Itzuli orri osora

Txabarri jauregia

FITXA

Izena: Txabarri jauregia

Herria: Bilbo

Helbidea: Federico Moyua Plaza, 5

Auzotegi: Abando

Eskualde: Hego Uribe

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Jauregia

Mendea: XIX

hiribildua.Época: Aro garaikidea

Autorea: Atanasio Anduiza, Paul Hankar

Txabarri jauregia familia bakarreko eraikina da, eta Bilboko zabalgunean eraiki zuten. Eraikin honen fatxada itsadarrarekin lerrokatuta zegoen, eta patioa eta lorategia orubearen atzealdean geratzen ziren. Europako iparraldean oso tipikoa zen antolamendu hori, baina Bilbon arrotz gertatzen zen. Gaur egun, zabalguneko orube ezin hobe batean dago, eta hiriko plaza garrantzitsuenetako baten zati da: Moyua plazarena.

Lan eklektikoa da, eta Txabarri familiarentzat eraiki zuen Atanasio Anduiza arkitektoak, Paul Hankarren proiektuaren arabera. Oinplanoa irregularra du, eta zokaloa, beheko solairua, beste hiru solairu eta ganbara antzeko solairu bat ikusten dira.

Jauregiaren fatxada ere irregularra da eta bi ertzak alakatuak ditu. Horietatik eskuinekoan sarrera dinteldun bat dago. Hiru solairutan asimetrikoki irekitzen dira zirkuluerdiko hainbat bao , dinteldunak: leihoak, begiratokiak, eta harrizko balautreak edo burdinazko karelak dituzten balkoiak. 1943. urtean, eraikina gaur egun betetzen duen funtzioari egokitu ahal izateko -Gobernu Zibilaren egoitza da-, barruko egituraren zati bat berritu egin zuten. Egungo sarrera nagusia ere orduan ireki zuten.

Osaera askea du; asimetrikoki antolatua dago, eta hutsuneak era askotakoak dira. Fatxaden polikromia deigarria da (hareharri horiko harlanduak , kareharri grisa eta Ereñoko marmol gorria konbinatzen ditu). Horrez gain, estuko lanekin apainduta dago, eta irudi forjatu landuak ditu.

Txabarri jauregia paregabea eta bakarra da, ez bakarrik Bilboko zabalgunean, baita probintzia osoan ere. Polikromia oso berezia eskaintzen du, eta egitura erabat irregularra dauka; hori dela eta, eraikin honek ez du parekorik Euskal Herri osoan. Estetika eta apaindura bereziki zainduak ditu: estalkiaren mailan, inguru guztian, elementu zorrotzen segida bat dago, eta horrek garbi adierazten du eraikin honek harremana duela Europako iparraldeko arkitekturarekin. Bolumen handiko eraikina da, eta antolamendua erabat abangoardista du garai hartarako, alegia, 1900. urte ingururako.

Txabarri jauregia