Itzuli orri osora

Marqués de Riscal upategia

FITXA

Izena: Marqués de Riscal upategia

Herria: Eltziego

Eskualde: Arabako Errioxa

Herrialde: Araba

Tipologia Orokorra: Ardogintza

Tipologia Zehatza: Elikadura eta edariak

Mendea: XIX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Beste Mendeak: XX

Eraikintza Data: 1860

Autorea: Ricardo Bellsola

Gaur egungo deskripzioa:

"Bodegas de Marqués de Riscal" Eltziego udalerrian dago, Guardiatik Cenicerora doan errepidearen bi aldamenetan.

Ardogintzarako erabiltzen zen habeartean edukitzen zen ardoa irakiten. Habearte angeluzuzena da, bi garaierakoa; horien fatxada perimetraletan hareharrizko 9 mentsula ikusten dira, eta horien gainean zurezko hankaerdi zuzenak eta nerbioak daude tinkatuta. Hormak harlanduxka agerian dutela eginak dira, izkina, sarbide eta baoen inguruak harlanduzkoak dira alabaina. Bi isurialde ditu teila arabiarrez estalita. Zoruak harrizkoak dira eta eraikinera zirkuluerdiko arku batetik joaten da. Beste habearte batek ere oinplano angeluzuzena du eta bi ilaratan zurezko 8 pilare dauzka zapatarekin eta grapa metalikoarekin hornituta, eta hormak harlanduzkaz eginak dira. Argia bao dinteldunetatik eta zirkuluerdiko arkuetatik sartzen da; zirkuluerdiko arku batetik joaten da barrura.

Ardoa zahartzeko dituen habearteen oinplanoa angeluzuzena da eta hauek bina hormarte dituzte, eta horietako bakoitzak hiru galeria, non jartzen diren upelak eta botilak ilaran. Karga hormak perimetralak dira, harlanduxkaz eginak, eta agerian daude. Bi isurialde dauzka teila arabiarrez estalita eta zorua harrizkoa da, baita teilatu gangaduna ere. Eraikinean arku beheratu batetik sartzen da eta argia hastialean dauden okulu borobiletatik. Beste habearte batzuk ere badira: oinplano angeluzuzeneko lurpeko galeriak dira, karga hormak dituzte harlandua agerian dutela, estalkia gangaduna dute eta zirkuluerdiko arku batetik sartzen da horietara. Hirugarren habearteak ere oinplano angeluzuzena du, isuri biko estalkia, eta karga hormak dauzka harlanduxkaz eginak, harriak agerian dituela. Beheko solairuko estalkiak gangadunak dira eta goikoek zinbria agerian dute. Habeartean sartzeko zirkuluerdiko arku batetik pasatu behar da; bao angeluzuzen batetik eta arku beheratuko balkoi batetik sartzen da argia

Katedrala, zeinaren funtzioa zen fundazio garaiko botiletan ardoa zahartzea, oinplano angeluzuzeneko lurpeko galeria bat da. Hormak harlandu agerikoz eginak dira. Gangaz estalita dago. Galeriara joateko ezkaratz angeluzuzen bat dauka; horrek bi sarbide ditu ateburuarekin , haizebidez eta ate forjatuz hornituta.

Bidalketa aretoan ikuzten ziren botilak, eskuz, harraskan. Habearte angeluzuzena da, hormak harlanduxkaz eginak dira eta agerian daude, eta zorua harrizkoa. Arku beheratu batetik sartzen da barrura, eta sarbidearen ondoan dagoen arku beheratuko hiru baoko erregistro batetik barrena datorkio argia.

Bizitetxeak oinplano angeluzuzena dauka eta egitura zurezkoa da. Hormak harlanduxkaz eginak dira eta horiek agerian daude; estalkia, berriz, isuri bikoa da eta teila arabiarrez estalita dago. Aurreko fatxadako sarbideak zirkuluerdiko arkua dauka, eta argia fatxada nagusitik sartzen da. Fatxada horretan arku beheratuko bost bao ardatz daude zurezko kontraleihoekin.

Upeltegia ere oinplano angeluzuzenekoa da, eta bertan daude aroztegia, sutegia, irarkola eta upelak. Hormak perimetralak dira eta harlanduxkaz ageriz eginak; estalkia, berriz, isuri bikoa da eta teila arabiarrez estalita dago. Karga tunel batzuetatik sartzen da barrura, eta argia bao urratu batzuetatik sartzen da.

Ardoa ponpatzeko etxea eraikin bakartua da, oinplano biribilarekin; harlanduzkoa da, almenaduna, eta sarbide bakarra du, ateburuarekin.

Datu historikoak:

Riscaleko Markes Camilo Hurtado Amezagak 1860an fundatu eta Ricardo Bellsolak eraiki zuen sotoa, Medoc, Graves eta Saint-Emilion gazteluak eredutzat hartuta. Markesak sotoko buru Cadulie Pineau ipini zuen, Medoceko gazteluan erabiltzen ziren teknika enologikoak ongi ezagutzen zituena. Garai honetakoak dira ardoa egiteko eta zahartzeko habearteak, katedrala, ardoak bidaltzeko gela eta bizitetxea.

1883an sotoa handitu egin zen: habearte bat eraiki zen ardoa egiteko eta zahartzeko eta aroztegiko lanak eta abar burutzeko. 1891n burdinbide bat jarri zen soto zaharretik habearte berrietara upelak garraiatzeko.

Ekoizpen prozesua:

Ardogintzan teknika berriak erabiltzen hasi ziren, Frantziatik ekarritako teknikak alegia. Lehen-lehenik mahastia hobetzeari ekin zioten: mahatsondo kalitate txarrekoei su eman eta berriak, onak aldatu ziren. Horiei garaiera eta zabalera handiagoa eman zitzaien, ongarri kimiko ez-organikoz ongarritu ziren, eta aihenak inausteko ordu arteko aiztoaren ordez guraizeak erabiltzen hasi ziren.

Mahats alea eta txortena bereizten ziren, zurezko upel ongi itxi eta estalietan mahats alea bakarrik irakinarazten zen, eta lurrun alkoholikoak eta usaintsuak kondentsatzen zituen "Mimard" zeritzan tresna jarri zen, horiek eta garratz karbonikoa bereizteko eta, horrela, ardoa biziagotu eta bere kolorea hobetzeko.

Ondoren ardatz bakarreko dolareetan zapaltzen eta zanpatzen zen eta haritz gorriz eginiko Bordeleko zurezko upeletan ontzen. Martxo hasieran ardoa upelez aldatzen zen, hurrena ekainean eta, azkenean, irailean. Ardoa upeletik atera eta, arre samarra bazetorren, berriro ontziz bizpahiru aldiz aldatzen zen, eta arrautza gordinekin garbitzen edo argitzen saiatzen ziren.

Gero botiletan sartzen zen, eta 45 mm luzeko kortxo berezia sartu eta itxita geratzen zen botila muturra.

Marqués de Riscal upategia
Marqués de Riscal upategia
Marqués de Riscal upategia