Itzuli orri osora

Aramaioko Udaletxea

FITXA

Izena: Aramaioko Udaletxea

Herria: Aramaio

Helbidea: Bizente Goikoetxea,1

Auzotegi: Ibarra

Eskualde: Gorbeialdea

Herrialde: Araba

Tipologia Orokorra: Udaletxea

Mendea: XVIII

hiribildua.Época: Aro Berria

Estiloa: Barrokoa

Eraikintza Data: 1742

Bizente Goikoetxea plazan dago, eta plazako eraikinik bikainena da (gainera, orain dela gutxi zaharberritu dute). Eraikin bakartua da, oinplano angeluzuzena du, eta lau isuriko estalkia. Bi alde nagusietan harlandua ageri da, eta gainerako biak manposteriaz eginak ditu, eta kareorez estaliak.

Alde nagusia plazara begira dago, eskuinekoak kale batera ematen du, atzekoak errekara, eta ezkerrekoak kale txiki batera. Beheko solairua eta beste bi gehiago ditu. Beheko solairua eta lehenengoa inposta molduratu batek bereizten ditu, eta lehenengoaren eta bigarrengoaren artean inposta lau bat ageri da. Goiko aldean, bigarren solairuaren eta estalkiaren artean, inposta lau bat eta erlaitz molduratu bat ikusten dira. Teilatu hegalaren giltzarrietan zizel lanak ageri dira. Atzeko aldean ez du erlaitzik, eta inposta molduratua beharrean, laua dauka.

Beheko solairuan deigarria da ataripearen forma eta hedadura. Alde nagusian bost arku ditu, eta oso-osorik hartzen du; eskuineko fatxadaren zati bat ere hartzen du ataripe horrek (hiru arku ditu albo horretan). Lehen solairuan balkoiak ditu, eta guztietan nabarmenena alde nagusian dago, erdi-erdian: hiru hutsarte dinteldun dauzka, guztiak molduratuak; balkoi horren balaustrea ere interesgarria da, eta zorroten bat ere badu, xaflaz egina. Albo bakoitzean gisa horretako beste balkoi bana dago, baina erdiko hori baino sinpleagoak dira.

Goiko solairuan ere erdiko ardatza nabarmentzen da: zirkuluerdiko hiru hutsarte ageri dira, burdinazko karelak dituztela, eta horien alboetan leiho angeluzuzenak, nahiko xumeak.

Eskuin alboko fatxadan hiru balkoi ditu solairu nagusian (alde nagusikoen modukoak dira), eta erdikoa beste biak baino handiagoa da. Goiko solairuan, berriz, hiru leiho ditu.

Atzeko aldean, eskuin muturrean, ataripera sartzeko arku bat dauka eraikinak, eta beheko solairua eta lehenengoa hartzen dituen bao bat ere bai. Ezkerrean hiru leihoko ardatz bat ikusten da, eta behekoak hesi barrokoa dauka, maila onekoa. Ezker alboko beste fatxadan, berriz, bi ardatz ikusten dira: ataripeko arkuek, balkoi batek eta leiho batek osatzen dute lehena, bestea, berriz, leiho ardatz bat da.

Aramaioko Udaletxea