Itzuli orri osora

Getariako itsasargia

FITXA

Izena: Getariako itsasargia

Herria: Getaria

Eskualde: Urola Kosta

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Itsasargia

Tipologia Zehatza: Itsasargiak

Mendea: XIX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Eraikintza Data: 1847

Autorea: Manuel Estibaus

Deskripzioa gaur egun:

San Anton uhartea edota bere siluetagatik herriak Getariako sagua esaten diona, lurmutur luze bat da, itsas ekaitz zakarrak arindu eta ontziei ainguratzeko babeslekua eskaintzen diena. Herriaren sinboloa da San Anton mendia, labarrez inguratua, batetik bestera ikusmiran ibiltzeko bide eta bidezidor zoragarri ugari dituena.

Itsasargian lan egiten dutenentzat izan ezik, zirkulazioarentzat itxita dagoen 650 metro luzeko errepide batetik joaten da kaitik itsasargiraino. Itsasargiraino igotzeko 67 mailako eskailera igo behar da. Sarrera nagusitik eskaileraraino 18 metroko desnibela dago.

Mutrikuko harlanduz , herriko bertako harriz eta Iraeta edota Zumaiako zementuz eraikitako itsasargia da. Itsasargian bertan, 55 mailako burdinazko eskailera dago, Lasarteko Fossey y C. galdategian egina, lehen solairura igotzeko ere baliatzen dena.

Bi solairuko eraikina da, eta 9,92 metro garaierako eta 1,6 diametroko dorre oktogono formakoa du, harlandu urdinxkaz hornitua, mendebaldetik erantsia. Itsaso gainetik 91 metrora dago itsasargia, eskailera buru estu baten gainean, ermita atzean. Oinarria oso txikia zelako luzea eta estua egin behar izan zuten. Beheko solairuan daude bulegoa eta ekipo elektrogeno, bateria eta tresnen gelak, eta lehenbiziko solairuan etxebizitza txiki bat.

Itsasargitik oso gertu 1.100 metroko lur sail bat dago, dorrezainek barazkiak lantzeko erabiltzen dutena.

Datu historikoak:

Kosta ondotik gertu samar dagoenean ez da itsasargiaren beharrik, portua non dagoen jakiteko uharteari begiratzea aski baita ainguratokia begiz jotzeko, baina urruti samar denean uharteak atzeko mendiekin bat bezala egiten du eta, orduan, nahitaezkoa da itsasargiaren distira nondik nora jo behar den jakiteko. Horregatik, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Getariako portuan, San Anton ermitako dorrearen gainean, tontorrean, itsasargi bat jartzeko baimena eman zioten Anton del Busto apaizari. 1813an, ordea, Independentziako Gerra delako hartan frantziar soldaduek leherrarazi eta argitzeari utzi zion.

Bazterrak baketu zirenean, esku artean erremedio hoberik ez eta, portuan sartzeko seinaletzat bi buia ipini zituzten. 1847an berriro itsasargi bat eraiki zen, Manuel Estibaus barrutiko buruzagi ingeniariaren aginduen arabera; 164.986,98 erreal kuarto kosta zen. Baina Bigarren Karlistaldia etorri zenean, ala mendia ala itsasargia, behin eta berriro bonbardatu zituzten. Gudarostea itsasargian bertan ostatatu zen telegrafo optiko bat jartzeko asmoarekin. Bien bitartean, beste bandokoek gogor eraso zioten itsasargiari artilleriarekin, Getaria setiatura heldu ziren ontziak bidea seinalatzen zien argi distirarik gabe uzteko. Esan behar da, alabaina, dorrezainak bere familiarekin bere hartantxe jarraitu zuela itsasargiaren ondoan: linternaren panelak ezkutatzen zituen, eta egunero muntatzen eta desmuntatzen zituen lanpara eta tresna optikoa egunez non edo han gordetzeko. Noizbait behar eta, bukatu zen gerra, eta itsasargia oso hondatuta geratu zen. Dena dela, argi tresnak ez zuen kalterik izan eta gauero-gauero igorri zituen bere distira seinalatzaileak.

Eraikina berritzen ari ziren bitartean itsasturiak argi seinalerik gabe ez uztearren, ermita aspaldikoaren ondoan 1,70 garaierako dorrea jaso zen; hortxe jarri zen tresna behin-behineko. Orain dela urte batzuk dorrea handiagotu zenean ere, dorre horixe erabili zen tresna gordetzeko. Aspaldiko kontua da esaten dela dorre hori ermitako pulpitua izan zela garai batean.

Ekoizpen prozesua:

Hasieran, itsasargiak argi etengabea zeukan, eta argi hori Sautter Harle tresna optiko bosgarren mailakoak produzitzen zuen, eta dorrezaina Agustin Iñiguez zen. Oliba olioarentzako lanpara moderatzaile batekin, eta parafinarekin eta petrolioarekin lan egiten zuen metxa bateko Maris batekin hornitu zen geroago.

Espainiako Gerraren ondotik, 1946an, 200 W-eko lanparari bi distirako joko bat erantsi zitzaion.

Behar besteko irispide geometrikoa lortzeko, 2,80 metro gorago altxatu zen dorrea, linterna berria ezarri zen, eta baita lehengoaz gainera beste balkoi txiki bat ere. Sarean gerta zitezkeen okerrak aurreikusteko, ekipo elektrogeno berri bat ere jarri zen. Gaur egun AGA ekipoarekin automatizatuta dago; 15 segundoero igortzen dituen distira zuriak 21 miliara ikusten dira.

Getariako itsasargia
Getariako itsasargia