Itzuli orri osora

"euskalduna" Ontziola

FITXA

Izena: "euskalduna" Ontziola

Herria: Bilbo

Auzotegi: Jesusen bihotza plaza

Eskualde: Hego Uribe

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Ontzigintza

Tipologia Zehatza: Kaiak, ontziak eta ontzigintza

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Eraikintza Data: 1901

Deskripzioa gaur egun:

Konpainia Bilboko San Mames Ibarreko lur sail batean dago, eta mugak iparraldean Ibaizabalekin eta hegoaldean Bilbotik Portugaleterako trenbidearekin ditu. Garai bateko eraikin zaharrak luzetara jarrita daude, Olabeaga kaitik Txurruka kairaino.

Instalazio zaharretatik Carola Garabia, ponpa etxea eta dike lehorra bakarrik kontserbatzen dira.

Datu historikoak:

Konpainia 1900ean sortu zen, itsas sektorea indartzen ari zela eta, horren ondorioz. Lehenengo administrazio kontseilua eratu zenean, Konpainiak lehenagotik zeuden instalazioak berritzeari ekin zion (Dike Lehorren Konpainia), eta bi dikeak zabaldu ziren (Ricardo de Uhagon ingeniariak gidatu zuen proiektua), bulegoen eraikina jarri zen, biltegia, ponpa etxea, galdara lantegia, errematxe lantegia, forja lantegia, koipe depositua, konpresore biltegia, etab.

Fabrikaren garapenaren ondorioz, 1912an handitu behar izan zuten. 1915ean, Gerra Handia zela kausa, eskaria handitu egin zen, eta aldamio mailadi berriak eta inoren mende aritu behar ez izateko behar ziren lantegiak ipini zituzten. 1920an bukatu zituzten eraikin berriak, baina gerrak utzitako krisiak ondorio larriak izan zituen. Horrenbestez, bestelako lanak bilatzen hasi ziren (trenbideetarako materiala, eraikinen estalkiak ...).

1930ean, Euskalduna Konpainiak hainbat etxe ingeles eta frantziarren patenteak eskuratu zituen garabi elektrikoak, manganeso altzairuak, galdarak edota bastidoreak egiteko. Haatik, krisiaren ondorioz, garai hartan konpainiak ez zuen oso emaitza positiborik izan. Espainiako gerra zibilan zehar, konpainia militartu egin zen, baina hala ere emaitzak txarrak izan ziren.

1941ean lur sail berriak eskuratu eta aldamenean klinika ospitale bat paratu zuten, hainbat espezialitate hartzen zituzten kontsultategiekin, langileek, enplegatuek eta haien senideek laguntza medikoa izan zezaten.

1956an, Merkantzi Flotari laguntzeko eta berritzeko lege berriaren ondorioz, ontzigintza sustatu zen, eta itsasoratu ziren ontzi gehienak atzerriko armadoreentzat izan ziren.

1969an, "Compañía Española de Construcción Naval, S.A."-rekin eta Cadizko ontziolekin bat egin eta "Sociedad Astilleros Españoles, S.A." eratu zuten.

80ko hamarraldian enpresa hau ontzigintzaren sektorea astindu zuen birmoldaketaren zurrunbiloan sartu eta eraitsi egin zuten. Lehengo eremuan Biltzar Jauregia eta Musika Auditoriuma eraiki dira, eta halako batean egingo den itsasadarreko Ontzigintza Museoaren egoitza izango da.

Ekoizpen prozesua:

Konpainiak ontziak egiteko, konpontzeko edota karenatzeko mota guztietako lanak egiten zituen. Horretarako, edozein konponketa lan egiteko gaitasuna zuten langileak zituen.

20ko urteetan, enpresak beste lan mota batzuei heldu zien. Horien artean nabarmen daitezke trenbideetarako materiala, eraikinetarako estalkiak, hoditeriak, zubiak, garabiak eta metalezko lanak oro har. Konpainiak lantegi ugari zuen (altzairua galdatzeko, forjatzeko, brontzea urtzeko ...), mota askotako langintzak burutzeko behar zen makineriaz ondo hornituta. Lantegi horiez gainera, beste batzuk ere eraiki zituen: makineria-lantegietarako pabiloiak, erremintak egiteko pabiloiak, zeinetan Konpainian behar ziren erreminta guztiak egiten ziren, tren makinak muntatzeko eta lurrun makinak probatzeko pabiloiak, eta baita galdara lantegia ere, urez hornitzen zuen konpresore hidrauliko bat eta aire konprimituzko instalazioa zituena.

Horiez gainera, soldadura elektrikoa eta autogenoa egiteko instalazioak zeuden, baita zurgintza eta ebanisteriako lanak egiteko lekuak ere, non ontzietako gainalderako zein barrualderako altzari eta elementu guztiak egiten zituzten.

Konpainiaren aldamioetan ontzi mota desberdin ugari egin ziren, lurrunez edo bestelako motorrez zebiltzanak, horien artean: gangilak, atoi ontziak, merkantzi ontziak, gabarrak, arrantza ontziak, ur gaineko garabiak, dinamita eramateko ontziak, petroliontziak, zelatatzeko ontziak, fruta garraiatzeko ontziak...