Itzuli orri osora

Urolako trena

FITXA

Izena: Urolako trena

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Trenbidea

Tipologia Zehatza: Trenbideak eta funikularrak

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Eraikintza Data: 1926

Autorea: Ramon Kortazar

Deskripzioa eta datu historikoak:

Zumarraga eta Zumaia lotzeko burdinbiderako lehenbiziko proiektua (Gipuzkoan egin zirenetan azkena) Urolako udalek egindako eskariaz aurkeztu zen, 1887an. Bidean oztopo ugari aurkitu eta gero, behin betiko proiektuaren eraikuntza enkantean parte hartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiari esleitu zitzaion, 1920an.

Diputazioko arkitektoa zen Ramon Kortazar jauna aukeratu zuten teknikari, burdinbidearen eraikuntzari zegokion guztia zuzenean kudeatzeko sortu zen Batzordearen barruan.

Lan guztiak amaitu zirenean, burdinbidea 1926an inauguratu zen, eta protokolo ekitaldi hartara errege Alfontso XIII.a joan zen.

Trena 1986. urtea arte ibili zen, izan ere, 1920az geroztik esleipena zeukan Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari pasatu zion haren gaineko eskumena.

Handik gutxira, 1988ko otsailaren 5ean, bideragarritasun arazoak zirela kausa, burdinbidea itxi egin zuten, eta tren zerbitzuaren ordezko-edo autobus linea bat ezarri zuten.

Urola trenak izen bereko ibarra zeharkatzen zuen, zeina, gainerako gipuzkoar ibar guztiak bezala, zuloan sartuta dagoen, batez ere goiko aldeari dagokionez. Azpeitia igaro eta gero harana zabaldu egiten delako, hortik aurrera komunikazioak errazagoak dira.

Trazatua Zumarragan hasten zen, eta bertan Ferrocarriles Vascongadosekin eta Norteko trenbidearekin zerbitzu konbinatua emateko instalazioak egin behar izan ziren. Urola ibai osoan barrena zihoan trena eta, oso haran meharra zeharkatu behar zuenez, tunelak eta zubiak bata bestearen ondoan zeuden (gaur egun ikus daitezke), behin ibaiaren alde batean, behin beste aldean, batez ere Urretxu-Azkoitia tartean. Nabarmentzeko da Zestoako Bainuetxearen parean oso kontu handiz ibili behar izan zela, dinamita leherketekin bertan ustiatzen zen lurpeko iturburua desbidera ez zedin.

Iraetara iritsi eta, Urola ibaia alde batera utzi eta Arroa ibaiaren banalerroa gurutzatu eta gero, azken horren arroari lotzen zaio Zumaiara iritsi arte. Zumaiako geltokian Bilbo-Donostia linearekin lotzen zen. Aipatu geltoki horretatik portura jaisteko adar bat ateratzen da eta, bertan, Aldundiak kai bat eraiki zuen merkantziak kargatu eta deskargatzeko.

Zumarragatik Zumaiako geltokiraino burdinbidearen luzera 34,4 km da, eta 29 tunel zulatu behar izan ziren. Aipatzeko da 28. tunela, Urola eta Arroa bitarteko banalerroan, Iraetako geltokiaren irteeran, 456,50 m-koa. 20 zubi ere eraiki behar izan zituzten.

Trena trakzio elektrikoz mugitzen zen. Indarra Azpeitian berariaz kokatu zen azpiestazioak ematen zien, eta bertan elkartu ziren instalazio gehienak: kotxetoki handia, bulegoetarako eraikin berezia eta lantegiak.

1950 aldera lineak 21 kotxe zeuzkan bidaiarientzat eta 81 bagoi merkantzietarako. Material hori Beasaingo "Compañía Auxiliar de Ferrocarriles" CAF etxeak egin zuen. Merkantzietarako bagoi arruntak, berriz, "Talleres de Miravalles" sozietateak eginak ziren.

Geltokiak Kortazarren lana dira eta guztiak desberdinak dira, betiere kokatu behar ziren herrien ezaugarriei begira eginak. Zestoako Bainuetxekoa azpimarra daiteke, udalerri bereko Lili jauregia gogorarazten duelako, edota Loiolako geltokia, hortik gertu dagoen San Inazioren Basilikaren estilo herreratarra gogorarazten duelako.

Geltoki gehienak abandonaturik daude gaur egun. Batzuk, ordea, Zumarraga eta Urretxukoa esate baterako, okupaturik daude, eta gehienei beste erabilera bat bilatzen ari zaie: udal liburutegia... Azpeitikoan Trenaren Museoa jarrita dago.

Urolako trena