Itzuli orri osora

Vasco-navarro trena

FITXA

Izena: Vasco-navarro trena

Herrialde: Gipuzkoa, Araba

Tipologia Orokorra: Trenbidea

Tipologia Zehatza: Trenbideak eta funikularrak

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Eraikintza Data: 1919

Deskripzioa eta datu historikoak:

1919an inauguratu zuten Vasco-Navarro burdinbidea, Anglo-Vasco-Navarro ere esaten zitzaiona. Tren hark Gasteiz eta Bergara lotzen zituen, Debagoiena zeharkatuz, eta Gasteizen Norteko zabalera estuko trenbide sare zabalari lotzen zitzaion.

Burdinbidea eraikitzeko behar zen kapitalaren bila ingeles merkatura jo zen eta, horrenbestez, 1886an, "The Anglo Vasco-Navarro Railway Company Limited" konpainia eratu zen. 1887an hasi ziren lanak, Gasteizen, eta 1889an dagoeneko trenak martxan zebiltzan Gasteiz eta Gatzaga artean. Lurrak berdintzeko lanek aurrera jarraitu zuten, baina Eskoriatzara iritsi zirenean, enpresak porrot egin zuen eta eraikuntza gelditu egin behar izan zen.

Hainbat urtez zer gertatuko zen jakin gabe egon ondoren, kalte izandako hiru diputazioen presioen ondorioz, lanak finantzatzeko adostasuna lortu zen: hiru Foru Aldundiek ordainduko zuten, administrazio zentralari urtero ordaindu beharreko kupoaren lepora.

1914an lanei ekin zitzaien berriro ere, eta 1915ean, azkenik, trenak Eskoriatzaraino iritsi ziren; Arrasatera 1918an iritsi zen lehenengo trena. Handik urte batera Gasteiz eta Bergarako Mekolalde auzoa bitarteko linea amaitu zen, eta azken horretan Eusko Trenbideen sareari lotzen zitzaion.

Halaber, linea berriarekin Oñati aparte gera ez zedin, 1923an adar bat abiarazi zen, Oñati eta Bergarako San Prudentzio lotzen zituena.

Amaitzeko, Gasteiz-Lizarra tartea 1929an inauguratu zen. Zati hori jada trakzio elektrikoarekin inauguratu zen, baina Bergarako eta Oñatiko lineetan 1938. urtea arte ez zen trakzio sistema berri hori ezarri. Uste askoan Estatuko "Explotación de Ferrocarriles" arduratu zen Vasco-Navarro hura egoki zaintzen, baina 60ko urteetan diru laguntzak eten egin ziren eta, ondorioz, 1967an zerbitzua bertan behera geratu zen.

Anglo-Vasco-Navarro burdinbideak aztarna ugari utzi ditu Arabako lurralde historikoan, bai trazatuari dagokionez, bai geltokietan zeuden eraikinei dagokienez, izan ere, horietarik gehienak zutik daude oraindik ere, Gasteizkoa eta geltoki txikiren bat izan ezik.

Gipuzkoako zatian Eskoriatza eta Gatzaga lotzen dituen errepidea zeharkatzen duen zubia nabarmentzen da. Eskoriatzan manchestertar estiloko geltokia da aipagarri, non hormetako paramentuetan adreilua eta harria tartekatuta ageri diren. Oñatin, berriz, 1923an jaso zen geltokian, guztia harlanduz egindako eraikina ikus daiteke, izan ere, ez zuten nahi izan aurrez aurre daukan Unibertsitatearekin kontraste handiegia eman zedin.

San Prudentziotik Bergarara bitartean Arrasateko eta Eskoriatzako geltokien antzeko estiloko eraikina azpimarra daiteke. Lineak Mekolalde auzoraino jarraitzen zuen, non Eusko Trenbideekin lotzen zen. Leku horretan ez da eraikinik geratzen, eta pasonibela zen eraikin xume bat baino ezin da gaur egun ikusi.

Vasco-navarro trena
Vasco-navarro trena