Itzuli orri osora

"Altos hornos de vizcaya"

FITXA

Izena: "Altos hornos de vizcaya"

Herria: Sestao

Eskualde: Ezkerraldea

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Burdingintza

Tipologia Zehatza: Burdingintza

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Eraikintza Data: 1902

Gaur egungo deskripzioa:

Bizkaiko Labe Garaien antzinako fabrikaren multzoak hiru esparru zituen, geografikoki bereiziak, sorrerako hiru lantegiei eta San Frantzisko de Mudelakoari zegozkienak.

Enpresak Barakaldon zeuzkan Bilboko Labe Garaiak kokatu ziren lur sailak, 1918an erosi zituen sailak, alegia. Bertako instalazio gehienak eraitsi egin dituzte eta administrazioko egoitza batzuk eta nabe batzuk baino ez dira gaur egun geratzen, zeinetan 60ko urteetara arte marruskatze trenen, egitura trenen eta birberotzeko labeen instalazioak egon ziren.

Sestaoko udal barrutian zeuden beste bi eremuak. Bertan antzinako kanoi lantegia zegoen, mekanika lantegiei eta galdaketa lantegiei atxikita.

Hirugarren eremua, non 1999an Kultur Ondasun Kalifikatua deklaratu zuten «1» Labe Garaia zegoen, gaur egun kontserbatzen den Labe Garai bakarra. Bizkaiko Labe Garaien Fabrika zaharreko lan plataforma artifizialean zegoen, Sestaon, RENFEko trenbidearen ondoan. Eremu honetan enpresaren ekoizpen zeregin gehienak biltzen ziren: lehengaien tratamendua, koke bateriak, labe garaiak, altzairutegia, galdaketa jarraitua... Instalazioen zati bat kokearen ekoizpenari zegokion: ikatz siloak, ehotzeko eta txikitzeko nabeak, ikatz eta hozte dorrea. Multzo horrez gainera, bertan, antzinako IV azpiestazioa, tren jarraituaren nabea eta burdina biltzekoa, eta aprendizen eskolaren eraikina zeuden.

"1" Labea, amerikar motakoa, ardatz bertikaleko instalazio bat zen. Upa jarraitua zuen, eta bere karkasa xafla soldatuzko koraza bat zen, zeinak azpiko aldea material erregogorrez estalia zuen. Instalazioa definitzen zuten ezaugarri tekniko nagusiak hiru ziren: habe zirkular baten gainean oinarrituta egotea, arragoa eta, barrualdean kargak hobeto banatzeko eta gas ihesak galarazteko, suburu bikoitzeko irenspideak. Hainbat elementu osagarri zituen, hala nola, hiru labe beren tximiniekin, gasak irteteko bideak beren ahuts-bereizgailuekin, labearen karga-plano inklinatua eta galdaketa nabea. Labeak sortutako gasak irteerako hodiek biltzen zituzten, eta hodi horiek arazketa lehorrera eramaten zituen kolektorean amaitzen ziren; gasen zati bat berriro erabiltzen zen, labeak berotzeko. Kargak garraiatzeko bagoneta bat erabiltzen zen. Galdaketa nabean, zepa eta arrabioa biltzen zen lekuan, zulagailu pneumatiko bat eta kanoi elektriko bat aurkitzen ziren, isurbidea irekitzeko eta ixteko erabiltzen zirenak.

Barruko trenbide eta bide zerbitzuari zegokienez, bi trenbide sare zituen, bata zabalera metrikoa zuena eta bestea RENFEren zabalera zuena, eta trenbidearen garraio ahalmena osatzeko errepide bat ere bazuen.

Lantegia itsasotik eta itsasadarretik gertu zegoenez, bere moilak zituen, ikatzak eta minerala hartzeko eta zeregin komertzialetarako.

Konpainiak zuen El Regato urtegia ere nabarmentzekoa da.

Datu historikoak:

1902an "Altos Hornos y fábrica de Hierro y Acero de Bilbao" (1882an sortua), "S.A. de Metalurgia y Construcciones La Vizcaya" (1882) eta Compañía Anónima Iberia" (1887) metalurgia fabrikak bat egin zutenean AHV (Altos Hornos de Vizcaya) sortu zen, herrialdeko siderurgiako enpresarik handiena. Jatorrizko enpresen kapitalak euskaldunak, espainiarrak eta atzerrikoak ziren.

Lehenengo Mundu Gerraren ondorioz, enpresaren zabalkunde eta kapitalizatze aroa hasi zen. Horri gehitu zitzaion Primo de Riveraren diktaduran oso aldeko egoera izan zuela eta, ondorioz, 1929an, enpresak produkzioaren goia jo zuen. Egoera egoki horretan, 1924 eta 1931 bitartean abiatutako erreforma planarekin, fabrikaren eraldaketa teknologikoa gauzatu zen, eta sozietate filialen kopurua ere hazi egin zen. 30eko urteetan ekoizpena jaitsi egin zen, eta Espainiako gerraren ondorioz egoera okertu egin zen baina, harrezkero, Estatuaren parte hartzea erabakigarria izan zen, bai autarki politikagatik bai siderurgi sektorearen egoeragatik.

40ko urteetan, enpresa filialak sortuz, bereganatuz edo parte hartzaile bihurtuz, enpresa Espainia osoan zabaldu zen, azkar. 50eko urteen erdialdera modernizatzeko proposamen bati heldu zitzaion eta, 1968rako, egoera egonkorra da. Hurrengo hamarkadako lehen bosturtekoan mozkinak lortu zituzten, 70eko krisiak eragin latza izan zuen arren; ondorioz, 80ko urteetan Estatuak ezarri zuen birmoldaketa politikarekin bat egin zuen.

Egitura produktiboa eta teknologikoa aldatuz joan da, lehiakortasunaren presioen eta kapital baliabideen arabera. Hasieran labe garaiak, igogailuak, haize-makinak eta labeak zeuden, baita arrabio nahasgailua, galdarak eta ur depositu bat ere.

Produktu erdilanduak egiteko, hala nola llantak, errail-habeak, biribilak, U eta T bakun burdinak, angeluak, plakak, etab., hiru nabe zeuden garabi elektrikoak zituztenak, eta horietan zeuden marruskatze trena, zilindro alderanzgarriak zituena, eta tren irmoa, horiei atxikita birberotzeko labeak, baita 37 lurrun galdarako bateria bat eta hainbat makina akabatzaile ere.

Galdaketa lantegi bat ere bazuen, teknologia eta gidaritza alemaniarra zuena, eta horri eskerrak tutuez eta zilindroez hornitzen zen.

Sortu zenetik, faktoria etengabe aldatu, berritu eta modernizatu zen, makineria ordezkatuz eta ekoizpen fase desberdinen instalazioak handituz. Urtero aldaketa nabarmenak egiten ziren, bai baterietan bai labe garaien haize makinetan, garabietan, fabrika elektrikoetan eta abarretan. 1924 eta 1933 bitartean "hobekuntza plan" bati ekin zioten, eta horrek ijezketa produktuen ekoizpena berritzea eta handitzea, Blooming trena, 1926an martxan jarri zena, eta tren alderanzgarri akabatzailea ekarri zituen. Bi horiek kokatzeko zimendatze lanak eta nabe berriak egin behar izan ziren. Burdina-nahasgailu bat zuen lantegi berri bat ere eraiki behar izan zuten, zeina, garabiak bezala, 1930erako eginda zeuden.

Aldi berean, 1925 eta 1928 bitartean, latorritegiko hamabi ijezketa trenak elektrifikatu egin ziren, Barakaldoko barne garraioaren zatia bezala, zeinak faktoriako bi aldeak lotzen zituen eta labe garaiak eta ontziratzeko eremua konektatzen. 1924an proiektaturiko planari jarraituz, koke-labe bateria berri bat egin zen, eta instalazioa osatzeko ikatz biltegiak, koke itzalgailua, makina gela, ekoizpen gela, amonio-sulfato eta bentzol biltegia, tximinia, ura hozteko sistema, gas araztegia, etab. Lantegi berria 1933an inauguratu zen.

1935ean labe garaiak zentralizatzea eta mekanizatzea proiektatu zuten. Horren helburua, garraio mekanizatuz eta labe garaiak goratuz eta haize-makinak eta labeak modernizatuz, siderurgiaren toki nagusia Sestaon kokatzea zen. Lanak 1937tik 1939ra burutu ziren, eta mineral eta kareharrientzako toberak egin zituzten, proiektaturiko lau labeetatik hirutara materiala garraiatzen zuten uhalak zituztela.

Ekoizpen prozesua:

Siderurgia integrala da, burdin mea altzairuzko produktu erdilandu bilakatzen duena. Hasiera-hasieratik koke ikatzaz autohornitzeko behar zituen labe bateriak eduki zituen. Ikatz mota askotarikoak ikatz siloetan pilatzen ziren eta, bertatik, tobera batzuen bitartez, ikatza ehotzera eramaten zuten zintetarantz dosifikatzen zen; bertan, errautsak bereizi eta gero, kalitatearen eta jatorriaren arabera sailkatzen zen. Ondoren, ikatz eta hozte dorreetara eramaten zen, zeinak koke baterien gainean zeuden. Ikatza bateriak hornitzen zituzten "karga-makinetan" kargatzen zen. Bateriak, berriz, irradiazioaren ondorioz berorik ez galtzeko ilaran jarrita zeuden labeak ziren. Labe bakoitza ondoko gelatxoko gasekin berotzen zen, eta errekuntza elkarren segidan egiten zen, kargaren erdialdean. Errekuntzaren ondorioz sortzen ziren elementu hegazkorrak azpiproduktu kimiko gisa erabiltzen ziren. Koketze prozesua amaitu eta gero erretorta labetik atera eta kokea azkar eta azaletik hozten zen; horretarako hozte dorre bat zegoen. Ondoren, kokea moztu eta bahetu egiten zen eta, granulometriaren arabera, labe garaietara edo fabrikako atal desberdinetara bideratzen zen.

Amonio-sulfatoaren ekoizpena Q nabean egiten zen eta, horretarako, amonio-urak destilatzeko bi zutabe talde zeuden, zeinetatik bi upel-asegailutara igarotzen zen. Bertan, azidoa astindu eta, lehorgailu elektriko batzuen bidez, sulfato-kristalak eratuz solidotzen zen. Behin arrabioa lortu eta gero, hurrengo pausoa altzairu bihurtzea zen, eta horretarako labe bihurgailuak erabiltzen ziren. Sortzen zen lingotetik abiatuta, ijezketa trenen bitartez, mota guztietako produktu ijetziak lortzen ziren.

Instalazio horietan gauzatzen zen prozesua honako hau zen: altzairua zali batera isuri eta, garabi batez, lingotontzi ilara baten gainera eramaten zen. Hondoan balbula bat irekitzen zen, eta moldeak betetzen zituen altzairu zorrotada bat irteten zen. Altzairu urtua solidotzen zenean, lingote bihurtzen zen, eta hori zen altzairuaren lehenengo itxura solidoa. Ondoren, garabi pintzadun batzuen bidez, lingotontziak blokeetatik bereizten ziren. Lingoteak upela erregogor bertikaletan metatzen ziren, zeinetan beren tenperatura handia gordetzen zuten, harik eta erabili behar ziren arte.

Jada ijezketa prozesuan, lingote beroak zilindro birakari indartsuetan zehar pasatzen ziren, zeinek, presioaren bitartez, lingotearen sekzioa murriztu eta luzatu egiten zuten. Bestalde, egitura trenetan bloom-a ijetzi egiten zen, bai profil astunak egiteko (errailak, zubi, etxe eta itsasontzietarako egiturak...), bai profil komertzialak egiteko. Bloom-ak lortzeko lingotetik abiatzen ziren marruskatze trenak kontrako zentzuan biratzen ziren bi zilindroz osatuta zeuden: azala ildaskatua zutenez, lingotea hainbat aldiz pasatzen zen zilindroetatik, eta horietako bakoitzean ildo bakoitzetik; ondorioz, pixkanaka sekzioa murriztu egiten zen. Ijezketatik atera eta gero, bloom-ak neurri jakin batzuetan mozten ziren, lortu nahi zen profilaren arabera, eta, ondoren, egitura trenera eramaten ziren, bertan, pixkanaka, nahi zen profila ematearren.