Buradon-Gatzaga

FITXA

Izena: Buradon-Gatzaga

Herria: Bastida

Auzotegi: Buradon Gatzaga

Eskualde: Arabako Errioxako Kuadrila

Herrialde: Araba

Tipologia Orokorra: Erdi Aroko gune historikoa

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Antso IV.a Gaztelakoak sortu zuen Buradon Gatzagako hiribildua, 1264an, garrantzi geoestrategiko eta ekonomiko handia baitzuen. Gatzagak zeuden inguruan, eta lekua ere paregabea zen, estrategikoa: haran txikia mendiz inguratua zegoen, eta Ebroko harana bista-bistan geratzen zitzaion. Arrazoi horrexegatik, harresia egin zioten inguruan, defentsarako hiribildu izan zedin. Hainbat mendetan, Gaztelako Erreinuaren eta Nafarroako Erreinuaren arteko muga izan zen. Gero errege hiribildu izateari utzi zion, eta jaurerriaren barnean geratu zen (Buradon Gatzagako jaun-andreen esku zegoen, Oñatiko Jaurerria eduki zuten haien esku, hain zuzen). Bere garaian, juduen auzoa izan zuen, 1492an kanporatu zituzten arte.

Mendeak joan ahala, garrantzia galtzen joan zen, eta XX. mendearen bigarren erdian, Buradon Gatzagako udalerria Bastidak bereganatu zuen eta hari atxikia geratu zen. Ordutik aurrera, Bastidako kontzeju izan da. Biztanle-entitate txikia da egun, bai hedaduraz eta bai biztanle kopuruz (100 lagun biziko dira), eta, egia esan, egoera hori ez dator bat historian izan duen garrantziarekin. Nolanahi ere, xarmaz beteriko inguruan jarraitzen du.

Gain batean dago Buradon Gatzaga, eta nabarmen geratzen da defentsarako hiribildua izan zela antzina. Erdi Aroko gunea aski garbi bereizten da, inguruan harresia duela. Harresi horiek etxebizitzen atzealde bihurtu dira, eta, neurri handian, horrexegatik iraun dute.

Kale nagusiak harresiaren ateetan hasten dira. Kale Nagusia nabarmentzen da, eta alboetara beste kale estuago batzuk ageri dira, kale nagusiarekiko perpendikularrak: Laurel kalea, San Joan kalea, Txikia kalea, Horno kalea, Turrustaren kalea... Osaera horrek arrain bizkarrezurraren itxura ematen dio hiribilduari.

Eraikinak nahiko txikiak dira, barrualdea handiagoa dutenak, oro har, aurrealdea baino, Erdi Aroko etxe haiek bezala. Eraikinak ez dira garaiak, hegal irtenak dituzte, eremu arkupedunak eta, oro har, plazarik ez dute.

Gune historikoan, beste eraikinen artean, harresia nabarmendu behar da, Andra Mari Sortzez Garbiaren eliza, Oñatikonde-kondesen jauregia eta Kale Nagusiko etxeak.