Itzuli orri osora

Adan Igartza jauregia

FITXA

Izena: Adan Igartza jauregia

Herria: Ispaster

Helbidea: Atea, Z/G

Auzotegi: Arropain

Eskualde: Lea-Artibai

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Jauregia

Mendea: XVIII

hiribildua.Época: Aro Berria

Estiloa: Barrokoa

Eraikintza Data: 1710

Beste Izenak: Zubieta jauregia

Autorea: Martin de Zaldua

Lea ibaiaren ertzean dago Adan Igartza jauregia, Ispasterren, Arropain auzoan. Etxegunetik erabat bakartua dago, harresiak ditu inguruan, eta bi ate eta erreka besterik ez ditu kanpora irten ahal izateko. Jauregia hor kokatu izanak argi erakusten du nobleen eta handikien mentalitatea aldatu egin zela, eta, Italiako joeren eraginez, izadiarekin eta ingurumenarekin gozatzeko beste modu bat nagusitu zela.

Igartza jauregian barruko patio edo etxarte batetik abiatzen da antolamendu guztia. Lau hegal angeluzuzen ditu, bi eta hiru solairukoak eta elkarri atxikiak. Eraikitzeko eskema horretatik sortu zen multzoa Euskal Herriko monumentalenetako bat da.

Alde nagusiaren erdialdea kanpandorre batek hartzen du, eta kanpandorrearen alboetan kubo formako bi dorre ditu. Kareharri grisa du hormetan, ingurutik ekarria; oso horma landuak dira, arkitektura zibilean aurki daitezkeen onenetakoak.

Alde nagusiko erdiko ardatzaren apaindura ugariek kontrastea egiten dute dorreen eta eraikinaren gainerako zatien soiltasunarekin. Harresietan ez da agertzen apaindurarik, eta baoen markoetan plaka lauak daude. Dorreetan ageri diren bi armarriek apurtzen dute eremu horien klasizismo hotza.

Erdiko gorputzean edo atalean ikusten da apaindura gehien. Sarbideak -beheko solairuan- moldura konplexuak ditu, dinteletan batik bat. Bigarren solairuko baoak ere moldurak eta apaindurak ditu, sarbideak bezala, baina haiek baino konplexuagoak dira. Goiko kanpandorreak San Migelen harrizko irudi barrokoa du, eta aipatu ditugun baoak baino konplexuagoa da. Kanpandorre horrek floroi bat du goialdean, eta ia dorreen pareraino iristen da.

Harrizko erlaitz bat ere badu, oso irtena, eta fatxada guztia hartzen du horrek. Jauregiaren estalkian, mantsardak nabarmentzen dira (ez dira oso ohikoak Barroko garaiko euskal arkitekturan).

Adan Igartza jauregia