Itzuli orri osora

Roblako trena

FITXA

Izena: Roblako trena

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Trenbidea

Tipologia Zehatza: Trenbideak eta funikularrak

Mendea: XIX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Eraikintza Data: 1894

Deskripzioa eta datu historikoak:

Bizkaitar siderurgia hasi berriak ikatz ugari kontsumitzen zuen, eta hura gehienbat inportatu egiten zen, izan ere, Asturias eta batez ere Leon eta Palentziako meatokiak, garraio sistema egokirik ez zegoenez, ustiatzen zailak ziren. Ondorioz, Robla eta Balmaseda bitartean meategietako garraiorako burdinbide bat eraiki eta ustiatzea erabaki zen.

Bilbon "Compañía del Ferrocarril Hullero de la Robla a Balmaseda" eratu zen, eta bertan bizkaitar industrialari eta finantzari handiek hartu zuten parte. Berehala ekin zitzaien lanei eta 1894an dagoeneko trena martxan zen. Bidearen zabalera, errailen barrualde bitartekoa, metro batekoa izan zen. Errailak beti altzairuzkoak izan ziren, eta jatorrizkoak, 1890ekoak, Labe Garaien Sozietatean eginak ziren, eta haien ondorengoak, berriz, aurrekoa ordezkatu zuen Bizkaiko Labe Garaien Sozietatean. Burdinbidearen obrak amaitutakoan meategiak bete-betean ustiatu ahal izan ziren, eta horrek, era berean, burdinbidearen zirkulazioa bizitzea ekarri zuen.

Ondorioz, eskaintzen zen zerbitzua hobetzearren, Balmaseda eta Lutxana bitartean beste trenbide bat eraikitzea erabaki zen, Lutxanan Bizkaiko Labe Garaien fabrikarekin eta itsasadarreko kaiekin lotzeko eta, horrenbestez, Bilbo-Santander bidea erabili beharrak zekarren mendekotasuna saihesteko. Lotura berria 1902an hasi zen zerbitzua ematen.

Roblako trenbidearen beste asmoa zen Leoneraino iritsi ahal izatea. Horretarako "Industrias y Ferrocarriles" izeneko beste enpresa bat eratu zen, geroago Roblakoaren sozietatean integratuko zena, eta 1923an Leon-Matallana tartea inauguratu zen; azken puntu horretan batuko zitzaion Roblakoari. Operazio horrek Bilbo eta Leon bitartean bidaiarien garraioa gauzatu ahal izatea ekarri zuen (hitzarmen baten bidez, Roblako treneko bidaiariek Santander-Bilbo trenaren Concordiako geltokia erabiltzen zuten).

Bizkaiari zegokion tartean, burdinbidea Kadagu ibaiaren arabera artikulatu zen, eta horri jarraitu zitzaion etengabe, bi aldiz zeharkatzen zuelarik, Sodupen eta Arbuioko zubibidean, zeina 1978an eraitsi zuten. Gaur egun, trenbidearen kaxa bere horretan ikus daiteke, Zalla-Balmaseda tartean izan ezik, Kadaguaren Korridorea egiteko hainbat gunetan desagerrarazi egin baitzuten.

Bien bitartean, 50 urteetara arte, merkantzien trafikoa, batez ere ikatzarena, etengabe hazi zen. Baina mendearen erdialde horretan kamioiak lehiatzen hasi ziren, eta ikatza indarra galtzen, petrolioaren deribatuak buru-belarri sartu baitziren.

1972an "Ferrocarriles de La Robla" enpresak trena ustiatzeari utzi eta hura FEVEren eskuetara igaro zen; 90eko hamarkadan erabat utzi zitzaion merkantziak zein bidariak garraiatzeari.

Lantegi eta biltegi nagusiak Balmasedan jarri zituzten, eta gaur egun geltokia eta errail eta obretako biltegiak aurki daitezke zutik. Zalla, Sodupe eta Irauregiko geltokiak, beste erabilera batzuk eman zaizkienez, egoera onean gorde dira.

Roblako trena
Roblako trena