Itzuli orri osora

Varonatarren Gaztelua

FITXA

Izena: Varonatarren Gaztelua

Herria: Gaubea

Auzotegi: Villanañe

Eskualde: Añana

Herrialde: Araba

Tipologia Orokorra: Gaztelua

Mendea: XIV, XV, XVI

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Estiloa: Gotikoa, Barrokoa

Eraikin multzo hau herrigunetik zertxobait aparte dago. Dorrea, eliza eta parkea ditu, XIV. mende bukaeran eta XV. mende hasieran eginak. Varonatarrek egin zuten, eta gaur egun arte sendi horretako kideak bizi izan dira han. Varonatarrak familia garrantzitsua izan dira ibarrean XVI. mendetik aurrera, eta Gaztelan ere eduki dute itzala. Araban dauden multzo gotortuetatik honek iraun du ongien. 1996an, Arabako Foru Aldundiak zaharberritu egin zuen.

Jauregia dorreari erantsita dago iparraldetik eta mendebaldetik. Bi defentsa lerro ditu: batetik, harresia eta babes erretena, eta, bestetik, iparraldeko eta ekialdeko esparruan zegoena (gaur egun, desagertuxea dago).

Hegoaldeko atetik sartzen da eraikinera; >arku zorrotza du ateak, eta >dobelaz hornituta dago. Badirudi garai batean beste nonbait zuela sarbidea, eta, itxuraz, sarbide altxagarria eduki zuen.

Dorrea >manposteriaz egina dago, eta >harlandua du angeluetan; gutxi gorabehera, 10 x 10 metroko >egitura karratua du. Beheko solairua eta beste hiru ditu, eta >almenak ageri dira goiko aldean. Estalkia lau isurikoa da. Bi >matakan ditu, dorrea babesteko, eta hutsarte gutxi argiarentzat. Bi leiho biki ikusten dira, aipagarriak oso: arku zorrotza dute, eta hiru ataletan landuta daude.

Gaur egun, dorrearen beheko solairua eta lehenengoa jauregiari lotu dizkiote; bigarren solairuan -jauregitik iristen da hara-, eskailera bat du, beheko bi solairuetara jaisteko eta almenetara igotzeko. Eskailera hori berria da, eta diseinua ere halakoxea du. Estalkiaren egitura metalezkoa da.

Jauregiaren ezkaratzean zoruko apaindurak nabarmentzen dira: hamabi orriko lorea ikusten da, errekarriz egina, eta handik sartzen da jauregira eta erdiko etxarte edo patiora.

Lehen solairuan dago Varonatarren bizileku izan zenaren zati nagusia; apaindura eta altzari ikusgarriak ditu. Kixoteren egongela nabarmentzen da gehien: zoruan Talaverako zeramika ageri da, XVII. mendekoa; Kixoterekin zerikusia duten irudiak ikusten dira, egongela horretarako propio eginak. Paretak paperez estalita daude, eta horiek ere zoruko irudien antzekoak dituzte. Beste egongela batean, berriz, alegoria bat ikusten da, zuri-beltzean egina: Espainiako probintziak ageri dira, garraiobideak, garai hartako dibertsio moduak, jarduera ekonomikoak, Amerikarekin eta Afrikarekin izaniko merkataritza harremanak... Logela dorrean dago: zurezko zorua du, eta altzari interesgarriak.

Bigarren solairua da eraikinaren zatirik berriena. Hortik iristen da dorrearen gorenera. Solairu horrek guztiak almenak ditu, eta horietatik soilik sartzen da argia solairu horretara.

Eliza ere badu multzoak. Habearte bakarra dauka, eta triangelu formako burualdea. Hormak >harlanduxkaz eginak ditu, eta harlanduzko zortzi >kontrahorma dauzka izkinak indartzeko. Badirudi XVI. mendeko eraikina dela. Zenbait gauza ditu erantsiak, eta kanpandorrera igotzeko eskailera da gauza guztietan aipagarriena. Dorrea ere deigarria da. Zinkez estalitako errematea du goiko aldean, geroztik egina.

Ondoan dagoen lorategia, etxartea bezala, hesituta dago. Burdin forjatuz eginiko hesia du, harrizko >pilastrekin, eta bi sarbide ditu, horiek ere forja lanez eginak. Bidexka batzuek zeharkatzen dute lorategia, eta erdian harrizko iturri bat dauka.

Varonatarren Gaztelua