Itzuli orri osora

Senokozuloko itsasargia

FITXA

Izena: Senokozuloko itsasargia

Herria: Pasaia

Eskualde: Oiartzualdea

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Itsasargia

Tipologia Zehatza: Itsasargiak

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Eraikintza Data: 1909

Autorea: Joaquin Arguedas

Deskripzioa gaur egun:

Malkar batean dago itsasargia, itsasoaren gainetik 55 metrora, Senokozuloko eta Gurutzeko punten artean. Pasai San Pedron hasten den errepide estu batetik abiatu eta, bokalearen ertzetik, mendiaren malda zeharkatuz joan daiteke bertara. Kilometro bat egin ondoren, 164 maila, egoera kaskar samarrean daudenak, igo ondotik, eraikinaren sarrerarekin egingo dugu topo. Nahi izanez gero, bertan geratu gabe, aurrera gorantz egin dezakegu Platako itsasargira doan errepidera iritsi arte: horrek ere Senokozuloko itsasargira eramango gaitu.

Eraikin ilun, hits eta bustia da, eta eguzki printzek ez dute negu osoan inoiz zoko hori jotzen. Eraikin angeluzuzena da, solairu bakarra du, harriak okre kolorekoak dira, eta dorre prismatikoa itsasoari buruz dagoen fatxadari atxikita dago. Linterna berariaz zuriz margotuta ageri da, hondo berdearen gainean nabarmentzeko.

Etxebizitza bakarra dauka; horrez gainera, makinen eta tresnen gela dago. Tresna gela horretan, itsasargiari dagozkionaz gainera, bokalearen alderdi honetan buiak jartzeko beharrezkoak direnak daude, eta Platako itsasargiarentzat estualdietarako ekipo elektrogenoa.

Datu historikoak:

Pasaiako portura sartzeko ahoa seinalatzeko hor zegoen lehendik ere Platako itsasargia, alabaina, gauez, eguraldi txarra egiten zuenean batik bat, arrisku handikoa zen portuko sarrera. Bokaleko bihurguneak eta punta zorrotzak ekiditeko maniobra askotxo egin behar izaten zen, argirik ere ez baitzegoen nondik nora jo jakiteko; praktikoak berak ere larri asko ibiltzen ziren eta, sarri, argiontziak piztu behar izaten zituzten Gurutzeko puntan.

1909an inauguratu zen, eta proiektuaren egilea Joaquin Arguedas izan zen. Eraikina jasotzeko ardura Cruz Eizagirreri eman zitzaion enkantean. 26.865 pezetan egingo zuela hitzeman zuen, baina, azkenean, 35.639,67 pezeta kosta zen guztia.

Ekoizpen prozesua:

Itsasargiaren egitekoa argi mota berriekin osatu da: bata, ontziei norabidea seinalatzekoa, itsasargiaren atzean jarri da, Gurutzeko puntaren iparraldeko isurialdean, eta bestea, posiziokoa, Senokozuloko kai muturrean. Hastean, bi metroko diametroa zuen linterna zilindriko bat kokatu zen bertan. Petrolio lanpara baten eta 700 mm-ko norabide-beira optiko baten bidez produzitzen zuen argitasuna, zeinaren inguruan jira-biraka ibili ohi zen errodamenduen gainean pantaila joko bat, erloju makineria batek eraginda.

1933an sartu zen indarra, eta lanpara goritu bat 60 wattekoa jarri zen. Horren ordez, geroago, beste bat jarri zen, 250 wattekoa. Gaur irratifaro bat dauka 90 km-ko irispidea duena.

Senokozuloko itsasargia
Senokozuloko itsasargia
Senokozuloko itsasargia