Itzuli orri osora

"Santa Ana de Bolueta"

FITXA

Izena: "Santa Ana de Bolueta"

Herria: Bilbo

Auzotegi: Bolueta

Eskualde: Hego Uribe

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Burdingintza

Tipologia Zehatza: Burdingintza

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Beste Mendeak: XIX

Eraikintza Data: 1841

Gaur egungo deskripzioa:

"Santa Ana de Bolueta" galdategia Urgaibain dago, Begoñako elizatean, Ibaizabal ibaiaren eskuinaldean. Bilboranzko Errege Bidearekin eta Boluetako Zubi Berriarekin ditu mugak. Oinplanoa labe garaien bloke nagusiaren inguruan dago eratuta, ur kanalaren ardatzaren arabera, baina anarkiko samarra da. Fabrikaren esparrua hesituta zegoen, eta bertan aurki daitezke lantegiak, biltegiak, gasometroa, ikaztegiak, nagusien eta langileen etxebizitzak, ermita bat bere sakristiarekin eta beste espazio batzuk lorategi eta baratzeekin. Esparrutik kanpo, berriz, bi etxalde zeuden, eta, horrez gain, enpresak hainbat meategi zeuzkan, hala nola Aurora, Felicidad, San Antonio, San Pedro, San Andres eta San Blas izenekoak, Ollargan meatzekoak, faktoriaren aurrean bertan, baina ibaiaren ezkerraldean.

Datu historikoak:

1841ean sozietatea eratzeko eskritura izenpetu zen. Sozietatearen ondasunak Tristan Legizamonek 1469an sorturiko maiorazkotik zetozen, eta honako hauek ziren: Palazioa izeneko etxe bat, Labea izeneko beste bat, bi errota, ermita izandako eraikin baten hormak, Martinete burdinola eta ikaztegiak, eta horiei zegozkien presa eta kanalak. 1846an fabrika autonomoki hornitzea erabaki zuten eta, horretarako, egur-ikatzez funtzionatzen zuen labe garai bat egin zuten, produkzio kostuak murriztea eta enpresaren instalazioak zabaltzea ekarri zuena. Meaz hornitu ahal izateko Ollargango burdin meategiak erosi zituzten, fabrikaren oinean bertan. Labe garaian erabiltzen zen egur-ikatza Bizkaiko eta inguruko ikazkinei erosten zitzaien, baina azkenean Araba, Nafarroa eta Burgosko mendietan egur basoak erosi zituzten. Garai hartan oso obra garrantzitsuak egin ziren, horien artean Arenalgo Zubi zaharra.

1849an, sozietate anonimoak arautu zituen legearen ondorioz, fabrika likidatu eta birmoldatu egin zen, eta "Socios de Bolueta" izena hartu zuen. 1860an elikadura mistoko beste bi labe eraiki zituzten: egur-ikatza eta harrikatza erabiltzen ziren. 1880an Sozietate Komanditario bilakatu zen, eta enpresaren izena "Mazas y compañía" zen. Izen horri 1886. urtea arte eutsi zion, berriro ere "Santa Ana de Bolueta" deitu zen arte, hain zuzen. 1896an Boluetako zentral elektrikoa jarri zen martxan zeinak, fabrikaren ur saltoaz baliatuz, argiztapen elektrikoa asetzeko lain ematen zuen. Zentral horri eskerrak, gas bidezko indarra indar elektrikoaz ordezkatu zen, eta indarra fabrikara zein hirira zabaltzen zen. Zentralak 1908a arte funtzionatu zuen. 1928an "S.A. Fundición Bolueta" eratu zen, ijezketa zilindroak egiten zituena. Urte askoan "Santa Ana de Bolueta" eta "S.A. Fundición Bolueta" enpresek espazio fisiko bera okupatu zuten baina, gaur egun, "S.A. Fundición Bolueta" fabrika zaharraren tokian dago, eta "Santa Ana" beste leku batera joan zen. "Fundición" enpresak egiten dituen zilindroak ezinbestekoak dira ijezketa trenei dagokienez.

Ekoizpen prozesua:

"Santa Ana de Bolueta" faktoria integral bat da, antzinako burdinolarekiko zeukan menpetasuna eten eta ekoizpen prozesua hasi eta buka egiteko gauza zena. Enpresak behar zituen lehengai guztiak zeuzkan eskura. 1885 aldera, bertako instalazioetan urtero 35.000 kintal metriko fundizio pieza eta makineria desberdin egiten zen, eta habeak, balkoiak... Iltzeak eta burdineria ere egiten zuten. Hori guztia egiteko egur-ikatzezko hiru labe, pudelatzeko zazpi labe, birberotzeko hiru labe, bi ijezketa tren zilindroekin eta bigarren fusiorako eta moldeaketarako hiru kubilote.