Itzuli orri osora

Iturbe, 4ko Etxea

FITXA

Izena: Iturbe, 4ko Etxea

Herria: Zigoitia

Helbidea: Iturbeko,4

Auzotegi: Maurga

Eskualde: Gorbeialdea

Herrialde: Araba

Tipologia Orokorra: Jauregia

Mendea: XVIII

hiribildua.Época: Aro Berria

Estiloa: Barrokoa

Eraikintza Data: 1777

Beste Izenak: Epi Etxea

Eraikin bakartua da, eta herriaren hegoaldean dago. Barroko garaian egin zituzten goi mailako bizilekuen arkitektura ezaugarriak oso ongi islatzen ditu eta, Berastegitarren jauregiarekin batera, Iturbeko etxea da horren adibiderik onenetakoa. Bi gorputzek osatzen dute etxea: gorputz handiena kubikoa da, eta han zegoen bizilekua; beste gorputza txikiagoa da, luzea, eta gorputz nagusiaren atzeko aldean dago, hari erantsita. Gorputz horrek funtzio osagarria zuen.

Bizilekuak oinplano karratua du. Beheko solairua, lehenengoa eta ganbara ditu. Alde nagusia harlanduxkaz egina du, eta harlandua dauka eskantzuetan, baoen markoetan eta apainduretan.

Alde nagusia hegoaldera begira dago, eta bi inposta lau ditu solairutik solairurako tartean. Soiltasuna eta oreka adierazten ditu alde nagusi horrek. Hiru bao ardatz ditu, eta erdikoan sarbidea dago: dintela du, dobelaz hornitua eta, horren gainean, balkoi handi bat ageri da. Balkoiaren erlaitza harri molduratuz egina dago, eta burdinazko karel bikaina du, guztiz aipagarria. Erdiko ardatz horrek armarri rococoa du goiko aldean, eta jauregia eraiki zuten urtea ikusten da bertan: 1777. Armarri horretan ageri diren armak Tomas Basertine jaunarenak dira.

Alde nagusi horren alboetako ardatzetan leihoak ikusten dira, baita hormaren arrasean jarritako balkoiak ere, burdinazko karel eta guzti; ganbaran, leiho txikiak ageri dira.

Atearen aurrean, harrizko alfonbra balitz bezala, hainbat koloretako harlauza bat dago, irudi geometrikoekin apaindua.

Jauregiaren gainerako aldeak oso itxiak dira; manposteriaz eginak daude, eta bao txikiak dituzte, harlanduzko markoarekin eta ordena handirik gabe banatuta.

Teilatu hegalaren gainean landu gabeko mentsula irtenak ditu.

Atean eta leihoetan maila oneko zureria dauka.

Iturbe, 4ko Etxea