: 1920

Beste Izenak: Echevarria

Gaur egungo deskripzioa

Multzoa Kadagua ibaiaren alde banatan dago, Zubileta eta Kastrexana auzoetan. Zorrotza-Balmaseda eta Zubiletako errepidetik iristen da bertara. Ezkerraldean labe garaiak daude, berogailuak, garbitzailea, haize-makinak, galdarak eta tximiniak, dena nahas-mahas. Maldako terrazetan, gainera, harrikatza destilatzeko labeak, gasometroak eta gas deposituak daude. Ibaiaren beste aldean, trefilatze eta galvanizatze sekzioak daude, gaur egun "Trefilerías del Norte" enpresak ustiatzen dituenak. Enpresaren bi aldeak 50 m-ko zubi batez lotzen dira.

Datu historikoak:

1862an sortua, labe garai bat ere izan zuen, baita dirdira labeak eta ijezketa tren bat ere. 1890ean "Sociedad Santa Agueda" eratu zen, burdina grisezko alanbreak, puntak eta tatxetak trefilatzeko eta galvanizatzeko. Orduz gero bi pabiloi eraiki ziren, ibaiaren alde banatan. Nabeetako bat alemaniar kutsuz egin zen, eta turbina hidrauliko batek mugitzen zituen makinak zeuden bertan; besteak, berriz, frantziar estiloan eginda, alanbrearen deribatuak egiten zituen, eta galdara batek sortzen zuen energia mekanikoaz mugitzen ziren elementuak zeuzkan.

1903az geroztik, sozietateak "Federico Echevarria e Hijos" izenarekin jardun zuen, eta 1920an desegin zen, "Sociedad Anónima Echevarría" bilakatzeko. Lehen Mundu Gerra amaitu zenean, kanala eta saltoa konpondu eta bi turbina ipini zituzten, indar elektrikoa sortzeko. Meyer ingeniariak proiektatu zuen labe garai bat ere konpondu zuten. Labearen funtzionamenduak huts egiten zuela eta, hura bota eta gero, egur-ikatzez zebilen labe bat eraiki zen. 1920an beste bi labe garai instalatu zituzten eta errendimendu ona atera zieten. 40ko urteetan Cospler berogailuak jarri ziren; 50ekoetan, berriz, gasak arazteko sistema hezea, elektroiragazkia, turbinak, bateria berriak... Labeen azken birmoldaketa 1976koa da, eta 1987an utzi zioten funtzionatzeari. Gaur egun labeak desmuntatzen ari dira, alabaina koke ekoizpenari eutsi egin zaio.

Ekoizpen prozesua:

20ko urteez geroztik, faktorian aldi berean hiru ekoizpen prozesu independente garatzen ziren: Labe Garaietako Galdaketa, Koke ekoizpena eta Trefilatzea.

Burdina bi labe garairen bitartez galdatzen zen: horiek hornitzeko tolba multzo bat zegoen, zeinetan burdin mearen mota desberdinak eta kareharria banatzen ziren. Kareharria kokearekin batera nahastuta sartzen zen, alternatiboki eta geruzaka. Burdin urtua isurketa-zali batean biltzen zen eta, ondoren, irabiatzeko finketa-zali batera pasatzen zen, non, txatarrarekin eta beste produktu batzuekin nahastuta, burdin gozoa lortzen zen. Handik lingoteetara pasatzen zen, hozteko.

Labe garaiak berotasuna berreskuratzeko sistema konplexu bat zeukan: errekuntzan askatutako gasak bildu eta gero, gas horiek arazteko hiru fase igaro behar zituzten. 1., Zikloia: zentrifugatze bidezko arazketa, 2., Arazketa hezea: hautsa kenduz egindako arazketa, eta 3., Elektroiragazkia: gasa eremu magnetiko baten eraginpean jartzen duena.

Burdinazko lingoteak Errekalde faktorian erabiltzen zituzten, altzairu bereziak egiteko.

Kokea ekoizteko lehengaia "Hulleras de Sabero" enpresatik ekartzen zuten eta, horretarako, fabrikatik gertu, kanpoan, ikatz biltegi bat zegoen.

Forma kubikoa eta sekzio luzanga zuten hogeita hamar labek osatuta zegoen bateria. Labeak goitik kargatzen ziren eta, kokea lortu eta gero, bagoneta batean sartu eta ur bidezko hozte dorrera eramaten zen. Harrikatzaren destilaziotik eta koketik ateratzen ziren bigarren mailako beste produktu batzuk gasa eta alkitrana ziren.

Santa Ageda fabrika