Itzuli orri osora

"palacio" upategiak

FITXA

Izena: "palacio" upategiak

Herria: Guardia

Eskualde: Arabako Errioxa

Herrialde: Araba

Tipologia Orokorra: Ardogintza

Tipologia Zehatza: Elikadura eta edariak

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Beste Mendeak: XIX

Eraikintza Data: 1894

Gaur egungo deskripzioa:

"Palacio" Upategiak Logroñoranzko A-3210 errepidean daude, Eltziegoko bidegurutzean. Antzinako upategiak zaharberritzen ari dira egun, hotel-konplexu bat egiteko, kafetegi, hotel, gonbidatuen etxe, erakustareto, ardogintzaren museo txiki bat eta abarrekin. Pabiloi zaharren ondoan 1972an eraiki ziren beste batzuetan egiten da ardoa gaur egun.

Datu historikoak:

Cosme Palacio y Bermejillok upategi bat proiektatu zuen Biasterin, eta 1894an eraiki zen. 1901ean, filoxera zela eta, Duero ibaiaren ertzeko finka batera eraman zuten, Peñafieldik gertu, eta bertan Vega Sicilia ardoak abiatu zituzten. 1970 arte upategia familiaren esku egon zen, baina orduan, instalazio guztiak modernizatzeko prozesuarekin bat eginik, sozietate anonimo bilakatu zen. Etxe amerikar baten kontrolpean egon eta gero, 1987an, zuzendarietako batzuek erosi egin zuten. Bere historiaren zati handi bat "Palacio" muztioari oso lotuta egon zen, hura baitzen produktu nagusia, berez sendabide gisa erabiltzen zena, baina 1985ean ardo beltzak hartu zuen nagusitasuna.

Ekoizpen prozesua:

Bere mahastien hedadura hamar hektarea baino ez da eta, ondorioz, bere beharrak ase ahal izateko, Biasteri inguruan mahatsa eta ardoa erosi behar izaten ditu. Behin mahatsa bildu eta gero, zuria eta beltza bereizten dira, eta beltza, era berean, mahastiaren adinaren arabera sailkatzen: 15 urte, 15-30 urte, eta 30 urte baino gehiago (kalitatez, onena). Bildutako mahatsa mahastietatik upategira eraman eta lakoetan deskargatzen da. Lako horiek lehen harlanduz eta ondoren betoiz egindako depositu handi batzuk dira, eta bertan mahatsa zapaltzen da. Ateratzen den pasta dolareetan prentsatzen da, baina prentsatu aurretik txortenak kentzen dira, ardoa garratz gera ez dadin. Ondoren, muztioa lehen zurezkoak ziren eta gero betoi armatuzkoak diren upel handi batzuetan sartzen da, 8-10 egunez, irakin dezan. Hartzidura amaitu eta gero, sifoi batzuen bidez, ardoa haritzez egindako barriketara eramaten da, non, behar bezala ondu dadin, lehen baino motelago hartzitzen den; eta zuloetan sartzen da, ardoa hezetasun eta tenperatura mailarik egokienean gordetzeko.

Zuloan dagoen bitartean ontziz hiru aldiz aldatzen da, martxoan, ekainean eta, azkenik, irailean, ardo egin berrian hainbat gai egoten delako esekita, hura zikintzen eta arretzen dutenak. Azkenean, arrautza freskoen zuringoarekin argitzen da. Egunero egiten den zeregin bat barriken zuloetan kandelak sartzea da, kontrargitan, zumitzen bat askatu den edo matxurarik dagoen ikusteko.