Itzuli orri osora

Bilboko udal alondegia

FITXA

Izena: Bilboko udal alondegia

Herria: Bilbo

Auzotegi: Iparragirre, 49

Eskualde: Hego Uribe

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Alondegia

Tipologia Zehatza: Biltegia

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Estiloa: Eklektikoa

Eraikintza Data: 1909

Autorea: Rikardo Bastida

Gaur egungo deskripzioa:

Material arruntekin egin zen eraikina, hau da, betoiarekin, adreiluzko hormatalekin eta, lehenbiziko solairuan, kuxin forma zarpaileko harri artifizial landutakoarekin. Oinplano lauangeluarra dauka, albo banatan lau dorre dituela. Harrizko zokalo baten gainean arku sail bat dago, denak segidan, arku mainelatu molduratuekin hornituta, eta horien gainean bermatuta adreiluzko gorputz erdi mailako bat, okulu xume batzuekin. Horien gainean dagoen goiko solairua oso nabarmen ageri da beheko solairuaren hermetismoa hausten duten arku eskartzanoek zehazten dituzten bao xume jarraituekin. Fatxada nagusiak goiko solairuan, erdian, gorputz ongi zehaztu bat dauka harlanduzko xaflekin; gorputz horrek arku beheratuak dauzka erlaitz irten batzuen babesean, eta erlaitz horiek zutabe batzuetan tinkatuta daude. Erdiko hormataletan, paramentua modernista joerako landare apaingarriz edertuta ageri da. Behealdeko arku sailaren profilak eta erremate estruktura metalikoz hornituak joera modernista erakusten dute. Dorreek gorputz beheratu bat dute, eraikinaren lehen eta bigarren solairuak besarkatzen dituena, eta bi bao bateratu dauzka arbel koloreko estalkiarekin; horri kupulatxo batek ematen dio gaina.

Datu historikoak:

Ordu arteko alondegia txiki geratu zelako berria egitea erabaki zuen Udalak, eta Zabalgunean ezartzea. Proiektua burutzeko enkargua Rikardo Bastida arkitektoari eman zitzaion. Eraikin mota hark eskatzen zituen soluziobide teknikoak aurkitzeak eta kanpoaldetik izango zuen itxurak kezkatzen zuten, batik bat, Bastida jauna. Behar ziren guztiak ongi haztatu ondoren, bata bestearen gainean bi areto hipostilo handi ezarriz etxadi osoa hartuko zuen eraikina egitea erabaki zuen. Betoi armatuzkoa da egitura, eta Sestaoko "Compañía Anónima del Hormigón Armado" delakoak eraiki zuen. Material horretaz baliatzen aurrenetakoa Bastida izan zen. Eraikinaren solairua hiru kale zabaletan antolatu zen, orgak-eta zuzenean kargatzeko eta deskargatzeko nasak leku garaian zituela.

Kanpoaldetik material xume eta apalez jantzita itxura sotila badu ere, Bastidaren obrarik ederrenetakotzat dauka askok, eta hori fatxadek duten jite gogor eta indartsuagatik da horrela, izkinei dorre eitea emanez aurkitu zen irtenbide bikainagatik, erremate-erritmoa goiko baoenekin bateratzeagatik. Horiek guztiek garbi erakusten dute arkitektoak nolako zehaztasun formalaz burutu zuen eraikina. 1989an Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, eraikinari buruzko txosten memorandum bat landu ondoren, Monumentu deklaratzeko espedienteari hasiera ematea erabaki zuen.

Ekoizpen prozesua:

Ardoa eta olioa gordetzeko asmoarekin egin zen eraikina. Eraikina bukatzekotan zenean, ardo eta olio biltzaileak bilera batean bildu zituzten eta, horien gogoa kontuan izanez, sotoa ardo biltegi orokorra izan zedila erabaki zen, beheko eta lehen solairuak bertako ardoak gordetzekoa, eta bigarrena olio biltegia.

Bilboko udal alondegia
Bilboko udal alondegia
Bilboko udal alondegia