Itzuli orri osora

Pasaiako portua

FITXA

Izena: Pasaiako portua

Herria: Pasaia,Donostia,Errenteria,Lezo

Eskualde: Oiartzualdea

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Kaia

Tipologia Zehatza: Kaiak, ontziak eta ontzigintza

Deskripzioa gaur egun:

Bizkaiko Golkoan ondoen babestuta dagoen portua da inolako zalantzarik gabe. Donostia, Pasaia, Errenteria eta Lezo udalerriekin egiten du muga. Sarrerako ubideak 80 eta 120 metro arteko zabalera dauka, 1.200 metroko luzera eta 10 metroko sakonera. Hondoa harea eta hareharrizkoa da.

Oso ongi komunikatuta dago. Errepidez N-1ekin eta Bilbo-Behobia autobidearekin loturak dauzka, eta burdinbidez Hendaia-Madrilekin.

Portuko osagai interesgarri ia gehienak Herrerako kaian, denetan zaharrenetakoan, aurkitzen dira: portale garabiak, biltegiak, depositu frankoa, Portuko Batzordearen lantegiak... Kokagune horretatik aparte daude draga, ur depositua eta Portuko sarrerako baliza argiak.

Datu historikoak:

Barra arazorik ez da izan, urak bokalean 20 metroko sakonera baitu, baina estua delako denborale egunetan eragozpenak aurkitzen dituzte ontziek portu barrura sartzeko; haatik, eragozpen horien ondoren, ordainez, ura bare-bare egoten da barruko "aintziran".

Agirietan datorrenez, portuan lehenbiziko obrak XVI. mendean egin ziren. Dena dela, gauza jakina da lehendik ere bazirela hor eraikin batzuk. 1869an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Pasaiako Portuko Batzordea sortu zuen; hurrengo urtean, Madrilgo Gobernuak probintziaren esku utzi zuen portua. Ondoko urteetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak azpiegitura lanak egiteari ekin zion, trafikoaren gehitze gero eta handiagoari aurre egiteko.

Karlista Gerrateak ekarri zuen krisiaren ondorioz, 1876tik 1902ra arte sozietate berri baten esku utzi zen portua, kudea zezan; kapitalari eta zuzendaritzari zegokienez, frantses izaera aski nabarmena zuen sozietateak. 1893an, orduko bukaturik zeuden Herrera, Avanzado eta Trasatlantico kaiak.

1927an berriro Estatuaren esku geratu zen portua. Portuan zituen ondasun guztiak Estatuari eman zizkion behialako sozietateak. Estatuak hartu zuen ordu arte egindako eta gerora egingo ziren obra guztien ardura, eta Estatua bihurtu zen ondasun guztien erabiltzaile. Portuaren administrazioa ordea, Lan Batzordearen esku utzi zen.

Sarrerako ubidea, instalazioak eta administrazio eraikin berriak eraikitzen gogotik saiatu zen Batzordea. Horrez gainera, 10 portale garabi erosi ziren.

1940an hasi ziren badia alderik alde dragatzen. Hurrengoan hasi ziren Pasai San Pedroko arrain kaia eraikitzen, alabaina 1960 aldera arte ez ziren funtzionatzen hasi ainguraleku izateko Antxon egin ziren lehen instalazio handiak. 1.000 metro luze zen ainguralekuak eta 10 metro sakon.

1970eko hamarraldian eraiki ziren Lezoko Erriberako kaiak eta San Pedro eta Trintxerpeko arrain nasak ; horiez gainera, sarrerako ubidean, arroka dragatu zen eta, hori dela eta, handik aurrera 190 metroko luzera eta gehiago zuten ontziak sar zitezkeen portuan.

Urteak joan eta urteak etorri asko hobetu dira instalazioak, eta benetan bikaina da portuko grua hornidura.

Ekoizpen prozesua:

XX. mende hasieran orekan zeuden karga eta deskarga: hots, sartzen eta irteten zen merkantzia kopuruari zegokionez, ez zen alde nabarmenik, alabaina aurki hasi zitzaion deskarga kargari nagusitzen eta, horrenbestez, Pasaiako portua, batez ere, merkantzi hartzaile bihurtu zen.

1940 aldera ikatz trafikoa zen gailen portuan, sartzen-irteten zen guztiaren %45; petrolio produktuen trafikoa, aldiz, %10 ere ez zen. Gerora, ordea, petrolio produktuen trafikoak gora egin zuen, ikatzarenari gailenduz; azkenik, ikatz trafikoa berriro biziberritu egin da, portuko zentral termikoan indarra sortzeko behar-beharrezkoa baita ikatza ausarki izatea.

Txatar, produktu siderurgiko landu, zementu, potasio ongarri, beribil eta beste batzuen trafikoa ere garrantzi handikoa da. Tradizio handikoa eta garrantzizkoa izan da arrain sarrera ere baina, egun, bere hartan egoera jakin batean dago, egonkor alegia.

Gipuzkoako ekonomiarekin oso zerikusi handia izan du Pasaiako Portuak. Dauden datuen arabera Estatu espainoleko bosgarrena da Pasaiakoa.

Pasaiako portua
Pasaiako portua