Itzuli orri osora

Igartza jauregia

FITXA

Izena: Igartza jauregia

Herria: Beasain

Helbidea: Peategi, 2

Auzotegi: Igartza

Eskualde: Goierri

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Jauregia

Mendea: XVI

hiribildua.Época: Aro Berria

Estiloa: Gotikoa, Errenazentista

XIII. mendean jada bazegoen antzinako jauretxea. Ahaide Nagusien arteko borroken eraginez, dorrea erabat desegin zuten 1420an. Gaur egungo eraikinean, beheko solairua da zaharrena, eta baliteke antzinako dorre haren zati izatea.

Igartza etxeak Santa Maria eliz-parrokiako patronatua zuen bere esku. Jatorrian, oinetxe honek burdinola, errota eta kapera ere bazituen. Urteen buruan aldaketak izan arren, oraindik ikusten dira multzo horren arrastoak.

Igartza jauregiak oinplano karratua du, eta lau isuriko teilatua, barruko etxarte edo patio handi baten inguruan antolatua. Barruko etxarte horretara begira, zurezko galeria bat du. Beheko solairua, lehenengoa eta ganbara ditu jauregiak. Goiko solairuen zurezko egitura eta etxarteko galeria dira eraikin honen elementurik baliozkoenak eta berezienak.

Eraikinak bi zati bereizi ditu nabarmen: beheko solairua manposteriaz egina da, eta goiko solairuek, berriz, zurezko egitura dute nagusiki. Zenbait baoren markoetan harlandua ageri da.

Alde nagusian, sarbide bat ageri da dobelaz hornitua. Goiko solairuan, zurezko bilbea duten sei zati ikusten dira, modu ordenatuan banatuta. Beheko solairuan bao dinteldun batzuk daude, baina ez dira jatorrizkoak, geroztik irekiak baizik. Hormaren bi izkinak manposteriazko kontrahormen bidez sendotu zituzten.

Igartza jauregiak goiko solairuan duen zurezko egitura oso deigarria da, non zurezko bilbea modu ordenatuan eta erregularrean erabiltzen baita. Beheko solairuko manposteriazko hormak jatorrizko bi saietera ditu, eta geroztik egindako bi bao biki. Iparraldera ematen duen aldeak muga egiten du Oria ibaiaren ubidearekin.

Barruko etxarteak, berriz, kanpotik bertatik du sarbidea, zirkuluerdiko arku baten bidez. Etxartearen inguruan hiru arku zorrotz daude, eta beheko solairuko geletara sartzeko modua eskaintzen dute. Zoruan errekarria dago ia etxarte guztian. Galeria oso deigarria da, zurezkoa.

Igartza jauregia