Itzuli orri osora

Ariztegieta

FITXA

Izena: Ariztegieta

Herria: Donostia

Helbidea: Pirotegi, 58

Auzotegi: Igeldo

Eskualde: Donostia-Beterri

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Baserria

Mendea: XVIII

hiribildua.Época: Aro Berria

XVIII. mendeko eraikin trinkoa da Ariztegieta, herri arkitekturaren eta arkitektura landuaren erdibidean dagoen baserria. Igeldo-Mendiren hegoaldean dago eraikin bikain hau, leku paregabean: Donostia dena eder eta zoragarri ikusten da bertatik. Oinplano handia du,angeluzuzena , eta beheko solairuak, lehen solairuak eta ganbarak osatzen dute etxearen banaketa. Teilatua hiru isurikoa da, eta teilatu gailurra alde nagusiari buruz perpendikularra. Hareharrizko manposterian eginak ditu hormak, eta harlandua du baoen markoetan, platabandetan eta eskantzuetan. Baoak dinteldunak dira, neurriz handi samarrak.

Alde nagusiaren bereizgarria erdiko ardatza da, egiturari ordena bat eta simetria bat ematen baitio. Arku karpanel handi bat du eta, haren gainean, balkoi jarraitua eta armarri bikaina; horiek guztiek nabarmendu egiten dute alde nagusi hori. Balkoietara sartzeko, bi ate ageri dira. Burdin forjatuzko eskudela du balkoiak, harrizko erlaitzaren gainean; erlaitz horri, era berean, harrizko mentsulek eusten diote. Pare horretan, platabanda batek solairuen arteko bereizketa egiten du. Ganbaran, bao markodunak ageri dira, eta teilatu gailurraren parean baserria haizeberritzeko hutsarteak daude. Izkinetan, espoloiak ditu, eta alde nagusia babestuta geratzen da, haizetik behintzat. Horma igeltsuztatuta eta kareztatuta dago.

Gainerako hiru aldeetako hormak ez daude kareztatuta, eta bao berri batzuk dituzte, harlanduzko markoarekin; alde horiek bi solairu soilik dituzte. Alde nagusian bezala, platabandak egiten du solairuen arteko bereizketa etxearen inguru guztian. Ekialdera ematen duen aldea nabarmendu behar da: hiru bao ardatzeko egitura ordenatua du ezkerrera, eta bi saietera txaranbeldu eskuinera. Eskantzuaren goiko aldean bere lekutik mugitutako harlandu bat ageri da. Hirugarren Karlistaldiko borroketan (1867) kanoi tiro batek jo zuen alde horretan, eta horregatik dago horrela.

Iparraldeko aldean, eskailera bat ageri da, geroztik erantsia, lehen solairuan dagoen bizilekura igotzeko. Bizilekura eta alboetako eskaileretara iritsi aurretik, arkupe handi bat dago, pasabide markodun handiekin. Arkupearen gainean, lehen solairuan, famili egongela handia dago, alboetara bi logela nagusiak dituela.

Luzeran horma batek bi bizitzatan banatzen du baserria. Bizileku nagusia ekialdean dago, eta tornuan landutako zurezko eskudela duen eskailera bat du. Eraikinaren beste erdian, ezkerrekoan, badirudi beste bizileku bat zegoela, etxeko zerbitzuetarako, baina egun biltegi moduan erabiltzen dituzte gela horiek. Baserriaren atzeko aldean, ukuilua eta lastategia daude, eta bizileku bat ere bai, ipar-ekialdeko angeluan. Fatxada nagusitik metro gutxira lorategi handi bat dago, igerileku angeluzuzen txiki batekin; horma garai batzuek inguratzen dute igerilekua.

Barruko banaketa luzeran jarritako lau hormartek egiten dute. Egitura osatzen duten zutoin batzuek zizel lanak dituzte kapitel modura, eta teilatuaren hegalean, besoen gainean dauden habe batzuetan, apaindura barrokoak ageri dira.

Ariztegieta