Itzuli orri osora

Eduegi

FITXA

Izena: Eduegi

Herria: Bergara

Auzotegi: San Kristobal

Eskualde: Debagoiena

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Baserria

Mendea: XVI, XVIII

hiribildua.Época: Aro Berria

Angiozar ibarreko mendi malda malkartsu batean dago Eduegi baserria. Nahiko toki itzaltsua da. Lehen bezala gaur egun ere, nekazaritzara eta abeltzaintzara emana dago baserria. Familia bakarra bizi da eta, neurriz, erdi mailako baserria da, oinplano angeluzuzena duena. Zurezko estalkia du, isuri bikoa, eta teilatu gailurra, berriz, etxearen alde nagusiari buruz perpendikularra.

Bi solairu, ganbara eta sotoa ditu. Alde nagusia hego-ekialdera begira dago; manposteriaz egina da, eta harlanduzko eskantzuak ditu. Zirkuluerdiko hiru arku handi ikusten dira, inpostekin . Arku horietako bat itsu dago egun (atzean sukaldea du). Ezkaratzean, sarbide dinteldun bi ditu, harlanduzko markoekin, eta saietera batzuk. Alde nagusi horrek, gainera, sotora ematen duen sarbide dinteldun bat badu, eta harlanduz inguratutako sei leihoren hutsarteak, ez guztiak berdinak. Lehen solairuaren parean, eta teilatu gailurrarekiko perpendikularra den lerroaren alde batera, armarria dauka, hareharriz egina, eraikinaren gainerako zatien antzera. Armarriaren azpian honako idazki hau ageri da: ARMAS DE ESTA CASSA SOLAR DE EDUEGUI y ESDEBINCULO y MAIORAZGO (Eduegi oinetxeko armak; mendekoa eta maiorazkoa).

Ipar-ekialdera ematen duen aldea ere manposteriaz egina dago; eskantzuak harlanduzkoak ditu, eta, sotoaren parean, bi saietera txaranbeldu ikusten dira, neurri desberdinetakoak, eta leiho txiki bat, guztiak ere harlanduzko markoarekin. Beheko solairuaren parean, balkoi kareldun bat ageri da, eta bi leihoren hutsarteak, harlanduz inguratuak eta harrizko barlasai banarekin. Lehen solairuaren parean, estalkiaren azpian, modiloi lerro bat ikusten da. Hego-mendebaldera ematen duen aldean, zubi bat du, eta lurraren gorabehera baliatuz atxikitako zati bat lehen solairuaren parean; horietatik sartzen da lehen solairura, mandiora eta sabaira.

Atzeko aldea -ipar-mendebaldera ematen du- harlanduzkaz eta manposteriaz egina da, eta gotiko itxurako ukituak ditu. Atzealde hori XVI. mendekoa da, jatorrizko etxearena, eta XVIII.ean handitu egin zuten. Bi garaietan erabilitako materialen arteko aldea bistakoa da. Atzeko alde horrek lau hutsarte edo irekidura ditu soilik: leiho gotiko bat eta zurezko markoa duten hiru leiho desberdin.

Barruko banaketan hiru zati bereizten dira: ukuilua eta ganbara; XVI. mendean egindako gelak eta bizilekua; eta eraikinaren ataripea eta aurrealdeko zatia. Harrizko horma lodi-lodiek bereizten dituzte hiru zatiak. Ukuiluan -beheko solairuan da- eta lastategian eta ganbaran -lehen solairuan dira-, haritz zurez egindako armazoi bikaina dago, atal bakarreko zutabeekin. Zurezko dolarearen bastidore edo armazoi osoa gorde du, baita habeen mihiztadura onak ere. Baserriaren sabai-leihoa aldatu egin zuten XVIII. mendean. Aldaketa hori egin zutenean, baserriaren egitura ere berritu zuten.

Esan daiteke baserri honek elementu asko dituela baliozkoak: egitura gotikoak; zurezko dolarea; paramentu gotikoak; leiho eta ate gotikoak; suaren kontrako atea, burdin forjatuz egina; harrizko lauzak; sotoa, leihoak, balkoiak eta Berpizkunde garaiko barlasaiak; arkuteria barrokoa; armarria... Etxeen egiturak mendeetan izan dituen bilakaera eta aldaketak oso ongi erakusten ditu erabat zaharberritu duten baserri honek. Gainera, etnografiari buruzko balioa ere badu.

Eduegi