Itzuli orri osora

Bastidako Udaletxea

FITXA

Izena: Bastidako Udaletxea

Herria: Bastida

Helbidea: Plaza De La Paz,z/g

Auzotegi: Bastida

Eskualde: Arabako Errioxa

Herrialde: Araba

Tipologia Orokorra: Udaletxea

Mendea: XVIII, XX

hiribildua.Época: Aro Berria

Estiloa: Barrokoa

Eraikintza Data: 1740

Autorea: Agustin Azkarraga

Bastidako udaletxea Agustin Azkarragak egina da (1740an bukatu zuten). Herriaren erdigunean dago udaletxea, Bakearen Plazan, elizaren aurrean. Hasieran eraikin bakartua zen, eta gaur egun ere hala da ia erabat, baina atzeko aldeko beheko solairuan eraikin moderno bat erantsi diote.

Oinplano angeluzuzena du, eta bi solairu aurreko aldean (atzeko aldean hiru solairu ditu, maldan eraikia baitago). Alde nagusia plazara begira dago (iparraldera), eta hareharri landuz egina da. Gainerako aldeak manposteriaz eginak daude, baina horiek ere badute hareharri landua, inpostetan eta arkuetan, adibidez.

Alde nagusia da eraikinak duen gauzarik aipagarriena, artearen ikuspegitik alde horrek baitu kalitate gehien. Hiru ardatz bertikal ikusten dira, eta hirurak ere pilastrek bereizten dituzte; erdikoek ildaskak dituzte eta izkinetakoak bikoitzak dira.

Beheko solairuan arkuteria eder bat dauka; zirkuluerdiko hiru arku ditu, pilareen gainean jarriak. Hiru arku horiek arkupe batera ematen dute, eta arkupe horretan bi sarbide ikusten dira; sarbide nagusiak apaindura ugari ditu, eta handik sartzen da udaletxe barrura. Beste sarbidea biltegiko atea da.

Lehen solairuan hiru balkoi handi ikusten dira, hirurak harrizko erlaitzarekin (alboetako biak angeluzuzenak dira, eta erdikoa erdizirkularra). Erlaitz horiek moldura ugari dituzte, eta mentsula handi bat ere bai azpian. Alboetako balkoiek idi begi bat dute gainean. Hiru balkoiek erliebean eginiko apaindura molduratua dute goiko aldean, zirkuluerdiko arkuaren formarekin (beheko solairuko arkuteriaren antzeko izan nahi dute). Alde nagusi horrek taulamendu bat dauka goiko aldean, friso batekin, zeinak, apaindura moduan, mentsulak eta lore irudiak dituen. Goiko erlaitza irtena da, eta moldurak ditu. Alde nagusi horretan, azkenik, burdin hesi balaustredunak ikusten dira zati batzuetan, eta pitxer irudien apaindurak besteetan.

Udaletxeak oraindik ere baditu antzinako zenbait elementu, arkupean dauden zurezko ateak, adibidez. Ate nagusia oso deigarria da: ohol handiak ditu, eta gurutze formako burua duten iltze ilarak. Ziegako atea ere antzinakoa da, bere leiho txiki eta guzti. Burdin lanak oso xumeak dira, eta eskailerako balaustreetan eta balkoien kareletan ikusten dira.

Barruko aldea oso aldatuta dago (XX. mendean eginak dira aldaketa gehienak), nahiz eta jatorrian izan zuen banaketari eusten dion. Beheko solairuan ezkaratza dago. Ezkaratz horren barruko aldean, azkenik, ezkerraldeko horman, ate txiki bat ikusten da, erdiko balkoiaren antzera apaindua.

Bastidako Udaletxea