Itzuli orri osora

Bilbo-Tutera trena

FITXA

Izena: Bilbo-Tutera trena

Herrialde: Bizkaia, Araba

Tipologia Orokorra: Trenbidea

Tipologia Zehatza: Trenbideak eta funikularrak

Mendea: XIX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Beste Mendeak: XX

Eraikintza Data: 1863

Deskripzioa eta datu historikoak:

"Compañía de Caminos de Hierro del Norte de España" enpresak bere burdinbidea Iruna Gasteiz-Altsasutik eramateko erabakia dezepzio handia izan zen Bizkaiarentzat, hainbeste borrokatu eta gero, azkenean trena ez zela bere lurraldetik igaroko ikusi baitzen.

1856an, Bilboko Udalak, Foru Aldundiak eta Merkataritzako Errege Batzordeak Bizkaitar Trenbidearen aldeko batzorde bat eratu zuten. Errioxako diputatu talde batek Tuteratik Bilbora, Logroño eta Haron barrena, joango zen trenbide bat eraikitzea proposatu zien, Bilboko portua Errioxako eta nafar erriberako nekazaritzako produkzio oparoarentzako irteera natural bihurtuko zuena.

1857an Tutera eta Bilbo lotzeko burdinbidearen konpainia eratu zen. Luzera, guztira, 117 km-koa izango zen, eta lehenengo zatia 1863an inauguratu zuten, baina zerbitzua berehala luzatu zen Miranda, Haro eta Castejoneraino, hots, Tuteratik 12 km-ra. Castejongo geltokian Iruñetik Zaragozara zihoan trenari lotzen zitzaion.

Bilboko zatia egin ahal izateko tunel luze bat zulatu eta La Peñako zubibidea eraiki behar izan zen. Bilboko kanpoaldetik, burdinbidea gutxi gorabehera Nerbioiri buruz paralelo doa, eta Ugaon beste zubibide bat dago horren gainetik igarotzeko. Araban sartzen da eta, Laudio eta Luiaondoko haranak bereizten dituzten mendiak gaindituta, berriro ere Nerbioi gainetik 24 m-ko zubi batetik igaro eta gero, Amurriora iristen da. Berriro ere Bizkaian (Urduña) eta ostera be, Lezamanik barrena, Araban sartzen da, oso bihurgune handia egin ondoren. Bere ibilbidean 10 km atzera egiten du, beti Urduñako Peña mendia bistan duela, izan ere, ingeniariak ez ziren mazizo hori zulatzen ausartu, oso garestia zelako eta, ondorioz, burdinbidea Gujuli eta Izarra arteko pasabidetik eramatea erabaki zuten. Hortik aurrera trazatuak ez du hainbeste oztopo aurkitzen; obraren bat aipatzekotan, Baia ibaiaren gaineko Subillako zubibidea da aipagarri.

Burdinbidearen esplotazioak finantzazio arazo larri bat izan zuen, izan ere, hasierako kapitala 137 milioi errealekoa bazen ere, eraikuntzako gastuak 281 milioi errealera igo ziren. Ondorioz, Konpainiak ordainketa etendura deklaratu zuen. Karlistaldiak egoera larriagotu egin zuen, zerbitzuak bertan behera utzi zirelako eta tren azpiegiturak karlisten helburu nagusietakoak zirelako. Azkenean, egoera ekonomiko txarra jasanezina zela eta, "Compañía de Caminos de Hierro del Norte de España" konpainiarekin hitzarmena adostu eta 1878an haren esku geratu zen.

Norteko burdinbidearen eraginez, zerbitzuan eta material higigarrian hobekuntza nabarmenak gertatu ziren, eta horrek, aldi berean, Bilboko portuko trafikoa suspertzea ekarri zuen.

Hogeiko urteetan, aldirietako zirkulazioa handia zenez, Bilbo eta Urduña bitartean bide bikoitzeko instalazioari ekin zioten, eta geltokiak modernizatu egin zituzten.

1941ean burdinbidea RENFEren administraziopera igaro zen, eta hobekuntza gehiago egin ziren, horien artean Abandoko geltoki berriaren inaugurazioa eta linearen elektrifikazioa. Azken obra horrek, hain zuzen, Bilbo eta Urduña bitarteko aldirietako zirkulazioa erabat finkatzea ekarri zuen. Elektrifikazioa 50eko urteetan inauguratu zen.

XIX. mendeko geltoki gehienak, guztiak Jose Enrique Marrero arkitektoak euskal estilo berrian eginak, 1929an zaharberritu egin zituzten, eta Abando-Bilboko terminala 1948an berritu zuten.

Bilbo-Tutera trena
Bilbo-Tutera trena