Itzuli orri osora

Carola garabia

FITXA

Izena: Carola garabia

Herria: Bilbo

Eskualde: Hego Uribe

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Garabia

Tipologia Zehatza: Kaiak, Ontziak eta Ontzigintza

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Eraikintza Data: 1957

Autorea: Erandioko lantegiak

Gaur egungo deskripzioa:

Carola garabiaren figura lerdena osatzen duten hiru zatiak arkupea, gaztelutxoa eta lauki edo sistema baskulagarria dira. Arkupea garabiaren beheko aldea da, eta bertan beheko arkupea eta goikoa daude. Behekoa figura angeluzuzena da, eta translazio orgatxoen artean bederatzi metroko tartea dago. Goiko arkupean zutabea dago sartuta, biratzeko koroarekin errematatzen dena. Gaztelutxoan aginte kabina, makinen kaxeta eta kontrapisu finkoa daude. Azkenik, garabiaren sistema baskulagarrian garabi besoa, tirantea eta kontrapisu mugigarria ageri dira.

Datu historikoak:

50eko urteen hasieran Euskalduna Konpainiak altzairuzko kroskoa zeramaten ontziak egiten ziharduen buru-belarri. Urte haietan, ontzi berrien kroskoa muntatzerakoan soldadura erabiltzen zen, ordu arte erabiltzen ziren iltze okerren ordez. Xaflak lurrean soldatu eta elementuak eraikuntza aldamioan muntatzen ziren eta, ondorioz, zamaren pisua ordu arte erabiltzen ziren banakako piezena baino askoz handiagoa zen. Krosko muntatzeko berrikuntza horri eusteko irispide handiko garabi bat behar zen, edukiera handiko ontziak egiteko aldamioaren erdialderaino bertaraino iritsiko zena.

Carola garabia Erandioko Lantegietan egin eta 1957ko udaberrian muntatu zen. 224 Tm pisu zen eta 30 Tm kargatzeko gaitasuna zeukan. Estatu espainiarrean egin zen potentzia handiko lehenengo garabia izan zen.

Bere goiko kotatik, 60 m, arratsaldero, Miserikordiako pasaia batelean Carola izeneko neska batek itsasadarra nola zeharkatzen zuen ikus zitekeen, eta faktoria gelditu egiten zela diote; hortik datorkio izena garabiari.

Garabiaren sistema baskulagarria 1972an berregin zuten. Carolak Euskaldunako instalazioak itxiarazi zituen sektorearen krisia iritsi zen arte eman zuen zerbitzua. 1990ean Bilboko Udalak erosi eta Bizkaiko Foru Aldundiari eman zion, Carola garabia Abando-Ibarra inguruan gelditzeko baldintzarekin.

Ekoizpen prozesua:

Carolaren zeregina lantegietan egiten ziren kroskorako elementuak edota makineria jaso, lekuz aldatu edota iraultzea eta ontzian egokitzea zen. Errailen gainean mugigarria zenez, indar handia behar zen beste edozein zereginetan ere laguntzen zuen.

Mekanismo birakaria mugitzeko moduan uzten zen, haizeak gogor joz gero garabia mugitu ahal izan zedin. Ez erortzeko, grabitate zentroa ahalik eta baxuena izan zedin, arkupe bat diseinatu zen, zortzi metroko bide zabalerarekin eta luzeran bederatzi metroko tartearekin.

Garabia elektrikoa zen, Zorrotzaurreko "Elorriaga Industria Eléctrica" etxeak egina. 65 zaldiko potentzia ahalmena zeukan, 750 b/min, eta sareta moduan diseinatu zen, arinagoa izan zedin eta errematxe gutxiago eduki zezan.

Jasotze garaiera eta besoa zabalik kargak egiten zuen bide horizontala kontuan hartuz, Carolak azkar lan egiteko aukera ematen zuen eta, aldi berean, doitzeko mugimendu txikiak ere egin zitzakeen. Zenbat eta pisu astunagoa, hainbat eta abiadura txikiagoa. Gehienezko 38 metroko irekidurarekin 12 tona jaso zezakeen, eta 25 metro eta gutxieneko erradioan, 10 metro, 30 tona jasotzen zuen, minutuan lau metro.

Garabiak jasotzeko bi mekanismo independente zeuzkan. Nagusia pieza handiak jaso eta eusteko zen, eta bestea, osagarria, elementu txiki eta prezisiokoak doitzeko mugimenduetarako.

Carolaren balazta nagusia elektroiman batez osatuta zegoen, Consonni 300 eredukoa: bi zapata zeuzkan, eta horiek jasotzeko motor trifasikoari indarra iristen ez zitzaionean hasten ziren funtzionatzen.

Garabia erabiltzen zuten langileei dagokienez, makinista bat, laguntzaile bat eta krokatzaile bat behar ziren. Laguntzailea kojineteak koipeztatzeaz eta egoki mantentzeaz arduratzen zen. Olio bainu bitartez funtzionatzen zuen elementu bakarra abiada kaxa. Gainerakoa egunero koipeztatu behar zen. Koipeztatzeko ipini zioten sistemak ez zuen asko iraun, koipe lodikoa zelako, eta berehala koipeztatzeko sistema automatiko batekin ordezkatu zuten.

Carola garabia