Itzuli orri osora

Asura

FITXA

Izena: Asura

Herria: Lizartza

Auzotegi: Basaitzaldea

Eskualde: Tolosaldea

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Baserria

Mendea: XVI, XVIII

hiribildua.Época: Aro Berria

Estiloa: Barrokoa

Baserri bikaina da, eta ezin hobeto eutsi dio jatorrizko itxurari. Nafarroako mendialdeko baserri barrokoen eredurik adierazgarriena hauxe da Gipuzkoan. Otsabio mendiko magal batean dago, malda handiko eremuan, Araxes ibaiaren haranean, leku irekian. Zelaiak, bazkalekuak eta alor landuak ditu inguruan. Baserriak bere baratzea ere badu, manposteriazko horma batekin hesitua, alde nagusiaren aurrean (hegoaldera). 1930. urtera arte jatorrizko familiako kideak bizi izan ziren bertan.

Oinplano angeluzuzeneko eraikina da, isuri biko teilatuarekin eta teilatu gailurra alde nagusiari buruz perpendikularra duela. Hormak manposteriazkoak ditu, eta igeltsuztatuta eta kareztatuta daude. Harlanduz eginiko eskantzuak nabarmentzeko modukoak dira, eta lau aldeetako hutsarteen markoak ere bai. Hiru solairu eta ganbara ditu. Soto-upeltegi bat du ekialdean, eremuaren malda aprobetxatuz egina.

Alde nagusia gaur egun bigarren mailakoa da. Egitura originala du, simetrikoki banatutako lau bao ardatzekin. Leihoen hutsarte guztiek harlanduzko markoa dute; beheko solairuan bi sarbideren hutsarteak ditu, eta, lehen solairuan, balkoi irten batena (horiek ez dute harlanduzko markorik). Sarbideetako batek zirkuluerdiko arku bikaina du, dobeladuna (zati bat itsututa dago). Beste sarbidea dintelduna da. Balkoiak harrizko zorua du eta eskudela burdin forjatuzkoa da. Teilatu hegala nahiko irtena du.

Ekialdeko aldearen osaera erregularra da, eta bi leiho ardatz ditu, harlanduzko markoarekin. Sotoaren parean, arku zorrotz bat ikusten da (upeltegirako atea dago bertan). Upeltegian bi saietera ageri dira.

Mendebaldeko fatxadan, iparraldetik gertuen dagoen zatian, hormigoizko terraza bat dago atxikita, eta lehen solairutik irteten da bertara. Alde horrek ez du hutsarte asko: hiru leiho dinteldun, harlanduz inguratuak, eta zirkuluerdiko arkua terrazaren azpian, dobelaz hornitua.

Baserrirako sarbide nagusia iparraldera ematen duen aldean dago gaur egun, lehen solairuan. Sarbide hori zirkuluerdiko arku bikaina da, dobelaz hornitua; arkuaren gainean, nitxo txiki batean, irudi erlijioso bat dauka. Ezkerreko aldean, leiho dinteldun bat du, harlanduzko markoarekin. Ezkerrerago, zementuzko zubi-arrapal bat ikus daiteke, zeinak mandiora eramaten duen zuzenean.

Baserriaren egitura atal bakarreko sei zutoinen gainean bermatuta dago. Zutoin horiek beheko solairutik irteten dira, eta harrizko pilareen gainean daude. Lehen solairua, bigarrena eta ganbara zeharkatzen dituzte, eta estalkian amaitzen dira. Zeharkako habe luzeak ditu, zutoinetan mihiztatuak eta mota askotako besoekin indartuak, eta horrek guztiak egitura bikaineko baserri bihurtzen du Asura.

Mandioko zorua zurezko oholez egina da; opaitzurrarekin landuta dago, eta burdin forjatuzko iltzez josia. Eskailera trinko batzuek lotzen dituzte solairuak. Lehen solairuan, ezkaratz handi bat dago, eta haren inguruan banatzen dira gelak.

Asura