Leintz-Gatzaga

FITXA

Izena: Leintz-Gatzaga

Herria: Leintz Gatzaga

Eskualde: Debagoiena

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Erdi Aroko gune historikoa

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Gipuzkoa hego-mendebaldean dago Leintz Gatzaga, eta Alfontso XI.ak sortu zuen, 1331n (Gasteizko Forua eman zion). Mazela batean eraiki zuten hirigunea, gatzagen inguruan (hortik datorkio izena). Arabako Lautadatik kostaldera joateko bide nagusietako bat ibar hartatik igarotzen zen, eta hiribildua leku estrategikoan kokatu zen, bai ibarra babesteko, bai kostalderantz zihoan bidea zaintzeko.

Gipuzkoako hiribildurik zaharrenetako da Leintz Gatzaga, eta bilakaera gutxien eduki duenetako, gainera. Gaur egun hartzen duen hedadura sortu zenekoa baino txikiagoa da, eta Gipuzkoan oso bakan gertatzen da hori. Harresiaren zati bat egun ere zutik dago, eta bost ate ere ikusten dira (zazpi eduki zituen bere garaian); horiez gain, erronda bidearen zati batek ere iraun du.

Hiru kale paralelo zituen jatorrian, Iparretik Hegorako noranzkoan, eta zeharkako ardatz batek mozten zituen hiru horiek. Antzinako egitura apenas aldatu den batere, eta Erdi Aroko gunearen antolamendua eta banaketa ere gutxi, nahiz eta bi kale guztiz desagertu diren eta beste biren zati handiak ere bai. San Ignazio kaleak (errege bidea izan zen garai batean) hirigunea zeharkatzen du San Ignazio atetik San Migel plazaraino. Garai batean Goenkale izan zena egun Arrosario kalea da, eta hantxe daude Barandapea eta Arrosarioko atea. Horiek baino beherago, Santiago kalea eta Pilareko kalea daude, bakoitza bere atearekin, eta Erdiko Kalea izan zenaren ibilbide bera dute. Santa Kruz kalea, berriz, Bekokale izan zenaren zati da.

Leintz Gatzagako hirigunean ageri diren eraikinek Erdi Aroan ohikoa zen antolamendua eta banaketa dute: aurrealde estua dute, eta barrualdera eremu handia hartzen dute. Etxe multzoak bi ilaratan jarriak daude erdialdean, eta izkinetan, berriz, ilara batean (azken horiek harresiari atxikiak daude)

San Millan parrokia hirigune barruan dago, San Ignazio eta Santiago kaleen artean. Dorre neoklasikoa dauka, Ugartemendiak egina. Elizaren aurrean, San Migel plaza dago, eremu publikoa; XVII. mendekoa da, eta udaletxea du inguruan.

Nabarmentzeko modukoa da Elexalde etxea edo Torrekua; Pizkunde garaiko jauregia da, eta harresiz kanpo eraiki zuten, aurrez garai batean Oñatetarren jauregia egon zen lekuan. Aipagarriak dira, baita ere, Garro jauregi barrokoa eta Ostatua eta Indianokoa etxeak.