Itzuli orri osora

"Funicular de la Reineta" eta Meatzarien herria

FITXA

Izena: "Funicular de la Reineta" eta Meatzarien herria

Herria: Trapagaran

Eskualde: Ezkerraldea

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Funikularra, Langileen etxebizitzak

Tipologia Zehatza: Trenbideak eta funikularrak

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Beste Mendeak: XIX

Eraikintza Data: 1877, 1926

Deskripzioa gaur egun:

Herria mendiz inguratutako ibar txiki batean dago. Hirigintzari dagokionez, plaza handi baten inguruan kale paraleloz osaturiko sare bat da. Kaleak lurraren maldari doitzen zaizkio, arian-arian. Eliza da multzoa ordenatzen duen elementua. Gaur egun, inguru hau gizakiaren eraginez eraldatuta ageri da erabat, garai bateko ustiapena dela kausa. Auzoari dagokionez, hiru etxe mota desberdin gordetzen dira:

a) Zurezko etxeak, gehiago edo gutxiago aldatuta, antza denez, garai batean meatzarien barrakoiak izandakoak. Hasiera hartako eredua aldatuz joan da eta zura zementuarekin edota adreilu zarpeatuekin nahasirik duten etxebizitzak ageri dira. Mota honetako 10 etxebizitza zenbatu dira.

b) Pisu soilak dituzten etxeak, balkoi jarraituekin. Jatorriz, hauek ere langileentzako etxebizitzak izango ziren. Honelakoak hamahiru zenbatu dira.

c) "Orconera Iron Ore" Konpainiak eraikuntzaz zuen planteamenduari helduta egindako etxeak. Elkarri atxikitako bi familiarentzako etxeak dira, eta multzoek hiruzpalau ilara osatzen dituzte, irregularki banatuta.

Auzoa oso bakartuta zegoela-eta, funikular bat egitea erabaki zen. Funikularra Trapagaran udalerrian dago, eta Escontrillan hasten da igotzen Larreineta auzoraino. Funikularrak 1.198 metroko bidea egiten du, bidea 1,20 metro zabal da, eta 28 kg/ml-ko eta 12 m luzeko kono-errailez osaturik dago, bide metro bakoitzean 86*12 angelua duten trabesekin. Lurraren desnibelak gainditzeko fabrika-lan batzuk egin behar izan zituzten eta, horretarako, bi zubibide eta bi pasabide eraiki ziren, bata azpitik eta bestea gainetik, Trapagarandik Zugaztietara doan foru errepidean; horiek guztiak kuxin formako harri-hormaz eginda. Funikularra mistoa da, hau da, bidaiarientzat eta ibilgailuentzat da.

Datu historikoak:

1870 inguruan eskualdean gutxi gorabehera 400 bizilagun ziren, baina hamarkada hartan biztanleria hazi egin zen, atzerriko konpainia batzuk meategiak ustiatzen hasi zirela eta. Iritsi zen meatzari fluxuaren ondorioz, zurezko barrakoiak eraiki ziren, eta horrela sortu zen, 1877 aldera, Zugaztietako meatzarien herria. Bertako biztanleek Trapagarango Udalari erroldatzeko eta hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea eskatu zioten, baina hark ez zien onartu.

Funikularrak, 1926an inauguratuta, meatzegune menditsu hark ibarrarekiko zuen bakartzea arindu zuen. 1920an proiektu tekniko bat onartu eta, sei urteren buruan, instalazioak egin zituzten, horien artean, "Fonderie de Berne" etxeko makineria, bidea, kablea eta material mugigarria, bi geltokiak, bi zubibide sendo eta errepideko bi pasabide, horren guztiaren ikuskatzailea Foru Aldundiko bide ingeniaria izan zelarik.