Itzuli orri osora

Donostiako udaletxea

FITXA

Izena: Donostiako udaletxea

Herria: Donostia

Auzotegi: Kortazar zabalunea

Eskualde: Donostia-Beterri

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Udaletxea

Mendea: XIX, XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Estiloa: Eklektikoa

Eraikintza Data: 1887

Beste Izenak: Gran casino

Autorea: Luis Aladren, Adolfo Morales de los Rios

Donostia turismogune handi eta garrantzitsua zen eta, bisitan joaten zirenei eskaintza hobea egin nahian, proiektu handi bat egin zuten; besteak beste, Kasinoa egitea erabaki zuten. Akzio bidezko elkarte bat sortzea proposatu zuen Udalak, 1875. urtetik aurrera bereganatu zituen lur batzuetan. Lur horiek elkarteari utzi zizkion Udalak, 60 urtean erabil zitzan, eta horiek igarota, berriro Udalak eskuratuko zituen. Akzio bidezko elkarte horrek lehiaketa deialdia egin zuen 1880. urtean, eta Luis Aladrenen eta Adolfo Morales de los Riosen proiektua hautatu zuten, aldaketa txiki batzuk egin behar izan bazizkioten ere. 1887an inauguratu zuten Kasinoa. 1891n, Luis Aladrenek berak, terraza zabaldu zuen. 1903an berriz handitu zuten terraza, eta Luis Elizalderen proiektu bati jarraituz barruko aldeko banaketa ere aldatu zuten.

Primo de Riverak boterea bereganatu zuenean, jokoa galarazi egin zuten, eta Kasinoa baztertuta geratu zen, nahiz eta noizbehinka erabiltzen zuten (ospitale gisa, jaietarako...). Hori dela eta, Udalak proiektu bat egin zezala eskatu zion Aldairi, ikusteko ea bideragarria zen Kasinoa udaletxe bihurtzea. Beharrezko ziren berrikuntzak egin zituzten, eta horietan handiena Igentea kalera ematen zuen aldea handitzea izan zen: ataria, ezkaratza eta lorategiak egin zituzten, guztia 1943an, Arizmendik egindako proiektua aintzat hartuta. Udaletxe berria 1947ko urtarrilaren 20an inauguratu zuten, hots handiz.

Eraikin bakartua da, eta oinplano bihurri samarra du, "T" formakoa. Mutrikuko kareharria eta Igeldoko eta Uliako harrobietatik ateratako hareharria ditu. Cartujan (Sevilla) eginiko pareta lauzek apaintzen dituzte lau aldeetako hormak.

Sotoa, beheko solairua eta lehen solairua ditu; atzeko aldean solairu bat gehiago du, geroztik egina. Aurreko aldea harmaila batzuen gainean dago, eta harmailen eta hormaren artean terraza handi bat geratzen da. Terraza horren azpian sotoa dago, eta lau bao angeluzuzen ditu kanpora. Terraza handi horretara iristeko, hiru eskailera maila igo behar dira.

Aurreko alde horretan, hiru gorputz nabarmentzen dira, eta atzera eramandako bi galeriek lotzen dituzte hirurak. Gorputz nagusia, halaber, hiru zatitan banatuta dago, bi dorre handiren bitartez. Zati bakoitzak hiru hutsarte ardatz ditu (beheko solairuan sarbideak dira, eta balkoiak lehenengoan). Beheko solairuan, arku eskartzanoa duten sarbideak dira nagusi eta, solairu nagusian, zirkuluerdiko arkuak dituztenak. Marko, pilastra eta inposta guztiek apaindura asko dute. Harrizko erlaitz bat du eraikinak goiko aldean, eta erloju bat ageri da erdian. Solairu nagusiko hutsarteak banaka jarritako balkoi irtenak dira. Alboetako gorputzetan bao handiagoek osatzen dute hutsarte ardatza. Horietan ere, sarbideak dira beheko solairuetakoak, eta balkoi irtenak lehen solairukoak. Galeriek bost hutsarte ardatz dituzte.

Beheko solairua arkupeek hartzen dute; arkuak eskartzanoak dira, eta zutabe ildokatuen gainean daude. Lehen solairuan balkoi jarraitu bat du. Ezkerraldeko horman, Nautikoaren aurrez aurre, hutsarteak ageri dira: erdian dago nabarmenena, eta haren albo bakoitzean hiru hutsarte ardatz ditu. Hala, hormak banaketa simetrikoa du. Beheko solairuan leihoak eta arku eskartzanoa duten sarbideak daude, eta lehen solairuan zirkuluerdiko balkoi irtenak. Besteak baino irtenago dagoen zatiak triangelu formako frontoia eta pinakuluak ditu.

Atzealdeko fatxadaren ezaugarri nagusiak aurreko aldekoaren berdinak dira. Atzealde horrek Igentea kalera ematen du, eta han dago gaur egun sarrera nagusia. 1943an atxiki zioten zatia dela eta, atzealde horretan hartzen du oinplanoak "T" forma. Lorategiak ere 1943koak dira.

Eskuineko aldeak Hernani kalera eta Bulebarrera ematen du, eta ezkerreko aldearen berdin-berdina da ia. Lehen solairuan, alboetako balkoiak jarraituak dira, eta erdikoan, Pilatosena deitzen dutena dago, zirkuluerdi formakoa, goian frontoi kurbaduna duela.

Alderdi Ederreko lorategiak, 1863a arte militarren maniobra zelai izandakoak, Pierre Ducassek antolatu zituen, frantses gustuari jarraiki, nahiz eta geroztik asko aldatu dituzten Jose Goikoa eta Luis Armando Lebreton arkitektoek.

Donostiako udaletxea