Itzuli orri osora

Desinfekzioetako udal zentroa

FITXA

Izena: Desinfekzioetako udal zentroa

Herria: Bilbo

Auzotegi: Basurto

Eskualde: Hego Uribe

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Osasuna

Tipologia Zehatza: Bestekoak

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Estiloa: Eklektikoa, Modernista

Eraikintza Data: 1916

Autorea: Rikardo Bastida

Gaur egungo deskripzioa:

Eraikina hasieran bereiz zegoen, baina ondoren hainbat etxebizitza eta Sortzez Garbiaren eliza erantsi zitzaizkion. Eraikuntza lanak Bilboko Udalak garai hartan ongintza eta osasunari buruz hiria hornitzeko egindako kanpainaren barruan kokatu behar dira. Estiloaren ikuspegiari dagokionez, arkitektoak eraikuntzaren nondik norakoak eraikinaren eginkizunei egokitzeko erakutsi zuen gaitasuna nabarmendu behar da. Horrenbestez, diseinu praktiko bat aukeratu zuen, argitsua bolumenei dagokienez, baoen eta elementu sendoen arteko dialektikaren eta adreilua eta zeramika bezalako materialen erabilera, nolabaiteko mudejar kutsua ematen diona. Eraikinaren erdialdeak kalera ematen du, eta bertan fatxada zabal bat dago, baxua, zeinean lerro horizontala nagusitzen den. Horizontal hori hautsiz, erdialdean dorre baten gisako gorputz bat dago, oinplano lauangeluarra duena, fatxadaren mailatik solairu bat gora. Eraikina kareharrizko zokalo baten gainean dago jasoa, eta greka antzeko apaingarriak ditu horman gora doazela, eta tartean adreilu margotuak eta zeramikazko piezak uztarturik aurki daitezke. Fatxadan hainbat bao daude bata bestearen ondoan, beren dintel eta guzti, mentsula txiki batzuetan bermatuta, zeinetan pilastra fustedunak ageri diren; fuste horiek ere adreilu piezaz eginak dira.

Datu historikoak:

1916. urtea arte desinfekzioetako zerbitzua Expositos eta Zabalbideko udal lurretan ematen zen, Begoñako Ospitale zaharreko hainbat pabiloitan, baina harrezkero Udalak Desinfekzioetako zentro berri bat eraikitzea erabaki zuen, eta Rikardo Bastidari proiektua egin zezan eskatu zion.

Eraikin berria 1917an inauguratu zen, eta antzeko beste establezimendu batzuk bezala banatuta zegoen. Hiru gorputz handiz osatuta zegoen, bakoitzean eginkizun jakin bat betetzeko diseinatuta: ezkerraldean arropa eta objektu infektatuetarako gelak zeuden; eskuinaldean arropa eta objektu desinfektatuetarako gelak, eta erdialdean, berriz, aipatu arropa eta objektuak desinfektatzeko aparailuak eta bitartekoak hartzen zituen pabiloia. Alboetako eraikinetan arropa hartzeko eta emateko ibilgailuak eta zaldiak zeuden, baita mugigaiak eta produktu desinfektatuak gordetzeko biltegiak ere, etab.

Denetan nagusia erdiko pabiloia zen, bertan egiten baitzen desinfekzioa bera. Haren hondoan adreilu erregogorrezko labe bat egin zen, infektaturik zeuden eta jada balio ez zuten objektuak guztiz errausteko. Labetik eta galdaretatik ateratzen zen lurruna ateratzeko, pabiloiaren atzeko aldean tximinia bat egin zuten.

Instalazioa osatuz beste areto batzuk ere baziren, hala nola, materiala konpontzeko lantegia, administrazio bulegoak, kabuaren etxebizitza aurreko dorreko bigarren solairuan, eta dutxak eta apaingelak, beharra amaitutakoan langileek erabil zitzaten.

1988a arte zentroa ia ukitu gabe gorde zen, baina orduan birmoldatu eta erabat aldatua zen.

Ekoizpen prozesua:

Eraikinaren helburua desinfekzioa zen, asmo higieniko eta sanitarioarekin. Hiru zeregin antzeko egiten ziren: objektuen desinfekzioa, infekzio kasuren bat gertatutako lokal edo etxebizitzen desinfekzioa, eta infektatuta zeuden edo infekzioa zabal zezaketen pertsonen desinfekzioa.

Objektuak desinfektatzeko metodoak askotarikoak ziren, motaren arabera: lurrun, formol edo sulfuro gasen labeak, xaboi makina desinfektatzailea, zeinean lixiba lehenengo berotan egiten zen eta ondoren xaboitzen; azkenik, orbanak zituztenak edo tenperatura handitan hondatzen zirenak, likido antiseptikoa zuten ontzi batzuetan beratzen uzten ziren. Desinfekzioa egin eta gero, garbitegi mekanikora eramaten ziren, berriro ere garbitzera. Ondoren, lurrun lehortegian sartzen ziren eta, handik, objektu desinfektatuen biltegian. Ibilgailuak biltegi horretatik hartzen zituzten eta beren jabeei eramaten zizkieten.

Kasu berezi batzuetan pertsonak desinfektatzen ziren. Ibilgailu batean zentrora eraman eta desinfekzio entomo-parasitariorako egokituriko geletan sartzen zituzten. Bertan itxarongela bat zegoen, eta baita beste gela bat ere jantziak eranzteko. Arropa horiek metalezko kutxa itxi batzuetan sartu eta desinfekzio geletara eramaten zituzten. Pertsonak, aldiz, bainuak eta dutxak zeuden gela batera joaten ziren eta, bertan, bentzinaz igurtzi eta bainatzen ziren. Azkenik, desinfekzio talde bat aritzen zen lokalak eta etxebizitzak desinfektatzen.

Desinfekzioetako udal zentroa
Desinfekzioetako udal zentroa