Itzuli orri osora

Santa klarako itsasargi zaharra

FITXA

Izena: Santa klarako itsasargi zaharra

Herria: Donostia

Eskualde: Donostia-Beterri

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Itsasargia

Tipologia Zehatza: Itsasargiak

Mendea: XIX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Eraikintza Data: 1864

Deskripzioa gaur egun:

Uharte malkartsu bat da Santa Klara, eta Igeldo eta Urgull mendiek eratzen duten badiaren erdian dago. 400 metroko luzera dauka, iparralde-sortalde eta hegoalde-sartalderantz begira dago. Uhinak kontra lehertzen direlako uharteak hiriari babesa ematen badio ere, itsasaldetik porturatzeko asmotan heldu diren ontziei traba egiten die. Hiritik uhartera milia bat hortxe nonbait dago eta donostiarren atsedentoki bihurtu da, izan ere, portuan ontziratu eta, uhartearen hegoaldean dagoen portu txikian aingurak botata, bertan geratzen da jendea egun pasa.

222 metro luze, 2 metro zabal eta %25 aldapa duen kamio batetik igotzen da itsasargiaren ate ondoraino. Hasieran, eraikinak beheko solairua bakarrik zuen, angeluzezena bera, lau angeluetan lau gela zituela: bata ingeniariarentzat, bestea dorrezainarentzat eta bi zernahi gauza gordetzeko. Baina berehala erantsi zitzaion beste solairu bat, ordu arte ez bezala, bati ez baizik bi dorrezaini eman zitzaien lana eta.

Dorrea, zilindrikoa, kare haitz urdinxkaz egina, iparraldeko fatxadari atxikita dago, eta bere barne diametroa 1,50 metrokoa da eta kanpo diametroa 2,60koa. Barruan burdinurtuzko eskailera bat du gora igotzeko; itsasargiko tresnari eusten dion zutabea eskaileran bermatuta dago

Manposteriazkoak da eraikina eta zarpeatuta dago. Zokaloak , angeluak, atearen zangoak eta erlaitza Mutrikuko kareharri landuz eginak dira.

Datu historikoak:

Santa Klara itsasargiaren obrak enkantean eman ziren, 1863an, eta horren aurrekontua 122.231,75 errealekoa izan zen, eta optikoarena 21.224koa. 1864an hasi zen lanean. Gain-gainean jaso zen, behialako ermitaren hondakinen ondoan.

Ekoizpen prozesua:

Hasiera hartakoa 6. mailako itsasargia zen, 187,5 mm-ko tresna zuen Lepaute etxekoa. Linterna bat zeukan, zortzi aldekoa, eta bere argi txuri etengabeak 9 miliako irispidea zuen. Dorrezain bat arduratzen zen guztiaz eta oliba olioz egiten zuen argi. Horren ordez, metxa bateko parafina eta petroliozko bat jarri zen 1883an.

1916an kliska egiten zuen argia ipini zen, hiruko multzotan, eta hori jira-biraka zebiltzan pantaila batzuen bidez lortzen zen. Optikoaren sistema aldatu egin zen 1943an, oso hondatuta baitzegoen, eta haren ordez beste bat ipini zen, petrolio gorituz presiorik gabe argi egiten zuena, baita 373 mm-ko Sautter tresna ere.

Itsasargia elektrifikatu eta automatizatu egin zen 1962an, eta orain ohi duen bezalaxe lau segundoero distiratzen hasi zen, 12 miliako irispidearekin. Ordu arteko optikoaren ordez danbor berri bat ipini zen. Geroenean sei lanparako sistema bat sartu zen, distiratzailea eta mugatzailea, edozein buiatan ohi den bezala, izan ere, duen irispideagatik ezin da esan itsasargi baten ezaugarriak dituenik. Igeldoko itsasargiko dorrezainak behar den guztietan joaten dira Santa Klarakoa zaintzera, hango teknikariak arduratzen baitira uhartekoaren arazo guztiez.

Santa klarako itsasargi zaharra