Itzuli orri osora

Bilbo-Plentzia trena

FITXA

Izena: Bilbo-Plentzia trena

Eskualde: Uribe Kosta

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Trenbidea

Tipologia Zehatza: Trenbideak eta funikularrak

Mendea: XIX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Beste Mendeak: XX

Eraikintza Data: 1887

Deskripzioa eta datu historikoak:

Burdinbide hau bi fasetan eraiki zen. Lehenengoan Bilbo eta Areeta lotu ziren, eta 1887an inauguratu zen. Hura martxan zela, trenbidea Plentziaraino luzatzeko aukera bazela ikusi zuten, Uribe Kostako biztanleei zerbitzua eskaintzeaz gainera, eskualdeko industriei ere mesede egingo zielakoan, batez ere harrobiei eta kare eta igeltsu fabrikei.

"Compañía del ferrocarril de Las Arenas a Plencia" konpainia eratu zen, eta hura arduratu zen burdinbidea eraikitzeaz, 1.099.820 pezetako aurrekontuarekin. 1893an hasi zen azken zati hori zerbitzua ematen.

1909an, aldiz, besteak beste Bilbotik Areetarainoko tranbiaren lehiagatik, Konpainiak finantza arazoak zituelako, Santurtzi-Bilbo burdinbidea kudeatzen zuen konpainiak eskuratu zuen. Handik lau urtera Aduana-San Nikolasen jarri zuten Bilboko geltoki nagusia, eta horrek kaltea ekarri zion hasieran San Agustinen kokatu zuten baina bestea bezain zentrikoa ez zen geltokiari.

1921ean Bilbotik Negurira bitartean bide bikoitza instalatu zuten, eta 1929an burdinbide osoa elektrifikatu zuten.

Trena San Nikolas geltokitik irteten zen, Bilboko Parte Zaharretik. Lineak 25,7 km-ko luzera zeukan, eta guztira 1956 m luze diren 9 tunel, hau da, luzera guztiaren %7,5. Kontuan hartu beharrekoa da Unibertsitateko eta Lutxanako tunelak bikoitzak direla. Tunelik luzeena, 1018 m luze dena, San Nikolasko hasierako geltokitik hurbil dago.

Ibilbidea itsasadarrari buruz paralelo doa, eskuinaldetik. Bilbon Matiko, Deustua eta San Ignazio auzoak zeharkatu eta gero, Erandio eta Leioa udalerriak igarotzen ditu. Areetatik aurrera, trena oso azkar igotzen da Neguriko geltokiraino eta, Algortako geltokira iritsi eta gero, Getxo eta Berango aldera jaisten da. Azkeneko tartea, Urduliztik Plentziara bitartekoa, malkartsua da, eta jaitsiera bihurri eta azkar bilakatzen da maldan behera, eta hor bi tunel txikitatik pasatzen da. Burdinbideak oso urbanizatuta dauden inguruak zeharkatzen dituenez, pasonibelak oso ugariak dira. Beste azpiegitura garrantzitsu batzuk dira Asua ibaiaren gaineko metalezko zubia edota Avanzadako errepidearen gaineko zubia.

Espainiako Gerraren ondotik, 1947an, "Ferrocarril y Transportes Suburbanos" konpainia eratu zen (FTS), eta horretara Bilbo-Plentzia eta Matiko-Azbarren trenbideak bildu ziren, baita Bilbo-Lezama eta Lutxana-Mungia tren txikiak ere.

Hirurogeiko urteetan TFS konpainia gainbehera hasi zen. 1970ean oso istripu larria jazo zen Plentziatik Urdulizera bitartean, eta 33 pertsona hil ziren; huraxe izan zen erkidegoan burdinbidearen historian sekula gertatu den ezbeharrik latzena.

1977an FTS konpainiak lineak ustiatzeari utzi zion eta, ondoren, Eusko Trenbideak arduratu zen horretaz hainbat urtez. 1995ean, berriz Eusko Trenbideak konpainiak Bizkaiko Garraioen partzuergoari eman zion burdinbide hau kudeatzeko lekukoa, Bilboko Metroaren lehenengo linea abiarazi zenean, hain zuzen. Aldirietako trena metropolitar bihurtzeko egokitzapenak geltoki asko lurpean geratu beharra ekarri zuen eta, ondorioz, burdinbidearen hasieran eraiki zirenetako asko desagertu egin ziren.

Bilbo-Plentzia trena
Bilbo-Plentzia trena