Itzuli orri osora

Orendaingo Udaletxea

FITXA

Izena: Orendaingo Udaletxea

Herria: Orendain

Helbidea: Orendain,z/g

Auzotegi: Kaskogain

Eskualde: Tolosaldea

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Udaletxea

Mendea: XIX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Estiloa: Neoklasikoa

Eraikintza Data: 1830, 1832

Beste Izenak: Bainuetxe

Oso eraikin adierazgarria da, Gipuzkoan dauden eraikin neoklasikoetan ikusgarriena eta bereziena, bai bere diseinu zorrotz eta orekatuagatik, bai erabilitako materialen kalitateagatik. Orendain landa ingurua da bete-betean, herri txikia, eta horrenbestez are deigarriago gertatzen da ezaugarri horietako udaletxea edukitzea.

Beheko solairua eta lehenengoa ditu. Fatxada nagusia kareharri landuz egina dago, eta hiru gorputz edo atal bereizten dira: erdikoa eta alboetako biak (beheraxeago geratzen dira, eta apur bat barrura sartuta daude). Eraikinaren zabalera osoan jarritako platabanda batek bereizten ditu beheko solairua eta lehenengoa. Baoak ardatzetan banatuta daude, simetrikoki jarriak, eta platabandak dituzte inguruan. Bi alboetako gorputzek bao ardatz bana dute: leihoak dira bi solairuetan, eta behekoak hesituta daude.

Erdiko gorputzak lau pilastra ditu -egituraren elementu nagusiak-, eta horiek eusten diote taulamenduari. Taulamenduaren arkitrabe luzatuak egiten du alboetako gorputzen erlaitz lana. Erdiko gorputzaren goiko aldean, triangelu formako frontoia du, eta, han, herriko armarria. Pilastratik pilastrara dauden tarteetan baoak ageri dira, eta beheko solairuan zirkuluerdiko arkuak ditu; udaletxeek izan ohi duten arkupe klasikoa eratzen dute. Lehen solairuan balkoiak daude, harrizko zoruarekin eta burdin forjatuzko eskudel sinplearekin.

Alboetako fatxadetan, manposteria igeltsuztatuz eginak daude hormak, eta harlandua ageri da baoen markoetan, izkinetan eta platabandetan. Eskuineko aldea oso xumea da; platabanda badu, baina gainerako elementu adierazgarri guztiak falta ditu. Hiru bao ditu solairu bakoitzean, ardatzean jarrita. Beheko solairuan leiho txiki bat du, eta hesitutako beste bi leiho. Lehen solairuan ere leihoak ditu, bat besteak baino handiagoa. Ezkerreko aldea ere xumea da, baina aldatu gabe iraun du. Hiru bao ditu solairu bakoitzean, ardatzean jarriak horiek ere; guztiak leihoak dira, eta beheko solairukoak hesituta daude.

Atzeko aldea oso aldatuta dago, eta interes gutxi du.

Behin baino gehiagotan esan izan da Justo Antonio Olagibelek egina dela udaletxe hau; egia da Orendaingo udaletxea eraikitzeko plano batzuk egin zituela Olagibelek, baina plano haiek ez datoz bat azkenik egin zuten eraikinarekin.

Orendaingo Udaletxea