Lekeitio

FITXA

Izena: Lekeitio

Herria: Lekeitio

Eskualde: Lea-Artibai

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Erdi Aroko gune historikoa

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Maria Diaz de Harok sortu zuen Lekeitioko hiribildua, 1325ean. Hiribildua ez zen hutsetik sortu; han baziren eraikin batzuk, eta haiek bihurtu zituen hiribildu. Titulua ez ezik, hainbat pribilegio ere eman zizkien: merkataritzakoak, zerga alorrekoak, militarrak, baita erlijiosoak ere. 1334an, harresi berria eraikitzeko agindu zuen Alfontso XI.ak, itxuraz lehendik zegoena osatzeko edo. Harresi hori 1490ean bukatu zuten, eta hirigunea babesteko helburuz egin zuten.

Hirigunean badira interes handiko zenbait etxe, XV. eta XVI. mendeetakoak, baina, oro har, hiribildua asko aldatu da, eta, egun, nahiko hondatua eta desitxuratua dago, nahiz eta, aldi berean, Bizkaiko adierazgarri eta interesgarrienetakoa izan. Horixe ekartzen du, azken finean, inolako kontrolik gabeko hazkundeak, eta Lekeition hori gertatu da: hormigoi puska handiak jarri dituzte, puskatzarrak ere bai tartean, eta horietako batzuk, gainera, hirigunetik gertuegi daude. Zorionez, espekulazioa ez da horrenbeste sartu harresiek inguratu izan zuten eremura.

Hiriguneak hiru eremu ditu, ongi bereiziak: iparreko eremua edo arrantzaleena, hegoaldeko eremua, eta bi horiek lotzen dituen eremua edo merkatari eremua. Iparreko eremuak egitura erregularra dauka; Apalloa, Azpiri, Intxaurrondo eta Bergara kaleak dira (Arranegi eta Trinidade kaleek lotzen dituzte horiek). Eremu horretan badira XV. eta XVI. mendeko eraikinak, baina gehienak XVIII. eta XIX. mendeetakoak dira. Arranegiko errebalean, Likona eta Leniz dorretxeak eraiki zituzten. Harresiaren zatirik handiena galdu zen, baina eremu horretan zati batzuk ageri dira orain ere.

Hegoko eremua askoz ere irregularragoa da. Lumentza mendiaren magalean dago, eta mendiaren gorabeherek agindu dute kalerik gehienak nola eraiki. Ardatz nagusia Dendarikalea eta Gerrikabeitia kaleek osatzen dute, eta alde batean Beaskokalea dute, eta Luega bestean. Eraikinak XVI., XVII. eta XVIII. mendeetakoak dira. Deigarria da zenbat oinetxe dauden hutsik, eta deigarria da, halaber, zenbat jauregi eta dorre dauden Domingotar mojen plazatxoan: Uriarte dorretxea, Turpin dorrea, Torrezar... Harresi zati bat ere ageri da (zenbait baratzeren horma da egun, eta hilerriaren ateraino iristen da).

Erdiko eremua aldatu da gehien, eta beste bi eremuak lotzen ditu. Andra Mariaren Zeruratzearen basilika da eraikinik zaharrena. Eraikin modernoak ditu aurrean, eta San Kristobal plazatxoa, hori ere modernoa. Gaur egun, ardatz horren inguruan antolatzen da hiribildua.

Jatorrizko hiriguneak, beraz, aberastasun handia du historiaren eta arkitekturaren ikuspegitik, eta horren erakusgarri da begien bistan ageri den ondarea, bai zibila eta bai erlijiosoa: Andra Mari eta San Jose elizak, Domingotarren komentua, dorretxe eta jauregia, eta arrantzaleen etxe berezi-bereziak. XV. mendetik XIX.a bitartean eraiki zituzten guztiak, eta aro eta korronte askoren isla dira, hasi Gotikotik eta Neoklasiko arte.