Itzuli orri osora

Sancti Spiritus Unibertsitatea

FITXA

Izena: Sancti Spiritus Unibertsitatea

Herria: Oñati

Helbidea: Unibertsitate Etorbidea,8

Auzotegi: Hirigunea

Eskualde: Debagoiena

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Unibertsitatea

Mendea: XVI

hiribildua.Época: Aro Berria

Estiloa: Errenazentista

Beste Izenak: Oñatiko Unibertsitatea

Rodrigo Mercado Zuazola jaunak ikastegi bat sortu nahi zuela jakinarazi zion Oñatiko Kontzejuari, 1534ko irailaren 24an. Garai hartan, unibertsitateak sortzeko, Aita Santuaren bulda beharrezkoa zen. Paulo III.ak 1540ko apirilaren 23an eman zion, baina benetako baimena ez zen iritsi 1549a arte, eta, ordurako, Rodrigo Mercado Zuazola hila zen. Eraikitzeko lanak 1540an hasi zituzten (ez da ezagutzen lanak zuzendu zituen arkitektoaren izena). Domingo Carrerak, Pierres Picartek eta Gibajak hartu zuten proiektua aurrera ateratzeko ardura -hurrenez hurren, hargina, eskultorea eta kasetoiduren egilea-. 1548an hasi ziren eskolak ematen Unibertsitate Berrian.

Arazo ekonomiko ugari izan zituen beti ikastegiak, eta 1777a arte ez zuen lortu goi mailako ikasketak emateko baimena. XIX. mendean hainbat eztabaidari aurre egitea egokitu zitzaion. 1807an, dekretu bidez, beste hamar unibertsitaterekin batera, Oñatikoaren jarduera ere eten egin zuten. Ondoko urteetan abian jarri zuten berriro, baina karlisten unibertsitatea zelakoan, haren aurkako hainbat erabaki hartu zituzten 1842an, eta Bigarren Hezkuntzako Institutu bihurtu zuten. Nekazaritza Eskola, Foru Unibertsitate, Seminario... izan ondoren, 1895-1896 ikasturtean unibertsitate ikasketei ekin zieten berriz, baina 1901ean bertan behera geratu zen, behin betiko, Errege Dekretu bidez. Azkenaldi horretan, Filosofia eta Letretako eta Zuzenbideko ikasketak eskaini zituzten, eta Notariotza karrerako ikasketa osagarriak ere bai. Gaur egun, Protokoloen Artxiboa, Lege Institutua eta HAEEren bulegoak hartzen ditu bere baitan. Rodrigo Mercado jauna gogotik saiatu zen unibertsitate hau ezohiko zerbait izan zedin, eta gaur egun, zalantzarik gabe, Berpizkunde garaiko eraikinetan, Euskal Herriko onena da.

Eraikin bakartua da, oinplano angeluzuzenekoa, eta barruko aldean etxarte edo patioa du. Gutxi gorabehera 46,20 metro luze bider 37,50 metro zabal izango da. Garai hartako unibertsitateek bezala, Oñatikoak ere galeriak ditu, kapera (ezkaratzaren alde batera) eta gela handiak. Hormak ageriko manposteria landugabez eginak daude, eta kontraste nabarmen-nabarmena egiten dute eskantzuetako harlanduekin, baoen markoekin eta apaindura fin-fin zizelkatuekin. Bi solairuko eraikina da, eta klaustro-eskailera du, harrizkoa, mudejar erako kasetoidura bikainarekin. Geroztik, beste eskailera bat egin zuten, etxartearen beste aldean.

Fatxada nagusiak hiru atal edo gorputz ditu: erdikoa eta muturretako biak, zeinetan bi kubo ageri baitira, dorre handien modukoak, erdiko atala baino solairu bat gehiagokoak. Erdiko gorputz horretan, tradizio gotikoari jarraituz, tenplete modura apaindutako bi kontrahorma ateratzen dira. Erdiko gorputz honek alboetako biekin bat egiten du; alboetako bi gorputzek ere kontrahormak dituzte, kanpoaldeko bi muturretan, hain zuzen, eta erdiko gorputzean ageri direnak baino ederragoak dira. Multzoak, berez, ezaugarri klasikoak ditu, baina aurreko alde horretako fatxadan ageri diren dorretxoetan, eta alboetako kontrahormetan -lerdenak eta altuak- egitura gotikoen eragina sumatzen da. Eragin hori are nabarmenagoa da beste zenbait ezaugarritan: apaindura ugaritasunean, estatuen mentsuletan, zutoinen fusteetan, frisoetan eta goiko aldeetan ageri diren elementuetan (gargola gotikoak oroitarazten dituzte).

Fatxadaren erdiko gorputza elkarren gainean jarritako hiru planok osatzen dute. Lehen planoan atea dago, zirkuluerdiko arku batekin eta aingeru buruek apaintzen dituzten molduren azpian. Arkuarteetan Adan eta Evaren erliebeak nabarmentzen dira. Alboetara, zutoinen artean -apaindura ugari ikusten zaizkie fusteen azpian- santu fundatzaileen estatua bi daude, idulki gainean. Bigarren planoan, zirkuluerdiko arku handi baten azpian, On Rodrigo apezpikuaren estatua ageri da, otoitzean. Zutoin balaustredun txikien artean geratzen da apezpikua, eta bi aingeruk eusten diote haren armarriari. Urrezko xingola batek bereizten dituen bi eguzkik osatzen dute armarria, eta honako idazki hau ikus daiteke: "Sol justitiae Xpo. Deus Noster a solis ortu usque ad occasum". Fatxadaren hirugarren planoan, Carlos V.aren armarri handi bat dago. Horren gainean, kanpandorre xumea ikus daiteke, triangelu formako frontoi batekin eta, apaingarri gisa, tinpanoan medailoi bat duela.

Sarreraren alboetan eta dorre handien muturretan dauden pilastra handiak dira aurreko alde horretako elementurik apaingarrienak. Emakumezko santuen hogeita hamar estatua dituzte eta bertuteen alegoriak, erliebe mitologikoez gain. Pilastra handi horietako irudiak zutoinen artean geratzen dira, eta zutoin horiek apaindurak dituzte fusteen beheko aldean, baina ez guztiek berdinak; gauza bera gertatzen da nitxoen eta oinazpikoen apaindurekin. Gainerakoan, aurreko alde horretan, zenbait bao ikusten dira, eta, balkoi irten eta jarraitu bat izan ezik, beste guztiak leihoak dira. Balkoiaren karelean dagoen burdinaren forja lana eta leihoen hesiak dira gauzarik aipagarrienak. Estalkia, eraikin guztian, molduratutako harrizko erlaitzen gainean dago, eta gargolak ditu izkina guztietan, atzeko aldeko estalkian izan ezik.

Ezkerreko aldeak 11 leiho ardatz ditu, asimetrikoki banatuak. Atzeko aldeak bederatzi hutsarte ardatz ditu, guztiak leihoak, sarbide bat izan ezik; horiek ere asimetrikoki banatuta daude. Eskuineko aldean sei ardatz daude, binaka bilduak. Beheko solairuetakoak leiho angeluzuzenak dira, eta lehen solairukoak, berriz, balkoi zertxobait irtenak, zirkuluerdiko arkuarekin eta harlanduarekin (moldura gutxi batzuk dituzte).

Sarrera arranditsua igaro eta klaustro eder bat ageri da, moldura finez apainduta dauden zirkuluerdiko arkuekin. Atariaren eta klaustroaren artean atarte bat dago eta, bertan, kasetoidura da gauzarik aipagarriena; eskaileran dagoenaren berdina da, eta Gibaja avilarrak egina dela esaten da. Atarteko atean, latinezko idazki bat dago, eta hau dio, gutxi gorabehera: "Rodrigo Mercado Zuazolak, Avilako apezpiku, Nafarroako erregeorde eta Granadako presidenteak, eraikia. 1548ko otsailaren 4an hil zen".

Klaustroak bi pisu ditu, eta klaustro-eskailerak lotzen ditu biak. Bigarren pisuko galeriaren balaustreak xumeak dira, baita estalkiaren kasetoidura ere xumea da. Kasetoien giltzarrietan, Kristoren anagrama eta apezpikuaren armarriaren eguzkia tartekatzen dira. Klaustroaren forma nahiko angeluzuzena da; alde txikienetan sei arku ditu, eta, zazpi, handienetan. Hogeita hamabi medailoik apaintzen dituzte arkuarteak (horrek agerian uzten du Pierres Picarten lana).

Garai hartan ohikoa zen beste gauza bat ere ageri da patioan eta eraikinaren fatxadetan: armarri landuak. Klaustroaren angelu guztietan badago bat, eta beste bi ageri dira alde bakoitzaren erdialdean. Jatorrian, gailurreria gotiko bat zuen goiko aldean; gaur egun, gargolak soilik ditu. Gargola horiek antzinako funtzioa betetzen dute klaustroan, eta kanpoaldean, berriz, apaingarri besterik ez dira.

Kapera ere aztertzea merezi du. Atartetik sartzen da hara, eskuinetara geratzen den zirkuluerdiko arkuan barrena. Oinplano angeluzuzena du, eta manposteria agerian geratu zaio. Gurutze ganga konplexu eta bihurri batek estaltzen du. Gangen giltzarrietan apaindurak ageri dira: IHS, apezpikuaren armarriaren eguzkiak eta armarria bera. Aingeru guardakoaren motiboekin zizelkatutako mentsulen gainean daude gangak. Epistola dagoen aldean zirkuluerdiko arkua duten bi leiho daude. Atzeko aldean koru altua du, zurezkoa.

Kaperak duen gauzarik deigarriena Berpizkunde garaiko oholtza da; burualde laua alderik alde hartzen du oholtzak. Hori ere Picartek egina dela esaten da. Oholtza edo erretaula hori oso aberatsa da apainduretan, bai ugaritasunagatik, bai aniztasunagatik.

Sancti Spiritus Unibertsitatea